Dokumentuaren akzioak
Ireki da Biarritzen Soka erakusketa
Gaurtik aurrera zabalik ditu ateak Euskal Kultur Erakundeak antolatutako Soka euskal dantzaren urratsei jarraiki erakusketak Biarritzen. Soka-dantza batekin ireki zen euskal dantzaren iragana, oraina eta etorkizuna aztergai dituen erakusketa Santa Eugenia elizpean.
Zer da euskal dantza? Zergatik ez da eten dantzaren soka zaharra Euskaldunen herrian? Nola egiten da soka-dantzan globalizazioaren eta komunikazioaren aroan? Dantzatu al du emakumeak edo dantzatua izan al da? Zaharregia al naiz dantzatzeko? Galderak jarri ditu erakusketak mahai-gainean, eta dokumentazio, argazki, bideo eta multimedia artxibo multzo zabalaren bidez nork bere erantzunak bilatzeko modua eskaintzen du. Dantza euskal gizartearen ispilu eta eragile bezala ulertuta kultura jendartera zabaltzea helburu duen erakusketa hau.
Robert Capa ezagunak 1951an Saran egindako argazkien 5 erreproduzkio ikusteko aukera eskaintzen du eta baita Euskadiko Filmategitik berreskuratutako zenbait altxor eta Frantisek Pospisil eta Jean Michel Guilcher ikertzaileen irudiak ere. Multimediak eskaintzen dituen baliabideetan oinarrituko da erakusketa ibiltaria izateko pentsatua dago, eta Biarritzen estreinatu ondoren Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat herritan ikusteko aukera izango da datozen hilabeteetan.
Lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) aurkeztuta, erakusketak bisitaria bost eremu tematikoren inguruan darama eta eremu tematiko bakoitzean erakusketaren gaiarekin zerikusia duten multimedia osagaiak kontsultagarri ditu: 400 ilustrazio baino gehiago (artxibo bideoak, elkarrizketa zatiak, soinu zatiak eta artxibo irudiak), zazpi bideo sorkuntza original, bai eta Sokarentzat eginak izan diren argazki andana bat ere.
Euskal dantzaren izaera eta eta historia, dantza eta gizartea, sorkuntza eta transmisioa, generoa eta adina... hamaika dira erakusketaren gaiak eta denek bisitaria euskal dantza eta gizartearen tematikaren barnera eramaten dute, hauen ezagutza zabaldu eta gogoetara bultzatuaz. Urriaren 11 bitartean Biarritzeko Santa Eugenia elizpean izango den Soka erakusketa.
Dokumentuaren akzioak