Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Soka erakusketa, euskal dantzari eskainitako begirada zabala Donostian

Dokumentuaren akzioak

Soka erakusketa, euskal dantzari eskainitako begirada zabala Donostian

2016/02/02 10:00
Soka erakusketa, euskal dantzari eskainitako begirada zabala Donostian

Soka erakusketan Biarritzen, 2015-09-10. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan.eus CC BY-SA

Otsailaren 4an irekiko ditu ateak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Soka, Euskal Dantzaren Urratsetan erakusketa ibiltariak. Euskal kultur Erakundeak ekoiztuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostia 2016 Fundazioarekin partaidetzan, Soka euskal dantzari buruzko multimedia erakusketa da. Apirilaren 2a arte bisitatu ahal izango da KMko Ganbara aretoan. Erakusketa asteartetik larunbatera zabalduko dute (11:00-14:00 / 16:00-20:00) eta igande eta jai egunetan itxita egongo da. 

Soka erakusketa Biarritz 2015 soka-dantza 94
Soka-dantza Soka erakusketaren inaugurazioan Biarritzen, 2015-09-10. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan.eus CC BY-SA

Erakusketarekin batera, eta Iparraldea Bertan programarekin lotuta, hainbat jarduera antolatu dira, hitzaldiak, bisita gidatuak eta dantza saioak besteak beste. Maritzuli konpainiak Nundik nora hitzaldi-dantza-ikuskizuna eskainiko du, Xabier Itzainak hitzaldia emango du, Juan Antonio Urbeltz eta Oier Araolazaren eskutik bisita-gidatua egingo da erakusketan, Donostialdeko dantza taldeen euskal inauteria bertatik abiatuko da, Zarena zarelako eta Bilaka taldeek dantza emanaldiak eskainiko dituzte, e.a. 

Biarritzen estreinatu da Soka erakusketa 2015eko irailean, eta erakusketa ibiltaria izango da datozen hilabeteetan, hainbat herri bisitatuz: Donostia, Hazparne, Bilbo, Donibane Lohizune,... Euskal dantzaren izaera eta eta historia, dantza eta gizartea, sorkuntza eta transmisioa, generoa eta adina... hamaika dira erakusketaren gaiak eta denek bisitaria euskal dantza eta gizartearen tematikaren barnera eramaten dute, hauen ezagutza zabaldu eta gogoetara bultzatuz. 

Bolant dantzariak XX. mende hasieran

Lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) aurkeztuta, erakusketak bisitaria bost eremu tematikoren inguruan darama eta eremu tematiko bakoitzean erakusketaren gaiarekin zerikusia duten multimedia osagaiak kontsultagarri ditu400 ilustrazio baino gehiago (artxibo bideoak, elkarrizketa zatiak, soinu zatiak eta artxibo irudiak), zazpi bideo sorkuntza original, bai eta Sokarentzat eginak izan diren argazki andana bat ere.

Robert Capa ezagunak 1951an Saran egindako argazkien 5 erreprodukzio ikusteko aukera eskaintzen du Soka erakusketak eta baita Euskadiko Filmategitik berreskuratutako zenbait altxor eta Frantisek Pospisil eta Jean Michel Guilcher ikertzaileen irudiak ere.

Soka erakusketa eta Iparraldea Bertan dantzan egitaraua

Erakusketarekin batera hainbat jarduera antolatu dira dantzaren inguruan, hitzaldiak, dantza-saioak, bisita-gidatuak, e.a. Hona programa osoa:

  • Otsailak 4, osteguna, 19:00 Donostiako Euskal Inauteriaren konpartsak Koldo Mitxelena Kulturune parean izango du abiapuntua 
  • Otsailak 4, osteguna, 19:30 Soka erakusketaren inaugurazioa Koldo Mitxelena Kulturunean, Ganbara aretoan. 
  • Otsailak 11, osteguna, 19:30 Hitzaldia: Euskal Herriko artxiboak munduan gaindi: nola eskura gure oroimen kolektiboa? Jakes Larre eta Maite Deliart (EKE-ko kideak)
  • Otsailak 18, osteguna, 19:30 Mintzaldi-ikuskizuna: Nundik nora? Maritzuli Konpainia. 
  • Otsailak 25, osteguna, 19:30 Soka erakusketaren bisita gidatua, Juan Antonio Urbeltz eta Oier Araolazarekin. Koldo Mitxelena Kulturunea: Ganbara aretoa.
  • Martxoak 3, osteguna, 19:30 Hitzaldia: Tamburinaren gizartea: Ipar Euskal Herriko ohidura dantzatuen historia sozial baten alde. Hizlaria: Xabier Itzaina, CNRS-Centre Emile Durkheim, Sciences po Bordeaux. Koldo Mitxelena Kulturunea, Areto nagusia. 
  • Martxoak 12, larunbata: 12:00 Herrikoa dantza ikusgarria Zarena zarelako konpainiaren eskutik. (Euria eginez gero, Donostia-2016 egoitzan, Easo kalea 43an)
  • Martxoak 19, larunbata: 12:00 Leihotik dantza ikusgarria, Bilaka dantza taldearen eskutik / (Euria eginez gero, Donostia-216 egoitzan, Easo kalea 43an)
  • Martxoak 31, osteguna: 19:30: Dantza Ganbara, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregik gidatua.

Soka erakusketa: 2016ko otsailaren 4tik apirilaren 2a arte, Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean, Ganbara aretoan. Erakusketa asteartetik larunbatera zabalduko dute (11:00 - 14:00 / 16:00 - 20:00) eta igande eta jai egunetan itxita egongo da. 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.