Alaia Cachenaut: “Emazteen rola ez da pasiboa izan”
Emakumeen rolak eta haien aldaerak Uztaritzeko kaskarotetan azken 50 urteetan zein izan diren azaldu dizkigu Alaia Cachenautek; aldi berean, azken hamarkadetan nesken dantzatzeko eskubidearen alde garatu diren aldarrikapen eta erresistentziak aztertu ditu. Antropologian doktoregaia da eta bere doktoretza tesian lantzen ari den gaia ekarri digu Dantzan Topaketetara. Sukaldetik plazara: nesken dantzarako aldarrikapenak Uztaritzeko kaskarotetan izenburupean, ikertzaileak hurbilpen teorikoa proposatu du, bere tesiaren ildo nagusiak aurkeztu ditu
Abiapuntua eta kultura eskubideak
Kaskaroten egitura eta funtzionamendua azaldu ditu lehenik. Eskelariak (hiru pertsonaiaz osatutako taldea), ikurrinalaria, kaskarotak eta musikariak biltzen dituen taldea da, eta inauteri garaian hiru astez etxez etxe ibiltzen dira eskean eta “han sortzen dira jateko, edateko, trukatzeko, festa momentuak”. Testuinguru horretan kokatzen du Uztaritzeko kasua, bere ikerketaren oinarri nagusi gisa. Izan ere, Lapurdiko azken herrietakoa izan da kaskarotetan nesken integrazioa onartu duena, 2023ra arte taldea ez baitzen mistoa. Berezitasun horrek ahalbidetu dio kaskarotak eta kultura eskubideen arteko harremana aztertzeko markoa eratzea.
Emakumeen parte-hartzea kultur eskubide gisa ulertzen du; honela jasotzen da eskubide hori 1948ko giza eskubideen aldarrikapen unibertsal gisa: “pertsona orok komunitateko kultura bizitzan libreki parte hartzeko, arteez gozatzeko eta aurrerapen zientifikoan eta horren ondoriozko onuretan parte hartzeko eskubidea du”. Hortik abiatu du ikerketa, “xerkatzen nuelarik oraindik nola kultura eskubideak aztertu Euskal Herriko sorkuntza artistikoetan, hori izan baitzen emana izan zitzaidan tesi gaia”.
Uztariztarra, emakumea eta dantzaria izanik, barrutik bizi izan du prozesua, beraz, esperientzia zuzena eta ikerketa uztartu ditu. Horrela, barne ezagutza eta analisi akademikoa elkartu ditu ikerketan.
Emakumeen rola eta erresistentzien bilakaera
Azaldu du emazteen rola ez dela asko deskribatua edo ia ikusezina izan dela XX. mendeko azterlanetan eta horren ondorioz, haien rolaz oso gutxi dakigula nahiz eta emakumeak hor izan. Hala ere, dantzan izan ez baziren ere lekukotasunek erakusten dute emakumeak atzeko lanetan aritzen zirela: jantziak prestatzen, sukaldean edo antolaketan laguntzen.
Eta pixkanaka dantzan parte hartzeko aldarrikapenak eta erresistentziak hasi zituzten. 1970eko hamarkadatik aurrera aldaketa batzuk badaude ere, genero-banaketa nabarmena zen. Hala ere, emakumeak musikari aritu izan dira eta neska bat eskelarietan ere sartua izan zen mutiko faltagatik, molde gordetuan eta aldarrikapenik gabe. 1990eko hamarkadan, aldarrikapenak indartzen hasi ziren eta neska dantzariek parte hartzeko eskubidea eskatzen hasi ziren. Aukera eman ezean, batzuek beren orduko rolari uko egitea ere jarri zuten mahai gainean, “ez dugu sukaldatuko, nahi dugu ere bai parte hartu, nahi dugu dantzatu”. Hala ere, sarri “murru baten aurrean” topo egin zutela dio Cauchenautek jasotako testigantza batek.
2003an, Uztaritzeko kaskarotetako elkarteko kide batek, musikaria izanik, proposamen bat aurkeztu zuen neskek taldean parte har zezaten, eskaera hau elkarteari formalki bidalita. 2012an, neska gazteentzako dantza sorkuntza berezi bat sortu zen, kaskaroten antzeko ateraldi bat ukan zezaten neskek. Aldaketarik ez zela ikusiz, erresistentzia forma batzuk ere agertu ziren: herritar batzuek taldeari ez harrerarik egitea erabaki zuten neskak kaskarotak izan arte, esaterako.
Nola askatu da korapiloa?
2022an eman zen urrats garrantzitsua: neskei kaskarotetan leku bat egiteko proiektuari bozka eman zitzaion, eta baiezkoa atera zen.
Cauchenatek dio mintzaldian saiatu dela erakusten emazteen hainbat testigantza ekarrita ikusten dela haien rola ez dela beti pasiboa izan, “Uztaritzeko kasuan neskei leporatzen baitzitzaien ez aski borrokatzea haien lekua hartzeko”. Ikerketan ikusi du emakumeek modu propioan hainbat ekimen gauzatu dituztela beren lekua aldarrikatzeko; betiere herriko harreman eta belaunaldien arteko zaintza mantendu nahian eta gatazkak saihestuta.
Amaitzeko, gaur egungo egoera ere aurkeztu du: “2022an kolektiboki onartu zen neskek parte hartzea, nahiz eta eztabaida batzuk egon herrian. Ordutik helduen taldea mistoa da. 2026ko inauterietan, lehen aldiz, neska txikiak ere kaskarotetan ibiliko dira mutikoekin batera, eta helduen taldeak ere ibilbide berriak gehituko ditu, herriko auzo guztiak bisitatuz”.
Dantzan Topaketak 2025
- Jon Sarasua: “Herriak gorputzetik pasatzen duen kulturaz ari gara”
- Julen Agirre: “Euskaraz aritzea esaten dugunean ez da bakarrik hitz egitea”
- Ixone Aroma: “Garrantzitsua iruditzen zaigu ikastetxean ikasten den hori plazan egitea”
- Alaia Cachenaut: “Emazteen rola ez da pasiboa izan”
- Arabako dantza taldeen argazkia: konpromisoa, kezkak eta erronkak
- Patxi Montero: “Dantza zaletasuna landu behar da, hori gabe hurrengo guztiak ez dauka lekurik”
- Dantza irakasleen gaikuntzen korapiloa mahai gainean