Dokumentuaren akzioak
Jean Michel Guilcherrek euskal dantzarioi utzi digun ondarea
Euskal dantzei buruz, 1984. urtean argitaratutako La Tradition de danse en Béarn et Pays basque français liburukotea (700 orr.), Ipar Euskal Herriko dantzen bibliatzat jo izan dute ikertzaile eta dantza-maisuek, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako dantzak ezagutzeko iturri oparo eta agortezina gertatzen ari da.
1962 eta 1976 bitartean ibili zen euskal dantzak ikertzen Jean Michel Guilcher eta Ipar Euskal Herria herriz herri eta dantza-maisuz dantza-maisu aztertu zuen. Bere ikerketa lanen osagarri zenbait dantza filmatu zituen, gaur egun altxor izugarri direnak guretzat. Adibidez, 1972n Barkoxen hartutako irudi hauek, non Alexis Picotchet eta Pierre Üthurry ikus daitezkeen, XX. mendeko lehen zatian dantzari bikainak, eta ondoko belaunaldien maisu izandakoak. 80 urte zituen batak eta 79 besteak aitzina pika eta ostalerrak Guilcherren kamerarentzat dantzatu zituztenean.
Dantza ikertzaile sistematikoa
Bretoia zen Jean-Michel Guilcher. Saint-Pierre Quilbignon-en jaio zen 1914ko irailaren 24an. Natur Zientziak ikasi zituen, eta gizon heldua zen dantzaren ikerketan hasi zenean. Azken urteotan, ikusmena ia-galdurik zuen arren, lanean segitu du, bere seme-alaben laguntzarekin, dantza ikertzaile eta irakasleak baititu Naïk, Mône eta Yvon seme-alabak.
1962 eta 1976 bitartean Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaiko Baztanen egin zituen ikerketak. Bilketa-lana burutzeko egonaldi luzeak egin zituen Euskal Herrian bere familiarekin. Euskal Herrian egindako ikerketen emaitza 1984. urtean argitaratutako La Tradition de danse en Béarn et Pays basque français liburuan argitaratu zituen.
Nolanahi ere, bere bibliografia osoa euskal dantza ikertzeko iturri aberatsa, euskal dantza europar testuinguruan kokatu baitzuen. Xabier Itzainaren arabera, Guilcher izan zen, Juan Antonio Urbeltzekin batera, euskal dantzak sistematikoki ikertzen hasi zen lehen ikertzailea.
Euskal dantzariak zorretan
Jean Michel Guilcherren lanaren xehetasunari esker, euskal dantzen ezagutza zabal, sakon eta zorrotza izan dugu euskal dantzariok. Idatziz egindako lan mardulaz gain, filmazio zenbait ere egin zituen Guilcherren Euskal Herrian, eta horri esker altxor harrigarriak ditugu. 2006an, Barkoxen egindako ekitaldi batean, Mone Guilcher-ek ekarritako hainbat filmazio ikusteko aukera izan zen. Ondorioz, hainbat dantzarik, Arno Bordazarre Etxahun-Irurin semeak adibidez, bere burua dantzan ikusi zuen 50 urte ondoren.
Euskal Herriko dantza-komunitateak behin baino gehiagotan egin izan dizkio aitortzak Guilcherri eta bere lanari. Esaterako, 2011n omenaldia egin zitzaion Uztaritzen. Aitortzarekin batera, zenbait inauterik ondare izendapena jasotzea zen ekitaldiaren helburua. Eskaera sendotzeko oso garrantzitsuak izan ziren Guilcherren ikerketen ondorioak, dantzak duen ondare izaera agerian uzten dutenak.
Guilcherrek 100 urte bete zituen 2014an, eta ospakizun gisa, jardunaldi zientifiko batzuk egin ziren Frantziako Creteille herrian. Han izan zen Jon Iruretagoiena dantza-maisua Dantzan.eus-erako kronikak egiten, eta agerian geratu zen Guilcherrek egindakoaren moduko lanak ikerketa-ildo zabalak irekitzen dituela.
2015ean berriz, ehungarren urtemugaren ospakizuna Euskal Herrira heldu zen. Dantzan Ikasik jardunaldia eskaini zion Donostiako San Telmo Museoan egindako ekitaldian. Gonbidatu berezia izan zen bertan, Naïk Raviart, Jean Michel eta Helen Guilcherren alaba, dantza tradizionalaren ikertzailea bera ere, eta aitaren lanari segida eman diona Mône eta Yvon anai-arrebek bezala. Xabier Itzainak elkarrizketatu zuen Naïk, eta segidan Euskal Herrian 70eko hamarkadan egindako hainbat grabazio ikusteko aukera izan zen. Thierry Truffaut, Claude eta Jon Iruretagoiena, eta Xabier Itzainak berak emanandako hitzaldietan nabarmendu zuten ikertzaile bretainiarraren ekarpena.
Aste honetan bertan, Jean Michel Guilcherren ekarpena aztergai izango da Patxi Perez-ek Dantzan Ikasin eskainiko duen Mutxikoen bilakaerari buruzko hitzaldian. Izan ere, Guilcher familiak transmititutako ezagutzak konpartituko ditu Patxi Perez-ek bertan, dantza-jauzien dantzakeran egon den bilakaera aztertuz. antolatu du. Ostiral honetan bertan, martxoaren 31an, Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean, arratsaldeko 19:00etan izango da Patxi Perez-en hitzaldia.
Guilcherren berri dantzan.eus-en
Jean Michel Guilcherren ekarpenaren inguruko kronika, elkarrizketa eta artikulu hauek dituzue eskura dantzan.eus-en:
- Jon iruretagoienarenak Guilcherri Creteilen egindako jardunaldi-omenaldiko kronikak:
- Formazioa eta ikerketa hastapenak (1)
- Dantza ez da liburuetan ikasten den gauza bat (2)
- Seme-alabek ekarri zuten dantzaren irakaskuntzara (3)
- Desagertu den gizarte bat dantzan (4)
- Dantzaren historia eta gizartearen bilakaera (5)
- Tradizioa: taldea eta norbanakoa, iraupena eta aldaketa (6)
- Xabier Itzainak elkarrizketa luzea eta sakona egin zion 2008an.
- Mone Guilcherrek 2006an Barkoxen aurkeztutako 70eko hamarkadan Zuberoan egindako zenbait grabazio ere argitaratuta daude Dantzanen. Zenbait zuberotar dantza-maisu ageri dira irudiotan, aintzineko puntuak eta beste hainbat dantza egiten.
Jean Michel Guilcherren argitalpenak
1960, « L’aire neuve en Basse-Bretagne », Arts et traditions populaires, 8e année : 158-164.
1963, La tradition populaire de danse en Basse-Bretagne, Paris-La Haye, Mouton & Co.
1969a, La contredanse et les renouvellements de la danse française, Paris-La Haye, Mouton & Co. Réédité [2003] sous le titre La Contredanse, un tournant dans l’histoire française de la danse, Bruxelles, CND-Complexe.
1969b, « André Lorin et l’invention de l’écriture chorégraphique », Revue d’histoire du théâtre III : 256-264.
1970, « L’enseignement militaire de la danse et les traditions populaires », Arts et traditions populaires, janvier-septembre 1970 : 1-56 [article co-écrit par Hélène Guilcher]
1971, « Aspects et problèmes de la danse traditionnelle », Ethnologie française, 1, 2 : 7- 48.
1975a, « Les conditions de la culture traditionnelle en Aubrac », in L’Aubrac, tome V : Ethnologie contemporaine III, Paris, CNRS : 19-30.
1975b, « Les danses de l’Aubrac », in L’Aubrac, tome V : Ethnologie contemporaine III, Paris, CNRS : 293-359.
1984, La tradition de danse en Béarn et Pays Basque français, Paris, Éditions de la Maison des sciences de l’homme.
1989, La Chanson folklorique de langue française, Créteil, Atelier de la Danse Populaire.
1995, « A la découverte de la danse bretonne », Ar-Men n°67a, 14-27.
1997, « L’apport de Patrice Coirault à une recherche d’aujourd’hui », in Joseph Le Floc’h (dir.), Autour de l’œuvre de Patrice Coirault, actes du colloque des 24-25 novembre 1994, St-Jouin de Milly, FAMDT éditions, collection Modal-Poche, 1997 : 16-25.
2009, Danse traditionnelle et anciens milieux ruraux français. Tradition, Histoire, Société, Paris, L’Harmattan.
Dokumentuaren akzioak