Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantza, txori bistan

Dokumentuaren akzioak

San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantza, txori bistan

Seigarren aldia izan du aurten San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantzak Iruñean. Martxelo Sotes-ek, ezpata-dantzarion kofradiako idazkariak bazkalburuan ohartarazi zigun bezala, 6a zenbaki berezia da eta beraz, seigarren kronika hau berezi egin nahi izan dugu, alturakoa. Beti eguraldia hizpide, txintxarri hotsak, bat eta beste... Ikuspuntu ezberdina emanen diogu aurtengoari, beraz, gure buruzagiaren kapelak duen txoritxoaren begietatik ikusiko dugu aurtengo ezpata-dantza (ahal den neurrian, behintzat).

Goizeko 11:30etan zintzo-demonio, bandera dantzatuz eman genion hasiera bideari. Angel Leza banderazainak astindu zuen goxoki aurten estreinatu dugun bandera, Iruñeko udal txistulari bandaren doinupean. Izan ere, aurten gonbidatu bereziak izan ditugu Mintxo Garaikoetxea, Mikel Aranburu, Eiande Aranburu eta Alex Martinez udal txistulariak (baita bertan egon ezin izan zuten Alejandro Martinez eta Miguel Tollar ere).

EDSF_007 (1)EDSF_009 (1)

 

Banderaren azpitik korrikatu-eta (aurten istripurik gabe), ezpata-dantzari guztion zortzikoarekin ekin genion Santo Domingo aldaparen igoerari, inoiz baino metro gehiago eginez, zubirik-zubi, gora eta behera.

EDSF_012 (1)

Arnasestuka heldu ginen San Ferminetako entzierroetan korrikalariek gainditu ezin duten marra gorriaren parera eta troparen zortzikoa errepikatu ondotik, Amaia Irigoien, Leire Leza, Amaia Visus eta Ainara Ranera kapitainek eta Aritz Ibañez buruzagiak belauntxingoa dantzatu zuten San Ferminen begiradapean. Eta berriz aldapan gora! (Oraintxe ari gara ohartzen, akaso zergatik hautatu genuen inkonszienteki San Fermin ALDAPAKOAREN eguna ezpata-dantza egiteko)

EDSF_018 (1)

Eta zubiak zubien ondotik...

EDSF_022 (1)EDSF_023 (1)EDSF_024 (1)

Eta segi aitzina... Beti aitzina!

EDSF_027 (1)EDSF_041 (1)

San Fermin Aldapakoaren kaperara heltzean, txoritxoak pausa hartu nahi izan zuen, gurekin bat. Dantzariek piper-opila eta moskatela dastatu zuten, txoritxoak hondar piper-opil apurrak. Eliza atariko mahaitxoan pausatuta ikusi ahal izan zuen nola egiten zion Leire Martinez zerbitzariak eskaintza San Fermin txiki mairuari, gu guztion partez.

EDSF_035 (1)

Kapitain eta buruzagiaren bigarren zortzikoaren ondotik, jendetzaren artean abiatu ginen berriz, aldapan goiti, aldapan beheiti.

EDSF_038 (1)EDSF_044EDSF_042 (1)EDSF_043

Halako batean, dantzariren bat ohartu zen txoria ere goiti eta beheiti zebilela, harat-hunat! Eta beste gainontzeko dantzariei oharra pasa!

EDSF_049

Harrapatua izanaren izuz, txoriak alde egin omen zuen. Ez genuen gehiagotan ikusi, behintzat. Hartara, prozesioa bukatu eta udal plazan egin genuen saio nagusia. Bazterretako jendea uxatu behar izan genuen tokia egiteko, ezpatekin oinarria egin genuen, bandera berriz dantzatu (tokia egiteko ere, kasik), buruzagia goratu, kapitainek dantza, oinarria desegin eta ospa!

EDSF_058EDSF_060EDSF_065EDSF_068

Udal plazako jendetza atzean utzi eta gure egoitza inguruko bakardade goxora hurbildu ginen. Etxekoen aitzinean dantzatu zuten buruzagiak eta zerbitzariak haien belauntxingoa.

EDSF_071

Eta horren ondotik, gure sokakoak eskuz-esku elkartu eta irradaka dantzatuz eman genion akabera seigarren aldi eder honi ere!

EDSF_078

... hurrengo urtean berriz!

  • Baditugu gain-gainetik hartuak izan ez ziren argazki gehiago ere eta hemen dituzue ikusgai! (Argazkiak Luisito Ardanazenak dira)

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.