Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Gari Otamendi Zein da dantzaren funtzio politikoa?

Dokumentuaren akzioak

Zein da dantzaren funtzio politikoa?

2015/02/26 09:30
Zein da dantzaren funtzio politikoa?

Toberak Irisarrin 1937

Antton Lukuk iazko abenduan Donostian emandako hitzaldi baten harira, azken boladan askori entzun eta irakurri dizkiot dantzaren izaera politikoari buruzko hausnarketak. Aritz Ibañez eta Xabier Etxabe dantzariek testu oso interesgarriak idatzi dituzte Dantzan.eus webgunean, eta Info7 irratian bertan ere dantzaz eta politikaz aritu ziren hizketan Joanes Etxeberria eta Ariane Kamio.

Argia dantza-taldean hasi eta gutxira entzun nion esaldia lehen aldiz Juan Antonio Urbeltzi: “Guk egiten dugun jarduera funtsean politikoa da”. Ordutik pasa dira urte batzuk eta sarritan entzun dut atzera esaldia. Entzuten dudan bakoitzean berresten dut baieztapena.

Kontrakoa uste dutenak ere badaude. Dantza eta, oro har, artea edukiz hustutako estimulu estetiko bat besterik ez dela diotenak, gizarte likidoan igerian gustura dabiltzanak. Baina hori ere jarrera politiko bat da. Antzeko zerbait gertatzen da hauteskundeetan: asperduragatik edo edozein motibogatik, botorik ematen ez duenak ez du politikaz paso egiten. Kontzientziarik gabe bada ere, postura politiko bat hartzen ari da.

Dantzak izaera politikoa du beraz. Hurrengo pausua da gizartean betetzen duen funtzioa zehaztea. Gustu eta kolore guztietako ideologia eta pentsamoldeak daude horretarako, baina ideologien xextra gorabehera, garrantzitsua da dantzaren dimentsio politikoaz jabetzea.

Euskal Herriaren historia hurbilean tresna politiko garrantzitsua izan zen dantza. Hizkuntzaren etengabeko debekuek bestelako adierazpideak jorratzeko beharra ekarri zuten. Gaur egun ere, bizi dugun performance-protesten garaian, dantza da jarrera baten aldeko edo aurkako indarra eta batasuna erakusteko tresna sendoenetako bat. Funtzio bat betetzen segitzen du.

Dantzaren funtzio politikoaz aritzeko, Ainhoa Larrabe kazetariak Joxe Azurmendi filosofoari Berria egunkarian duela aste batzuk egindako elkarrizketan esandakoak ekarri nahi nituzke gogora.

Besteak beste, kontrajarrita aurkezten dizkiguten bi nazio-kontzeptu aipatzen zituen Azurmendik. Zibikoa batetik, demokratikoa eta liberala; eta etnikoa bestetik, arrazista, irrazionala eta erromantikoa. Esan beharrik ez dago gaur egun konotazio positiboa duela zibikoak, eta negatiboa etnikoak, eta etnikotasun horretan sartu ohi gaituzte euskaldunak, Zaldi Eroren zintetan gizon jakintsuak hezi beharreko gizarte tribala.

Testuinguru horretan, eta kalte adina mesede egin digun herentzia militantearen inertziarekin, euskal dantzen modernizazioari ekin diogu, hiriko kea titaniozko moketa baten azpian ezkutatu nahi lukeen hiri baten moduan.

Tranpa zera da: zibikoa eta etnikoa kontrajarrita aurkezten zaizkigula, eta horrek behartzen gaitu bietako bat aukeratzera. Gainera, bat ona eta bestea txarra izatearen zama moralarekin. Eskema horren barruan, Euskal Herriko dantzarien artean urte luzez indarrean egon da dantza modernizatu beharraren eztabaida antzua.

Zama hori gainetik astinduta, belaunaldi bakoitzeko dantzariek erabaki dezakegu, edo erabaki behar genuke, zein funtzio betetzen duen dantzak gutako bakoitzari, hiritar eta herritar garenoi, bizitzea egokitzen zaigun gizartean.

Horregatik da dantza, ezinbestean, jarduera politiko bat. Ardura horren kontzientziarekin, geure burua eta geure gizartea eraikitzeko bidean, izan gaitezen protagonista aktiboak.

Info7 irratia, 2015eko otsailaren 19an

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Gari Otamendi

Gari Otamendi

Añorga, 1980

Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean. 

Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.