Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Jose Inazio Sarasua: herria dantzan jarri zuen gizona

Dokumentuaren akzioak

Jose Inazio Sarasua: herria dantzan jarri zuen gizona

2018/10/03 07:40
Jose Inazio Sarasua: herria dantzan jarri zuen gizona

Euskal Herriko Mendizale Federakundearen 74. urteurreneko ekitaldian, Elgetan (1999ko maiatzaren 23an).

Aita Donostiak esana zuen dantzaren arauak eta estiloa tradizioz gorde izan direla eta, “su sakratu hori bizirik irautearen erantzulea”, ia beti, txistularia izan dela. Jose Inazio Sarasua Garatek bere egin zuen ardura hori. Dantzaren transmisioan danbolinteroek, ttunttuneroek izandako garrantziaz jakitun, erantzukizun horri bere tresna onenekin heldu zion: konpromisoarekin, lanarekin eta pasioarekin.

Etxeko sukaldetik zekarren Jose Inazio Sarasuak kultura, euskara eta euskal tradizioekiko zaletasuna. Zaletasuna eta konpromisoa. Edozein alorretan ondo bete beharraren kontzientzia jaso zuten etxean, eta euskal kulturan are gehiago. Amaren ama, amama Maria Juaristi, abertzalea eta idazlea, Errepublika garaian “Mirentxu” ezizenez hainbat idazlan euskaraz argitaratutakoa zen. Maria Juaristik garaiko euskaltzaleekin zituen harremanak eta haiek etxera egiten zizkioten bisitak miresmenez jarraitzen zituzten etxeko mutil koskorrek. Amamaren bidez ere, Errezilgo Granada baserria eta bertan jaiotako Inazio Eizmendi “Basarri” bertsolari eta idazlea, edo Zegamako Atxukarroren museo etnografikoa, euskal kulturara lotzen zituen memoriaren mapan iltzatu ziren sarasuatarrentzat.

Jose Inazioa Sarasua
Jose Inazioa Sarasua, 1965.

Dantzan hasi, txistulari segi

Dantzari hasi eta txistulari segi, gaztetxo hartu zituen lehen txistulari ardurak Jose Inazio Sarasuak. 1970eko hamarkadatik aurrera, dantzariak eta txistulariak non, Elgoibarko Izarra elkartearekin, Haritz dantzari taldearekin, Gazte Alaiak txistulari taldearekin edo Udal Txistulari Bandarekin, han izaten zen Jose Inazio Sarasua. Lezioa ondo estudiatuta, gozo jotzeko ongi trebatuta, ardurak etxean ikasitako erantzukizunarekin betez.

Garaiotan euskal kulturak bizi zuen bizi-pozak bere adierazpena zuen Elgoibarren. Elgoibarko Izarrak bultzatuta, euskal musika, kantu, antzerki eta dantza emanaldi jendetsuak eskaintzen ziren Odeon antzokian. Aukera berriak probatu eta nazioartean modan ziren eredu artistikoak euskaraz eskaintzeko saiakerak ugaritu ziren. Haritz dantzari taldeak ere ahalegina egin zuen ordu arteko errepertorioa eta aurkezpen motak berritzen, eta 1977an eskainitako jaialdia dantzariekin ari ziren txistularientzat ere erronka gertatu zen. Txistulariak beste tresna batzuk erabiltzen hasi ziren, fanfare ereduarekin saiatu ahala, biolin, txirula, bonbardino, esku-soinu eta perkusio mota desberdinen gidaritza premia sortu zen, eta saltsa berri hori zuzentzen aritu zen Jose Inazio.

Gazte Alaiak Elgoibar
Gazte Alaiak txistulari taldea olentzerorekin, 1971.

Dantza taldearen zuzendari

1980ko hamarkadako lehen urteetan errepikatu ziren Odeoiko dantza jaialdiak. Jaialdi horiek antolatzeko Jose Inazio Sarasuak dantzariekin zuen lankidetza gero eta estuagoa zen. 1983tik aurrera, dantzarien prestakuntza fisikoaz arduratzen zen Lurdes Odriozola dantzariarekin harremana hasi zuen.

Dantzari taldean makalaldi bat sumatuta, 1985. urtean, bere burua aurkeztu zuen dantza taldea zuzentzeko. Lurdes Odriozola, dantzaria eta dantza irakaslea neska-laguna zuen Jose Inaziok une hartan, eta tandem bikaina osatuz, dantza taldearen gidaritza beren gain hartu zuten. Ordu arte, hamabost urtez, dantza saioen prestaketa, entsegu eta antolaketa lanak txistulariaren behatokitik jarraitu ondoren, taldearen zuzendaritza hartu zuenerako ongi pentsatuta zituen lan egiteko modu berriak.

Lan diziplina zorrotza ezarri zuen dantza taldean, entseguetan puntualtasuna, arreta eta isiltasunaren bidez lanerako giroa bultzatuz. Lurdes Odriozola dantza irakasle lanetan hasi eta dantzarien mugimenduaren definizioa garbitu eta zehazten hasi ziren. Euskadiko Kutxa-Caja Laboralean egiten zuen lan Sarasuak eta, lanetik irten eta arratsaldero, dantza taldea, txistulari banda eta mendi federazioaren antolaketa lanetan jarduten zuen buru-belarri.

Jose Inazio Sarasua
Elgoibarren, Erramu igandeko prozesioan.

Entseguan landuko ziren dantzen doinuak ongi prestatuta, entsegu-gelara iristen lehena zen bera, eta hasiera ordurako dena prest egoteaz arduratzen zen: ur botilak dantzarien egarria asetzeko, erretxina ez irristatzeko, partiturak musikarientzat,... dantzarien dutxarako xaboia ere erosi eta prest uzten zuen aldageletan. Lehen aldiz dantzara agertzen zen dantzari bakoitzari oinetako zenbakia galdetu, eta entseguetarako txapinak ematen zizkion, eta taldeko kamisetak entseguetan erabiltzeko. Dantzan aritzeko baldintzarik onenak egon zitezen arduratzen zen. Elgoibarko kiroldegian dantza gela handi eta egoki bat erabiltzen zen: dantzarako oso aproposa zen egurrezko lurra, ispilu eta barraz ongi hornitua, eta aldagela eta dutxa txukunekin.

Lurdesek entseguetako beroketak hasi, eta Juan Karlos Larreategi, txistulari-kide eta lagun banaezinarekin, dantza-gelaren kanpoaldean txistua berotzeari ekiten zioten. Beroketak bukatu orduko, bi danbolinteroak dantza gelan sartu, dantzarien aurrean jarri eta txistua eta danbolina distiratsu jotzen hasten ziren, Lurdesek dantza ariketak eta urratsak zuzentzen zituen bitartean.

Lanaren emaitza

Jose Inaziok ez zuen dantzarien lanaren xehetasun bat bera ere galtzen. Exijentzia maila altua zen: dantzarien mugimendu bakoitzean kontzentrazioa, indarra, zehaztasuna, kontrola, definizioa, musikalitatea, koordinazioa eta bateratasuna eskatzen zituen, eta edozein unetan dantzarien erantzuna apalagoa sumatzen bazuen, txistua jotzeari utzi, entsegua eten eta bizi-bizi egiten zuen errieta.

Dantza taldearen transformazioa erabatekoa izan zen. Prestaketa fisikoan, teknikoan, taldearen koordinazioan, mugimenduen, urratsen, dantzen barneratzean eta interpretazioan jauzi kualitatiboa egin zuen Haritz dantzari taldeak, eta jendaurreko agerraldietan ez-ohiko distira erakusten hasi zen. Dantza taldea, dantzariak, hazi egin ziren denbora gutxian. Ziurtasun handiarekin ateratzen ziren plazara, eta zuzendariak transmititzen zien konfidantzarekin aritzen ziren dantzan.

Jose Inazio Sarasua eta Felix Ansola
Udalak Ansola anaiei egindako omenaldian (1982), Felix Ansolari garaikurra oparitzen, Elgoibarko Txistulari Taldeko zuzendari moduan.

Dantza taldearen emanaldiak ikusmina eta lilura eragiten zuten bai herrian bertan, eta baita herritik kanpo ere. Baina eskaera handituta ere, Sarasuak nahiago zuen erakustaldiak ongi neurtzea eta prestatzea. Dantza erakustaldietan bilatzen zuen perfekzio maila bermatzeko emanaldi laburrekin lan egitera jo zuen. Hainbat talderen dantza saioak ikusita ohartu zen errepertorioa zabaldu eta dantza saioa luzatu ahala intentsitatea jaitsi eta akatsak agertzeko arriskua areagotzen zela. Dantzari taldea hogei minutuko saio borobilak egiteko prestatu zuen, hasi eta buka, tentsioa eta distira goian mantentzea bilatuz.

Elgoibarko dantzariak Gure Dantzak ikuskizunean
Elgoibarko dantzariak Gure Dantzak ikuskizunean, 1996. Argazkia: Jesus Mari Juaristi

Antolatzaileen eskaerei erantzun harrigarriak ematen zizkien Sarasuak. Ordubeteko saioa eskatu, eta hogei minutuko, edo gehienez ordu erdikoa eskaintzean hanka aldatuta harrapatzen zituen. Zalantza erdia sumatu orduko bertan behera uzten zuen akordioa. Izan ere, emanaldi kopurua ongi neurtzen saiatzen zen, bakoitza propio ongi prestatu ahal izateko batetik eta taldearen freskotasuna mantentzeko bestetik. Emanaldi bakoitzean ikusleengan ez-ohiko zirrara sortzea lortzen zuen horrela.

Euskal dantza emanaldien inflazio handia ezagutua zen bera eta, baldintza kaskarretan egindako hainbat saiok dantzariekiko errespetua zartatzen zutela sinesten zuen. Haritz dantzari taldearen jende aurreko agerraldi bakoitza, dantzariei, dantzari berari, txistulariei eta txistuari duintasuna itzultzeko ahalegina zen Jose Inazio Sarasuarentzat.

1999_Udal-Txistulari-Banda-Elgoibar-dantzan-156U_Julian-Azkue-Intxausti_preview.jpeg
Elgoibarko Udal Txistulari Banda, 1999. Argazkia: Julian Azkue

Soka-dantzari lotutako ibilbidea

Jose Inazio Sarasuak ondo zekien Haritz dantzari taldearen sorrera San Bartolome festetako aurreskuari lotuta zegoela. 1970eko hamarkada hasieran, Elorra dantza taldeak bere ibilbidea eten zuenean, aurreskuaren sokari segida emateko batu ziren dantzariek sortu zuten Haritz. Herriko festen egutegian soka-dantza hori zen Elgoibarren ageri zen dantza erritual nagusia eta, udal agintarien eta herritarren aurrean dantza ekitaldi hori goratzen jarri zituen lehen indarrak. Baita lortu ere, dantzarien eta txistularien prestantziak festa egun handiaren sinbolo bihurtu baitzuen aurreskua.

Dantza taldearen zuzendaritza hartu orduko dantzaren munduan zituen kontaktuak eta miresten zituen taldeetako arduradunekin harremanetan jarri zen. Hiru dantza talde zituen begiz jota: Donostiako Argia, Portugaleteko Elai Alai eta Galdakaoko Andra Mari. Hiru taldeekin harremanetan jarri, eta haiekin hainbat dantza, emanaldien prestaketari buruzko argibide eta antolaketa modu ikasi zituzten elgoibartarrek. Elai Alai-ren laguntzarekin, Elgoibarko I. Nazioarteko Folklore jaialdia antolatu zuen Jose Inazio Sarasuak 1987an.

Jose Inazio Sarasua, Lurdes Odriozola, Urbeltz
Jose Inazio Sarasua eta Lurdes Odriozola Urbeltzi buruzagi makila oparitzen, 1985. Argazkia: Julian Azkue

Caja Laboraletik ezagutzen zuen Juan Antonio Urbeltz, eta gertutik jarraitzen zuen Urbeltzek zuzentzen zuen Argia dantzari taldearen lana. Haritz dantzari taldearen zuzendaritza hartu zuen garaian Irradaka ikuskizuna eskaini zuen Argiak. Hunkituta gogoratzen zuen Jose Inaziok emanaldi hura. Ikuskizun haren oihalaren atzean gortina ireki eta ixten egoteko aukera izatearekin ere zoriontsu izango zela esaten zuen. 1988an Frantziako Confolens-en ospatzen zen Nazioarteko Folklore Jaialdian Euskal Herriaren dantza gaualdia zuzentzeko enkargua jaso zuen Argia dantzari taldeak, eta Juan Antonio Urbeltzek Haritz-eko dantzari eta musikariak gonbidatu zituen ehun lagunetik gorako taldea osatzera. Horrela hasi zen Haritzen parte hartzea Zortziko ikuskizunean, Argiaren ondorengo programa guztietan jarraipena ekarri duen lankidetza abian jarriz.

Haritzeko dantzariak Argiaren Kondharian ikuskizunean
Haritzeko dantzariak Argiaren Kondharian ikuskizunean, Arriaga, 1997-06-28.

Herriari emana

Herriari zor zitzaion dantza taldea Sarasuaren ustez, eta beraz, San Bartolome egunaz gain, herriko zenbait auzo eta festetan dantza taldearen parte hartzea eskatuz gero, lehentasun erabatekoa eman ohi zien ekitaldi horiei. Auzoetako festa txikienetan ere, hiriburuko antzoki arranditsuan adinako ardura eta maitasunarekin bilatzen zuen dantza emanaldiaren perfekzioa. San Bartolome eguneko soka-dantza izan, Nazioarteko Folklore Jaialdia, hiriburuetako antzokietan Argiaren emanaldiak izan edo San Migel baserri auzoetako festetan izan, jendaurreko edozein agerralditan azken xehetasun txikiena ere aurreikusi, zaindu eta antolatzen zuen: jantziak, musika, errepertorioaren egokitasuna, erritmoa, espazioaren antolaketa, soinu ekipoa, aurretiko komunikazioa, testigantza grafikoa jasotzea, komunikabideen islada,...

San Roke soka-dantza
San Roke soka-dantza, 1997-08-16. Argazkia: Jesus Mari Sarasua

1996a ekitaldiz betetako urtea izan zen Elgoibarren. Kilometroak, ikastolen festa handia ospatu zen herrian, eta Jesus Mari Sarasua antolaketa batzordean burubelarri sartuta aritu zen, eta behingoz, tokiak aldatuta, anaia gaztearen laguntzaile Jose Inazio anaia nagusia. Urte berean herriaren fundazioaren 650. urteurrena ospatu zen. Batean eta bestean, ekitaldiak eta protokoloak kudeatzen lan handia egin beharra tokatu zen, eta ikasi ere asko ikasi zuten. Ordurako, herriko agintariak ere, gainontzeko herritarrak bezala, ohartuta ziren edozer ekitaldi antolatzen eta kudeatzen apartak zirela Sarasuatarrek, eta harrezkero hainbat ekitaldi instituzional eta herritarren antolaketan jardun zuten.

Bi urte geroago, Haritz dantzari taldearen 25 urteurrenean, herriko beste taldeekin zein Trikitixa Elkartearekin eta Euskal Herriko Txistulari Elkartearekin batera jaialdi apartak antolatu zituzten, besteak beste Gelatxori eskainitako omenaldi gogoangarria. Txistulariak eta dantzariak jendaurrean duintasunez agertzean, herritarrek euskal kulturaren alor horrekiko noizbait izandako begirunea berreskuratzen jarri zuen indarra Jose Inaziok. Horretarako, agerraldi bakoitza mimoz zaintzeaz gain, atzera begiratu eta transmisioa posible egin zutenak balioan jartzeari garrantzia handia ematen zion. Elgoibarren dantzaren eta txistuaren alorrean aurretik jardundakoen ezagutza zuen, eta bereziki Haritz dantzari taldearen 25 urteurrena baliatu zuen horiei aitortza egiteko, bai plazan egindako omenaldien bidez eta baita Elgoibar Dantzan liburuan utzitako idatzizko testigantzaren bidez ere.

Ardurak eta lanak

Alor desberdinetako jendearekin erraz konektatzen zuen Jose Inazio Sarasuak, edozein proiektutan sartu eta inplikatu egiten baitzen, eta gainera, eraginkortasun harrigarriz. Oso gaztetatik erakutsi zuen ardurak hartu eta aurrera eramateko gaitasuna. Gazte-gaztea zela hasi zen udalarekin harremanetan, txistua, musika, dantza, festak eta beste hainbat alorretan antolaketa lanak bere gain hartuz. Konfidantza transmititzen zuen, berak ardura hartzen zuen gaietan gauzak ziurtatuta geratzen baitziren ongi bideratuko zirela.

Argiako eta Haritzeko dantzariak
Zangotzan Rokamador dantzari taldeak gonbidatuta Argiako eta Haritzeko dantzariak.


Elgoibarko Klub Deportiboan entrenatzaile jardun zuen gaztetxoekin, Juan Mugerza Nazioarteko Krossean esatari Anjelo Iriondori jarraipena emanez, Gabon Zahar ferian musika jartzen,... Euskal Herriko Txistulari Elkartea idazkari jardun zuen, eta Euskal Mendizale Federazioko idazkaria izan zen urte askotan, besterik gabe mendizaleen elkarteko presidentea, Pako Iriondo elgoibartarra zelako, eta Jose Inaziok Elgoibarko Txistulari Bandaren bulegoa konpartitzeko aukera eskaini ziolako. Ordena eta diziplina behar ziren saltsa guzti horietan aritzeko eta gainera bikain aritzeko, eta bazeukan hori Jose Inazio Sarasuak.

Dantzaren sustapenean lagundu nahirik, 90eko hamarkadan dantza garaikide programazio aberatsa bultzatu zuen Elgoibarren. Traspasos, Con Buen Pie, Damian Muñoz eta garaiko euskal konpainia nagusiek hainbat emanaldi eskaini zituzten Herriko Antzokian. Josu Mujika dantzari eta koreografo herritarrak, Europan burututako ibilbide profesionaletik bueltan ikuskizun berriak plazaratzeko babesa jaso zuen Sarasuarengandik. Ondoren hainbat sari eta nazioarteko errekonozimendu jasoko zituen Marta Carrasco koreografo katalanaren lehen bi lanak, Aiguardent eta Blac d’ombra, Elgoibarrera ekarri zituen Sarasuak, hiriburuetako antzoki handietako arreta bereganatu aurretik.

Jose Inazio Sarasua
Jose Inazio Sarasua, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen 60. urteurreneko alardean.

Jakinmina eta adeitasuna

Jakinmin handikoa zen, eta informatuta egotea maite zuenez, dokumentazioa biltzeko zaletasun handia garatu zuen. Bere interes alorrak, ekonomia, dantza, euskal musika eta euskal kultura nabarmenak ziren, eta horien inguruan argitaratzen ziren lanak, liburuak eta argitalpenak sistematikoki erosi eta kontsumitzen zituen. Gauza bera musikari dagokionez, euskal musika, musika klasikoa, instrumentala…. Erosle eta kontsumitzaile handia zen. Gai horien inguruan prentsan eta aldizkarietan argitaratzen zen guztia egunero bildu, interesa izan zezaketen inguruko guztiei helarazi eta bildumetan gordetzen zuen. Jakinmin eta interes eremu zabaleko gizona zenez beste hainbat gai jorratu zituen bere dokumentazio lanetan. Adibidez, Perestroika edo Guggenheim museoari buruzko hemeroteka bilduma xeheak osatu zituen.

Kontaktuen agenda handia joan zitzaion pilatzen urteen poderioz eta harremanak zaintzeko zuen diziplinaren ondorioz. Zenbat eta zenbat lagunen eta ezagunen urtebetetzeak ote zituen jasota agendan? Ez zuen urtebetetze bat barkatzen. Zenbat lagunek sumatu ote duten beren urtebetetze egunean Jose Inazioren zorion-deiaren falta?

Elgoibarko txistulari taldea
Donostiako Kursaaleko inaugurazioan (1999ko abuztuaren 23an), Elgoibarko Udal Txistulari Taldearekin. Sarasua, ezkerrean. Argazkia: Ramon Ortega

Gazteegi bizitzaren soka-dantza uzteko

Gauzak ondo egiteko borondatea beti nabarmena izan da Jose Inazio Sarasuaren ibilbidean. Anaia Jesus Marik dioenez umetatik zeukan hori Jose Inaziok. Amamak zorroztasuna transmititu zien, baita samurtasuna ere. Lidergo gaitasun handikoa zen Jose Inazio Sarasua, eta horrelakoetan ohi denez, lantalde bikainaz inguratzen jakin zuen: Lurdes Odriozola eta Jon Lizarralde dantza alorrean, eta Juan Karlos Larreategi musika alorrean. Etxean idazkari onena zeukan: ama. Egunean zehar telefono dei guztiak jaso, deitzaile bakoitzaren familia eta osasunaz galdetu eta mezuak zehatz transmititzen zizkion semeari. Anaia Jesus Mariren aholku pausatu eta sakona beti gertu izan ohi zuen, eguneroko zereginen nahasmenean, perspektiba, epe luzerako begirada eskaintzen zion anaiak, eta konfidantza haren irizpide argitasunak eta babesak.

Adinean aurrera zihoanean hasi zen Sokrates dantzan. Edertasuna eta osasuna helburu, gorputza eta arima, biak landu eta garatu behar ziren filosofo greziarraren iritziz. Ohartu zen, gorputzak mugimenduan zebiltzanean gertatzen zirela ederren, eta osasuna, mugimendu horietan hauspotzen zela. Hirurogei urtetik gorako gizona zen ordurako, baina gazteen irri lotsagabeei muzin eginda ekin zion dantzari pentsalariak. Ondotik, bere ikasle Platonek, paideian, hezkuntzaren lapikoan jarritako osagai guztiak ore bakarrean trinkotzeko bikea bailiran baliatu zituen dantza eta musika.

Jose Inazio Sarasuak ez zuen hirurogei urte betetzera itxaron beharrik izan dantzan eta soinulari hasteko. Mutil koskorra zela, zortzi urtekin hasi zen dantzan eta hamaika urtekin txistua jotzen. Sokrates dantzan ikasten hasi zen adinean hil da Sarasua. Sokratesen ikasleek iritzi zioten nagusitxo zela maisua dantzan hasteko, eta hara, Jose Inazion ikasleoi iruditu zaigu gazte, oso gazte, gazteegi utzi dituela Lurreko musikak eta dantzak.

 

Txistulari aldizkaria, 251, 2017 uztaila. abuztua, iraila.

*Eskerrak eman nahi dizkiet Jesus Mari Sarasuari eta Juan Karlos Larreategiri aitortza eta eskertza lerro hauek prestatzerakoan eskainitako laguntzagatik.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.