Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Josu Garate Suinaga Partitzeko tenorea

Dokumentuaren akzioak

Partitzeko tenorea

Jose Inazio Sarasua. Oraindik airean dirau zure azken hatsak. Urrutitxo harrapatu nau. Horretan, zekenki, leiho honen bitartez, faltan dudan azken besarkada eman nahi nizuke, egin behar eta egin eztako pena bideratu nahian. Asko irakurri eta entzun dut zutaz azken egunotan, denak baleko, denak labur; ez nadin errepikatu nire bizipen personaletik. Zure aldarte serioaren atzean ezagutu nuen bestelako pertsonarik, urrunean gertu eta gertutasunean distantzia zaintzaile. Gaztetan, Elgoibar aldera eskutik helduta Haritz EDTra dantzara eraman nindutenean (hauei beste egun batez) parez pare irekita aurkitu nituen ate haien zaindari zinen horrek, lehendabiziko egin zenuen gauza, oraindik agurrik ere egin gabe esango nuke, zapatila zenbakia eskatzea izan zen, ohikoa -gerora jakin nuen noski- zenuen legez. Beste liga bat zen hura! Baina horrek beste gorazarrea eskatzen du...

Urte biziak izan ziren. Astebururo ia-ia dantzan...ai zer plazera! Dantzatzea besterik ez, hura gure ardura bakarra! Arkitektura ikasten nengoen urte haietan Italiara joateko aukera izan nuen ikasketak bukatze aldera. Ez pentsa bueltarik eman ez nionik erabakiari...zer egingo nuen nik dantzaren inguruko mundu haretatik aparte?! Gogoan dut hegaldia atzeratu nuela 1998ko iraila haretako azken egunetan genuen emanaldian egon ahal izateko. Emanaldi berezia zen. Afalostean zuregan hain ohikoak ziren detaile haietako bat oparitu zenidan: denen aurrean zenbait hitz egoki lehenik, Florentziako gidaren bat edo beste gero (batekin nora noa ba?) eta azkenik... Angelo Iriondori -dagoeneko ziur eztabaidan zaudetela, maitekiro- "osolemio" kantarazi zenion! Irribarrea kendu ezinda nabil hauek denak gogora ekarriz. Behin Italian nintzela, gure dantzen inguruko azken berriez ni baino hobeto informatuago zenik ez zen askorik izango Euskal Herrian bertan. Aldiro, hantxe iristen zitzaidan Haritz EDTren 25. urteurreneko logoarekin sobre potoloa, kortesiazko agurrak eskuizkribuz eta gero dantzaren inguruko berrien hemeroteka fotokopia pila! Ze ilusio! "Eta nola liteke?" galdetzen nion neure buruari.

Italiatik bueltan nintzela, zoritxarrez batzuentzat eta zorionez besteentzat (zeuretzako ere seguruenik) dantza taldearen dinamikatik urruntzea erabaki zenuen. Bizimodu berriak hala eskatzen zizun ziurrenik. Aldarte haretan zure ezkontza eguna gogoan dut, eta gogoan dut Enrikek, ni koplize bihurtuta, hurrengo goizean baratze bat oparitu nahi izan genizula balkoipean kantari. 16 urte beranduago berriz pena bat badut bihotzean. Zenbait urtetan zorion egunetako trukea egiten genuen baina hori ere biziaren errekak berarekin eramana zuen azken urteotan.
Zure lorratzak, harrizko bidean gurdiaren gurpilek utzitakoa legez, betiko hortxe gelditu dira. Elizara bidean zinela zeure omenezko txistu hots eta dantzarien arkua zuzentzen ikusi zaitut oraindik! Hamaika buelta eman duen gurpila zara gero -dakizkidanak eta susmatzen ditudanak erdiak balira!- baina horren goraipen eta laudoriorik egin beharrik ez dago eze, berez hitz egiten eta egingo baitute. Nik ez dakit horrenbeste zenbatzen gainera. Orain jakin dut jakin, ordea, nire teilatuan nuen teila horietakoa zinela, behin hortxe jarri zintzaidala oharkabean, eta orain faltan dudala, umezurtz sentiarazten zaituzten hutsune horietakoa. Hitz hauek itogina baretzen lagunduko didatelakoan nago.

Partitzeko tenorea iritsi zaizun honetan, agur.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.