Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jose Inazio Sarasua hil da, Haritz dantzari taldeko zuzendaria izandakoa

Dokumentuaren akzioak

Jose Inazio Sarasua hil da, Haritz dantzari taldeko zuzendaria izandakoa

2017/04/11 08:00
Jose Inazio Sarasua hil da, Haritz dantzari taldeko zuzendaria izandakoa

Jose Inazio Sarasua. Argazkia: Jesus Mari Sarasua.

Elgoibarko Haritz dantzari taldeko zuzendaria izandako Jose Inazio Sarasua (Elgoibar, 1956-2017) hil da 60 urterekin. Txistularia eta kultur sustatzaile zorrotza, Haritz euskal dantzari taldearen zuzendaria izan zen 1985 eta 2000. urteen bitartean, tarte horretan Elgoibarko dantzari taldea maila bikainera eramanez, eta ekitaldi eta emanaldi garrantzitsuetan aurkeztuz.  

Elgoibarko dantza sistema egituratu zuten, Lurdes Odriozolarekin Dantza Eskola sendoa ezarriz Inazio Bereziartua Musika Eskolaren baitan. Argia, Andra Mari eta Elai-Alai taldeekin harremanetan, talde horien eredura hazi arazi zuen Elgoibarko taldea, gaurdaino iraun duten lan-sistemak ezarriz. Argia taldearen ikuskizunetan parte hartuz eta Nazioarteko Folklore Jaialdia Elgoibarren antolatuz, besteak beste.

Gipuzkoako dantzak

Sarasua Urbeltz-i buruzagi makila oparitzen
Jose Inazio Sarasua eta Lurdes Odriozola Juan Antonio Urbeltz-i buruzagi makila oparitzen 1994ko abuztuaren 24an, San Bartolome egunean. Argazkia: Julian Azkue Intxausti.
Gipuzkoako dantzetan bereziki espezializatu zen Haritz dantzari taldea Jose Inazio Sarasuaren zuzendaritzapean. Horren ondorio da, besteak beste, Elai Alairekin egindako Gipuzkoako Dantzak webgunean Haritz taldeak, Argia eta Arkaitz taldeekin batera, hartu zuen protagonismoa. Dantzari taldeak herriarekin zituen funtzioak mailarik altuenarekin betetzeko asmoz, San Bartolome eguneko soka-dantza edo Errosarioko Ezpata-dantza ahalik eta distiratsuenak plazaratzeko lan egin zuen.

Elgoibarko txistulari bandako zuzendaria izan da luzaroan Jose Inazio Sarasua, eta igandetako dianekin hasi eta txistularien funtzio koreografiko eta protokolarioetara, hainbeste miresten zituen Ansolatarren dinastiaren dotoreziarekin jardun arazten zuen taldea. Euskal Herriko Txistulari elkarteko idazkaria ere izan zen.

Kultura sustatzailea

Elgoibar Dantzan liburuaren koordinatzaile eta egileetakoa izan da. Bere anaia Jesus Mari Sarasuarekin batera hainbat kultur jarduera antolatzeko gaitasun bikaina erakutsi du Jose Inazio Sarasuak. Esaterako, Gelatxo soinujole elgoibartarren familiaren omenezko ekitaldiak eta argitalpenak antolatu zituzten Euskal Herriko Tritikitxa Elkartearekin batera.

Soka-dantza San Roke auzoan (Elgoibar) 1997
Soka-dantza San Roke auzoan (Elgoibar) 1997ko abuztuaren 16an. Argazkia: Jesus Mari Sarasua.

Dantza programazioa sustapen lan handia egin zuen 90eko hamarkadan, Elgoibarren besteak beste Traspasos, Blanca Carrasca, Damian Muñoz edo Josu Mujika-ren lanen emanaldiak mimoz programatuz; Haritz dantzari taldearen 25. urteurreneko ekitaldi sorta bikaina prestatu zuten 1998. urtean.

Elgoibarko Haritz dantzari taldearen gunean Jose Inazio Sarasuaren inguruko sarrera zabalagoa aurki dezakezue.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.