Dokumentuaren akzioak
Dantza ez da euskal kultura
"Emunen uste dugu euskal kulturaz ari garenean euskarazkoaz ari garela hizketan, hau da, euskal kulturaren ardatza euskara dela."
Ibai Iztuetak argitaratu duen Cultura vasca vs. euskal kultura liburuaren harira, Emun-ek euskal kultura zer den definitzeko dauden joera nagusiei buruzko sarrera argitaratu du, eta bertan, Sorguneak egindako proposamena aintzat hartu gabe, "ez berbazko" kultura adierazpenak ez dituzte aipatu ere egiten.
Euskal kultura zer den definitzeko debatean bi proposamen bakarrik erakusten dituzte. Lehenak erdigunean euskara jartzen du, eta ezaugarri erabakiorra hizkuntza, alegia, euskara, du: Euskal kultura da euskaraz egiten den kultura. Bigarrenak lurraldetasunean jartzen du fokoa: Euskal kultura da Euskal Herrian egiten den kultura.
Sorguneak taldearen ekarpena
Orain urte batzuk Sorguneak taldeak dantza euskal kulturaren definizioan sartu ahal izateko kategorizazio bat proposatu zuen. Honela zioen:
"Hiru kultura kategoria nagusi berezi behar ditugu, beraz, herri honetako jardunak eta kultur politikak pentsatzerakoan:
• Berbazko euskarazko kulturgintza. Euskarari darion sorkuntza.
• Berbazko erdarazko kulturgintza. Gure herriko erdara desberdinetan egiten den sorkuntza.
• Ez-berbazko kulturgintza. Berbazko materialik erabiltzen ez duten sorkuntza diziplinak."
Hiru kategoria horien artean lehentasunezkotzat "berbazko euskarazko kultura" jo zuen Sorguneak taldeak. Bigarren maila batean aitortzen zuen "Ez berbazkoen izaerak ere (jarraidura / irekitasuna) badu garrantzia “euskal” delako horren mundu sinbolikoa eraikitzen jarraitzeko." Bere garaian aipatu nuen neuk behintzat konpartitzen ez nuen jerarkizazioa izan arren, pozten nintzela, lehen aldiz "ez berbazkoak" aintzat hartzen zituztelako.
Praktikak eta kultur politikek erakusten digute dantzaren konsiderazioa euskal kulturaren alorrean bigarren mailakoa dela, baina Sorguneak-ek egindako kategorizazio horri esker, behingoz hori aitortu eta arrazoitzen saiatu zen norbait. Ardatza hizkuntzan jartzerakoan berbazko hizkuntzarik erabiltzen ez duten adierazpenak sistematikoki baztertzeko izan den joera nagusiaren aurrean, ez berbazko kultura existitzen dela onartu, eta bigarren mailakoa bada ere, euskal kultura izaera aitortu zion Sorguneak taldeak.
Ez berbazko kultura ez da haintzat hartzen
Oraingo hau atzerapausoa da berriz, hitzik gabeko kultura ez baita aintzat hartzen, eta Sorguneak taldeak irekitako zirrikitua, besteak beste dantza eta arte plastikoak kontuan har zitezen, ez delako baliatu.
Dantzak ez darabil berbazko hizkuntzarik, dantza bera baita darabilgun hizkuntza. Kultur sorkuntza eta adierazpenerako erabil daitekeen hizkuntza bakarra berbazkoa dela pentsatuta dantza euskal kulturatik kanpo uzten dugu. Dantza lengoaia autonomoa dela barneratzen ez dugun bitartean berezkoa duen zati oso bat erauzten diogu euskal kulturari.
Gai honi buruz bi artikulu hauek idatzi ditut aurretik eta haietan esandakoa berretsi nahiko nuke orain: Bietan jarrai!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?
Zure artikuluari erantzun nahi izan diogu Emunen. Izan ere, Emunen ahoan, Emunek esan ez dituen aipamenak jartzen dituzu artikulu honetan.
Kulturagaran, ohi bezala, guretzat eta kultura zaleentzat interesgarriak izan daitezkeen berriak argitaratzen ditugu. Zuk aipatutako horretan, Ibai Iztuetak idatzitako “Cultura vasca vs. euskal kultura” izenburua duen liburua komentatu dugu, eta artikuluan aipatzen ditugunak ez dira gureak, liburuan zehazten direnak baizik. Guk hasieratik esaten duguna da, hain zuzen ere, hausnarketa merezi duten hainbat gai jarri dituela mahai gainean.
Artikuluaren amaieran esaten dugunari dagokionez, alegia, gure ustez “euskal kulturaz ari garenean euskarazkoaz ari garela hizketan, hau da, euskal kulturaren ardatza euskara dela”, badirudi zuregan kezka edo haserrea sortu duela. Horren inguruan gure iritzia zein den azalduko dizugu.
Zuk diozun bezala, orain dela urte batzuk Sorguneak-ek euskal kulturaren inguruko kategorizazio bat egin zuen eta dantza Ez berbazko kulturgintzan sailkatu zuen. Gu horrekin erabat ados gaude, baina hori sailkapen bat besterik ez da eta sakonago aipatu nahiko genuke gaia.
Guk esaten dugunean euskal kultura euskaraz egindakoa dela ez goaz amaierako produktura bakarrik, hots, liburura, filmera edo beste edozein gauzatara. Berbazko euskarazko kulturgintzan, amaierako produktua hizkuntzaren bidez neur daiteke. Edozein modutan, guk euskara euskal kulturaren ardatza dela esaten dugunean ez diogu garrantzi azken produktuari bakarrik ematen, prozesu guztiari ere bai. Sinetsita gaude gure hizkuntzak mundua ikusteko eta aztertzeko aukera bat, gurea propioa, eskaintzen digula eta horregatik sortze prozesua ere kontuan hartu behar dela. Beraz, euskal dantzak euskal kultura izango dira baldin eta barneko (pentsamendua) zein kanpoko prozesua euskaraz ematen bada. Eta euskal dantzak horrela ulertuta, euskal kulturako lehen lerroan kokatzen ditugu.
Diozunez "Emunen ahoan, Emunek esan ez dituen aipamenak jartzen dituzu artikulu honetan". Nik ez dut uste hala denik, Emun-en ahoan esaldi bakarra jarri dut eta hitzez hitz kopiatuta dago zuen webgunetik: "Emunen uste dugu euskal kulturaz ari garenean euskarazkoaz ari garela hizketan, hau da, euskal kulturaren ardatza euskara dela." Hortik aurrera ez dut Emun-en ahotan beste ezer jarri eta zuek ere ez didazue zuen erantzunean zehaztu zein esaldi edo hitzetaz ari zareten.
> badirudi zuregan kezka edo haserrea sortu duela.
Haserrea? Nik ez nuke esango haserrerik adierazi dudanik. Euskal Kulturaren definizioak lantzerakoan dantza kanpoan edo bigarren mailan uzteko ahaleginak daudela jakinarazi dut, baina ez dut uste haserre tonurik erabili dudanik. Ez nago ados horrekin, noski, baina tamalez ohituta nago horretara.
Sorguneak taldearen proposamenean sakonduz Emun Kulturak egindako ñabardurari buruz, nik konpartitzen ez dudan definizioa sendotzera jo duzu. Azken produktua eta prozesuaren arteko bereizketa egin duzu, baina funtsean euskal dantza euskal kultura izateko berbazko lengoaia, euskara, ezartzen duzu ardatzean.
Nik defendatzen dut dantza lengoaia autonomoa dela, ez duela berbazko lengoaiaren beharrik euskal kategoria izateko, mutuek egindako euskal dantza ere euskal kultura dela.
Hortxe dago debatea, ideia trukea, elkarrizketa, iritzi kontrastea. Haserrerik gabe nire aldetik, baina kontrako iritziak ezkutatu gabe.
Ez genuen hitzez hitz komentatzen hasi nahi artikulua eta erantzun orokorrago bat eman nahi izan genuen, baina argitze aldera, esango dizugu zehatzago zertaz ari ginen.
“Emun-ek euskal kultura zer den definitzeko dauden joera nagusiei buruzko sarrera argitaratu du” diozu eta hori ez da horrela. Gure artikuluaren helburua liburu argitaratu berri baten erreferentzia egitea da, eta bide batez, eztabaidagai izan daitezkeen liburuko aipu batzuk azaltzea. Horrekin batera Luis Aranberri aipatzen dugu, liburuan esaten diren hainbat gauza komentatzen dituelako bere post batean.
Diozu, baita ere, “Sorguneak egindako proposamena aintzat hartu gabe, ‘ez berbazko’ kultura adierazpenak ez dituzte aipatu ere egiten”. Egia da ez ditugula aipatu, baina ez dugu ahaztu behar artikuluaren helburua ez dela euskal kulturaren inguruko joera nagusiak azaltzea, ezta adierazpen guztien aipamena egitea ere; liburu baten erreferentzia egitea baizik.
Zure artikuluaren izenburua ere aipatu nahiko genuke, dantza euskal kultura ez dela esateak aditzera eman baitigu Emunek hori esan duela, eta nahiz eta jakin izenburua artikuluaren egilearena dela, hau da, zurea, argitu nahi dugu guk ez dugula horrelakorik esan.
Bukatzeko, zure erantzunean honako hau diozu: “Sorguneak taldearen proposamenean sakonduz Emun Kulturak egindako ñabardurari buruz, nik konpartitzen ez dudan definizioa sendotzera jo duzu”. Hori zuzena da, gaiari heldu nahi izan baitiogu gure iritzia emanez. Edozein modutan, Emunen ez gara sailkapenen oso zaleak, hainbat ikuspegitatik egin daitezkeelako; horregatik artikulu nagusian ez dugu iritzi konkretuegirik eman nahi izan sailkapen zehatzen inguruan. Dena den, kontziente gara batzuetan eskatu egiten zaizkigula edota behar izaten direla.
Ez dugu zertan ados egon, jakina! Gaiaren inguruan hausnartu dugu eta iritziak trukatu ditugu, eta hori, nola ez, beti da aberasgarria. Ondo bizi!