Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Ez berbazkoak

Dokumentuaren akzioak

Ez berbazkoak

2013/07/01 16:08

Euskararen biziberritzeaz eta euskal kulturgintzaz gogoeta mamitsuak egin ditu Sorguneak ikerguneak azken urteotan. Kultur bizitzaren azterketatik abiatu eta euskal kulturgintzaren estrategiak garatzeko oinarriak proposatu ditu. Azterketa eta estrategia, egunerokoan kateatuta bizi garenok premiazkoak ditugun bi tresna.

Kulturgintzan hiru kategoria bereizi ditu Sorguneak ikertegiak: euskaraz egiten dena, erdaraz egiten dena, eta hitzik ez darabilena. Euskararen eta euskal kulturaren etorkizuna berbazko euskarazko kulturaren eremuan jokatzen dela ohartarazi dute. Horrek beharko lukeela lehentasunezko lan-eremua. Bigarren mailan leudeke dantza, ikusizko arteak eta, oro har, ez berbazkoak diren kultur jarduerak.

Kategorizazio hori proposamen bat da, euskal kulturgintzaren soroa goldatu eta ereiten jarraitzeko lur eremua antolatzeko ahalegin bat. Eztabaidarako gonbidapena da eta poztu nau horrek. Ez dakit erronkari erantzuteko gai izango garen, baina kategorizazioa eta horren ondorioz etorriko diren lehentasunen antolaketa hierarkikoa mahai gainean jarri dira, denon bistara,.

Dantzaren txokotik begiratuta, esango nuke, azken hogeita bost urteotan izan dela indarrean kulturgintzaren sailkapen bat. Kategoriak lausoagoak izango ziren akaso, hierarkizazioa ez zen esplizituki aurkezten, baina praktikan, nabarmena gertatu zaigu ez berbazko kulturgintza ez dela izan lehentasunezko alorra. Dantza bigarren mailako kultur jardueratzat tratatua izan da, oso ongi antzeman dugu hori.

Sorguneak taldearen kategorizazio proposamenak dantza bigarren maila horretan finkatzea ekar lezake. Dantzazaleontzat irensteko zaila izan daiteke hori, baina behintzat formulatu egin da eta badaukagu eztabaidatzeko aukera. Okerragoa izan da orain arte bizi izan duguna, agerian planteatu ez, baina praktikan ez izate aintzat hartua.

Euskaratik begiratuta ulertezina zaigu Irlandan gaelikoarekin gertatu dena. Badakite nahi dutenean temati izaten, baina hizkuntzarekin axolagabe jokatu dutela iruditzen zaigu. Badirudi gureaz oso bestelako kategoria antolaketa eta hierarkizazioa egin dutela. Musika eta dantza irlandar kulturgintzaren zutabe eta sinbolo sendoak dira. Hizkuntza galtzen zuten aldi berean mundu osora zabaldu dute beraien ez berbazko eta erdarazko kulturgintza. Gurean hizkuntza nahi eta ezinean, eta musika eta dantza alboratuta. Erakutsi diezaiegun irlandarrei biak batera egin zitezkeela.


Argia astekaria, 2013-06-30

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Oier Araolaza

Oier Araolaza

Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. dantzan.eus-eko editore lanetan aritu naiz zenbait eta urtez gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Babestu dantzan.com