Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Euskaraz eta dantzan, Bietan Jarrai

Dokumentuaren akzioak

Euskaraz eta dantzan, Bietan Jarrai

2013/09/09 10:35

Euskal kulturgintzaren estrategia ildoetan dantza bigarren mailako jardueratzat hartzeak eragiten didan kezkaz aritu nintzen Argia aldizkarirako egindako azken kolaborazioan. Azkenean "Ez berbazkoak" jarri nion izenburua, baina zirriborroan "Bietan jarrai" idatzita izan nuen. Gero ez nintzen ausartu izenburu horrekin bidaltzera. Funtsean, artikuluan zera defendatzen dut, euskal kulturaren osagai nagusitzat euskara jartzean, ez berbazkoak diren kultur adierazpideak, dantza kasu, bigarren mailan geratu direla.

Irlandarrak eta euskaldunak

Irlandako kasuan ostera, hizkuntza ez da izan haientzat lehentasunezkoa, eta aldiz, musika eta dantzari dagokionez, irlandar kulturgintza oparo eta osasuntsu ageri zaigu. Irlandarrak oker jokatu dutela pentsa dezakegu, hizkuntzan jarri behar zituztela indarrak eta penaz ikus dezakegu nola utzi duten itzaltzen gaelikoa. Baina haiek ere beste horrenbeste pentsa lezakete gugatik, nola izan gaitezkeen euskaldunak hain axolagabeak gure musika eta dantzarekin. Hortik dator nire aldarria, "Bietan jarrai", ez al gara gai izango berbazko kulturgintza eta ez berbazkoak, biak biziberritu eta indartzeko?

Dantzan.com-en bi horiek, euskara eta dantza, banatu ezinezko txanpon beraren bi aurpegiak direla sinisten dugu, eta ezin dugu ulertu gure dantza jarduera euskararik gabe, eta bizitza ezin dugunez dantza gabe ulertu, euskara ere ezin dantzarik gabe irudikatu. Baina dantza eta euskararen arteko harremana argi-itzalez betea da, eta azken aldian bidera etorri zaizkidan zenbait konturekin nator orain. 

Euskararik gabeko euskal dantzariak?

Mikel Erramuzpe, Euskal Kultur Erakundeko (EKE) presidentea elkarrizketatu du Nora Arbelbidek Berrian asteburuan, eta hain zuzen dantza eta euskarari buruz ere aritu dira pasarte batean: 

Nora Arbelbide: Dantza edo koralen munduak aipatzen dituzula, gehienek errepikak ez dituzte euskaraz egiten, alta, horrek badu bere garrantzia, baina euskaraz egitea errepikak ez da baitezpada zuen irizpideetan sartzen, ez?

Mikel Erramuzpe: Hori gure erabakia izanen da. Hori erabaki dezakegu. Gogoetatzen ari gara horretaz.

Nora Arbelbide: Baina ez da proiektua ez laguntzeko funtsezko irizpide bat, ez?

Mikel Erramuzpe: Behar dira ikusi proiektuak banan-banan. Ez duzu proiektu bat bestea bezala. Eman dezagun, Leinua [dantza konpainia]. Leinuako arduradunek, Roger Goienetxek eta, ez dakite euskaraz, baina gazteek bai. Gazteek euskara erabiltzen dute eta nahi dute.

Nora Arbelbide: Baina Etorkizuna Kontzeptuak proiektuak, adibidez, non Leinuakoak badituzun justuki, errepikak frantsesez ditu. Ravel jauna ikusgarriaren aurkezpeneko testua hasieran frantsesez zen, aldatu dute barnetik batzuk borrokatu dutelako hori. EKEk lagundu du proiektu hori hasieratik. 

Mikel Erramuzpe: Arrazoi duzu azpimarratzean hori, kultur eragileetan gai hori gai minbera baita. Partikularki dantza eta koralen munduan.(...)."

 

Never cared to learn basque

Anne Marie Chiramberro San Franciscoko gazteak uda honetan Hella Basque blogean esandakoek ere eman digute zer pentsatua. Dantzak euskal kulturara eta euskal identitatera erakarri zuela pozik irakurri genion, baina hurrengoan euskara ikasteko interesik ez zeukala irakurtzean irriparrea zapuztu zitzaigun.

Asteburuan, Arraten, ezpata-dantza egin ondoren Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako bi lagunekin gaiaz hitz egiteko aukera izan dut. Lisa eta Enrike Corcostegui, dantzariak eta euskaldunak dira, Nevadako Zenbat Gara dantzari taldeko buruak. Kezkatuta antzeman nituen Chiramberrok euskarari buruz esandakoekin, diasporan euskararen garrantzia aldarrikatzen eta basque-amerikarrak euskarara erakartzen horrenbeste lan egin ondoren horiek irakurtzea mingarria izan baita beraientzat.

Dantzak eta euskal festek basque sentiarazi dute Anne Marie Chiramberro. Euskararen beharrik ez du sumatzen orain, baina baliteke urte batzuk barru jarrera aldatzea, eta bere aitarekin euskaraz aritzeko gai ez izateaz damutzea. 

Bietan jarrai

Lisa eta Enrike Corcosteguik euskaldun osoa izan nahi zuen Marie Louise Lekumberri nevadarraren istorio polita kontatu zidaten. Gardnerville herrian bada J. T. Restaurant izeneko taberna, Ameriketako euskaldunentzat oso ezaguna, gogoangarriak izaten baitira bertan egiten dituzten festak. Marie Louise Lekumberri da bertako nagusia.

Euskaraz ederki jakin arren, Marie Louisek ez zuen bere burua euskaldun osotzat hartzen. Ez zekien dantza egiten, eta bere taberna testigu, Estatu Batuetako euskal komunitatean dantza euskal nortasunaren oinarrizko osagaitzat jotzen zuen. Euskal hiztuna izateak erdi-euskaldun egiten zuen, eta berak osoa izan nahi, beraz, Marie Louisek erabaki du dantzan ikasi behar duela. Enrike Corcosteguirekin hasi da dantzan ikasten, eta orain bai, orain euskaldun oso sentitzen da Marie Louise. Euskaraz eta dantzan, bietan jarrai.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.