Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Emun Kultura

Orain arteko erantzunak

Emun Kultura on Dantza ez da euskal kultura

2015/06/16

Kaixo berriro, Oier

Ez genuen hitzez hitz komentatzen hasi nahi artikulua eta erantzun orokorrago bat eman nahi izan genuen, baina argitze aldera, esango dizugu zehatzago zertaz ari ginen.

 “Emun-ek euskal kultura zer den definitzeko dauden joera nagusiei buruzko sarrera argitaratu du” diozu eta hori ez da horrela. Gure artikuluaren helburua liburu argitaratu berri baten erreferentzia egitea da, eta bide batez, eztabaidagai izan daitezkeen liburuko aipu batzuk azaltzea. Horrekin batera Luis Aranberri aipatzen dugu, liburuan esaten diren hainbat gauza komentatzen dituelako bere post batean.

Diozu, baita ere, “Sorguneak egindako proposamena aintzat hartu gabe, ‘ez berbazko’ kultura adierazpenak ez dituzte aipatu ere egiten”. Egia da ez ditugula aipatu, baina ez dugu ahaztu behar artikuluaren helburua ez dela euskal kulturaren inguruko joera nagusiak azaltzea, ezta adierazpen guztien aipamena egitea ere; liburu baten erreferentzia egitea baizik.

Zure artikuluaren izenburua ere aipatu nahiko genuke, dantza euskal kultura ez dela esateak aditzera eman baitigu Emunek hori esan duela, eta nahiz eta jakin izenburua artikuluaren egilearena dela, hau da, zurea, argitu nahi dugu guk ez dugula horrelakorik esan.

Bukatzeko, zure erantzunean honako hau diozu: “Sorguneak taldearen proposamenean sakonduz Emun Kulturak egindako ñabardurari buruz, nik konpartitzen ez dudan definizioa sendotzera jo duzu”. Hori zuzena da, gaiari heldu nahi izan baitiogu gure iritzia emanez. Edozein modutan, Emunen ez gara sailkapenen oso zaleak, hainbat ikuspegitatik egin daitezkeelako; horregatik artikulu nagusian ez dugu iritzi konkretuegirik eman nahi izan sailkapen zehatzen inguruan. Dena den, kontziente gara batzuetan eskatu egiten zaizkigula edota behar izaten direla.
 
Ez dugu zertan ados egon, jakina! Gaiaren inguruan hausnartu dugu eta iritziak trukatu ditugu, eta hori, nola ez, beti da aberasgarria. Ondo bizi!

Emun Kultura on Dantza ez da euskal kultura

2015/06/12

Oier Araolaza,

Zure artikuluari erantzun nahi izan diogu Emunen. Izan ere, Emunen ahoan, Emunek esan ez dituen aipamenak jartzen dituzu artikulu honetan.

Kulturagaran, ohi bezala, guretzat eta kultura zaleentzat interesgarriak izan daitezkeen berriak argitaratzen ditugu. Zuk aipatutako horretan, Ibai Iztuetak idatzitako “Cultura vasca vs. euskal kultura” izenburua duen liburua komentatu dugu, eta artikuluan aipatzen ditugunak ez dira gureak, liburuan zehazten direnak baizik. Guk hasieratik esaten duguna da, hain zuzen ere, hausnarketa merezi duten hainbat gai jarri dituela mahai gainean.

Artikuluaren amaieran esaten dugunari dagokionez, alegia, gure ustez “euskal kulturaz ari garenean euskarazkoaz ari garela hizketan, hau da, euskal kulturaren ardatza euskara dela”, badirudi zuregan kezka edo haserrea sortu duela. Horren inguruan gure iritzia zein den azalduko dizugu.

Zuk diozun bezala, orain dela urte batzuk Sorguneak-ek euskal kulturaren inguruko kategorizazio bat egin zuen eta dantza Ez berbazko kulturgintzan sailkatu zuen. Gu horrekin erabat ados gaude, baina hori sailkapen bat besterik ez da eta sakonago aipatu nahiko genuke gaia.

Guk esaten dugunean euskal kultura euskaraz egindakoa dela ez goaz amaierako produktura bakarrik, hots, liburura, filmera edo beste edozein gauzatara. Berbazko euskarazko kulturgintzan, amaierako produktua hizkuntzaren bidez neur daiteke. Edozein modutan, guk euskara euskal kulturaren ardatza dela esaten dugunean ez diogu garrantzi azken produktuari bakarrik ematen, prozesu guztiari ere bai. Sinetsita gaude gure hizkuntzak mundua ikusteko eta aztertzeko aukera bat, gurea propioa, eskaintzen digula eta horregatik sortze prozesua ere kontuan hartu behar dela. Beraz, euskal dantzak euskal kultura izango dira baldin eta barneko (pentsamendua) zein kanpoko prozesua euskaraz ematen bada. Eta euskal dantzak horrela ulertuta, euskal kulturako lehen lerroan kokatzen ditugu.

Emun Kultura

#Kultura Herritarren, kultur sektoreen eta eragileen arteko elkarlana eta koordinazioa sendotzen lan egiten dugu.