Dokumentuaren akzioak
Lizartzako inauteri-dantzak 1985eko iraileko jaietan
1985eko iraileko festetan dantzatutako Lizartzako inauteri-dantzen bideoa iritsi zaigu eskuartera. Inauterietakoak dantzak izanagatik, dantza horiek urte askoan herriko festetan edo jairen baten aitzakian dantzatu ohi ziren eta ez inauterietan. 1994an, herriko zaharren testigantzen laguntzaz, inauteriak berreskuratu zituzten Lizartzan eta dantzak ere inauterietan txertatu zituzten.
1985ean, beste hainbat tokiko dantzekin egin zuen bezalaxe, Ikerfolkek Lizartzako inauteri-dantzak grabatu zituen:
Lizartzako inauteri-dantzak 1936ko gerraren ondorioz galdu ziren eta 20 urtez dantzak egin gabe egon ondoren, 1955-56 inguruan berreskuratu ziren. Orduko kontuak Lizartzako Otsolar elkarteak argitaratutako inauterietako aldizkarian irakur ditzakegu: "Lizartzako Otele tabernan mahai inguruan bilduta omen zeuden bi apaiza eta meza nagusitik ateratako jendea. Juan Inazio Urdanpilleta kojutorea Otelen egoten zen apopilo, ardo pixka batekin lagundurik hainbat pasadizo eta kontu ibiltzen omen zituzten giroa ederki berotuz. Horrela ari zirela, aspaldiko abentura eta kontu zaharrak aipatuz, norbaitek inauteri-dantzen kontua atera omen zuen. Bertan, aurrez dantzan ibilitakoak ere ba omen zeuden, Inaxio Bengoetxea tabernako jabea esaterako, eta hantxe piztu omen zuten gaurdaino jarraitu duen sua. Beraien artean animatuz taldea sortzeari ekin zioten. Guraso talde horrek, beraien semeei irakatsi zizkieten dantzak eta orduan sortu zen belaunaldi berriko lehenbiziko gazte taldea, 1950eko hamarkada bukeran. 15-20 urte arteko taldea zen, hamasei lagunez osatua: kapitaina, sarjentua, 12 dantzari eta 2 espentsero. Ordura arte bezala, dantzako taldea gizonezkoek osatzen zuten".
Otsolar dantza taldeko kideek azaldu digutenez, belaunaldi berriko lehenengo talde hori da bideoan agertzen dena (partaide batzuk ez dira hasierako talde horretakoak, taldea osatzeko jendea falta baitzen). 1985. urtean, 1955eko talde horri berriro dantzak egiteko gogoa piztu zitzaion. Herriko festetako emanaldia izango da bideokoa, Lizartzako festak irailaren 8an izaten baitira eta bideoan irailaren 9an grabatutakoa da. Handik gutxira dantzari talde hori Galdakaon izan zen Andra Mari taldeak gonbidatuta.
Hemen 1985eko dantzari taldeko protagonistak:
Eskubiko ilara (kapitainaren atzean):
- Enrike Goikoetxeaundia
- Joxe Mari Bengoetxea
- Luis Zinkunegi
- Inaxio Altuna
- Espentseroa: Ixidro Zubeldia
Ezkerreko ilara (sarjentuaren atzean):
- Matias Mendigain
- Manuel Goikoetxeaundia
- Lorentxo Zubeldia
- Agustin Goikoetxeaundia
- Espentseroa: Martin Etxeberria
- Txistularia: Joxe Martin Zubeldia
- Atabaleroa: Joxe Mari Arozena
- Kapitaina: Iñaki Zubeldia
- Sarjentua: Pako Olaetxea
1955. urtetik dantzek ez dute etenik izan. Hasieran aipatu bezala 1994. urtera arte (inauteriak berreskuratu ziren urtea) noizean behin, tarteka egiten zituzten, festetan esaterako. 1994tik inauterietan egiten dituzte.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Mikel Sarriegi on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Mikel Sarriegi on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Dantzan on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Leire Narbaiza on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23