Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Berreskuratu zituztenetik 25. aldiz ospatuko dituzte inauteriak Lizartzan

Dokumentuaren akzioak

Berreskuratu zituztenetik 25. aldiz ospatuko dituzte inauteriak Lizartzan

2018/01/31 09:00
Berreskuratu zituztenetik 25. aldiz ospatuko dituzte inauteriak Lizartzan

Lizartzako inauteriak, 2004-02-15. Argazkia: Oier Araolaza CC-BY-SA

Inauteriak berreskuratu zituztenetik, hogeita bosgarrenez ospatzera doaz aurteagoan Lizartzan Otsolar elkarteak argitaratutako inauterietako aldizkarian irakurri dugunez. Festen berreskurapena ulertzeko 1993. urtera egin behar dugu salto.

Lizartzako inauteriak 6
Lizartzako inauteriak, 2004-02-15. Argazkia: Oier Araolaza CC-BY-SA

Lizartzan bada inauteri edo karnabaletako dantzak bezala ezagutzen diren dantza sorta. Irailean ospatzen diren herriko festetan edo jairen baten aitzakian dantzatu ohi ziren. Iñaki Zubeldia (1935-2012) aritzen zen dantza horiek gazteei erakusten. Baziren herrian dantza horien doinuak txistu eta atabalaz jotzen zituzten musikariak ere. 1993ko herriko festetan, garai hartako “plaza txurian”, mutilen taldeak inauteri dantzena eta neskek bestelako dantzen saioa eskaini zuten. Ondorengo afarian, inauterietako edo karnabaletako dantza haien jatorriaren inguruan hizketan hasi eta herriko inauteriak berreskuratzeko ideia atera zen.

Lizartzako inauteriak 4
Lizartzako inauteriak, 2004-02-15. Argazkia: Oier Araolaza CC-BY-SA

Gerra aurreko inauteriak

Lehendabiziko lana informazioa biltzea izan zen. Liburuetan idatzita zegoen apurra lortu, jendeari galdetu... Iturri nagusia dantza haiek hainbeste maite zituen Iñaki Zubeldia izan zen. Hark urteren batean, inauterietan, lagun talderen bat mozorrotu eta aberearekin baserriz baserriz aritzen zireneko puska biltzea ezagutu zuen, baina dantzarik egin gabe. Aurreko belaunaldiak, Iñakiren gurasoen adin bueltakoak, ibili omen ziren inauterietan puska biltzen inauteri edo karnabaletako dantzak dantzatuz. Gerra garaian, ordea, inauteriak ezezik dantzak ere galdu egin ziren.

Lizartzako dantzariak 1928
Lizartzako dantzariak, 1928.

Ohitura galdu aurretik, txekorra hilez hasten omen zituzten inauteriak eta hiru egunez luzatzen omen zen festa. Dantzariak etxera erretiratu gabe ibiltzen ziren egun haietan. Puska biltze eskeari erantzunez, etxe bakoitzeko nagusia edo seme zaharrena astearte inauterian bazkarira gonbidatua izaten zen. Garbantzuak eta aurrez hildako txekor haragia izaten zen jakia bazkari hartan.

Lizartzako inauteriak 1
Lizartzako inauteriak, 2004-02-15. Argazkia: Oier Araolaza CC-BY-SA

Lizartzako inauteriak 2
Lizartzako inauteriak, 2004-02-15. Argazkia: Oier Araolaza CC-BY-SA

Oroimenetik berria sortu

Txekorra hiltzea, puska biltzea, dantzak, mozorroak... Askotariko osagaiak hartu eta inauteriak berreskuratzeari ekin zitzaion. Garai hartan sortu zen Otsolar dantza taldea. Arantzabene etxeko mahai luzearen bueltan biltzen ziren dozena inguru lagun, neska eta mutil, ilusioz beteta.

Lizartzako inauteriak 5
Lizartzako inauteriak, 2004-02-15. Argazkia: Oier Araolaza CC-BY-SA

Garai bateko inauteri haiek berreskuratzea zen helburua, baina momentuko egoerara egokitzea beharrezkoa ikusten zuten. Bide horretan ospakizunak bi asteburutan egitea erabaki zen. Dantzen inguruan sortutako ideia izan arren, txantxo eta mozorroen bidez inauteri parte hartzailea bultzatu zen. Hainbat herritarren lanaren fruitua izan zen 1994ko inauterien arrakasta. Lehenengo urte hartan Tolosakoen ondoren, garizuma garaian, ospatu baziren ere, geroztik Tolosakoak baino astebete lehenago ospatzen dira inauteriak Lizartzan.

Eta hor jarraitzen dute, aldaketa batzuk gora behera, aurten 25. aldiz ospatuko dituzte inauteriak lizartzarrek.

Lizartzako inauteriak 3
Lizartzako inauteriak, 2004-02-15. Argazkia: Oier Araolaza CC-BY-SA

Inauteriak 2018

Urtarrilak 27, larunbata

  • 12:00 Inauteriei hasiera emango zaie gibela dastatuz, udal ordezkariak eta txekorra plazan ditugula. Ondoren, antzerkia eta Otsolar dantza taldearen

emanaldia.

Urtarrilak  28, igandea

  • 12:00 “25 inauteri, irudiz irudi” argazki erakusketaren aurkezpena eta mokadutxoa udaletxean. Ondoren, kantu jira herriko taberna eta txokoetan

zehar argazki erakusketa ikusiaz.

Otsailak 2, ostirala

  • 14:15 Eskolak antolatuta mozorro festa. Ondoren, kalejira.

Otsailak 3, larunbata

  • 07:00 Plazan elkartu eta kalejira Uetako zubitik dantzari, txantxo eta txistulariekin. “Diana” abestuz hasiko dugu inauteria.
  • 07:30 Puska-biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin ospeletik.
  • 10:00 Etxe-zahar baserrian geldialdia gosaltzeko.
  • 12:00 Mozorro, gurdi eta txarangen irteera Joxe Mariko aparkalekutik.
  • 13:00 Inauteri partaide guztien kalejira, Arrateko zubitik irtenda. Ondoren, denek elkarrekin bazkalduko dute herriko frontoian.
  • 18:00 Gurdi eta mozorroak Joxe Mariko aparkalekuan bilduko dira kalejiran plazara jaisteko, bertan sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta “Lizartzako talogileak” egindako taloak jateko aukera izango da.

Otsailak 4, igandea

  • 11:00 Meza Nagusia. Ondoren, hamaiketakoa plazan.
  • 12:00 Dantzariak kalean ibiliko dira puska biltzen gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera. Ondoren, Lizartzako inauteri dantzak plazan.
  • 14:00 Inauteri bazkaria herriko pilotalekuan, txarangaz alaiturik. Ondoren, zozketak “KALAKAN & Luis Peixoto” emanaldi berezia.
  • 19:30 Plazan “ijitoa” errez inauterien amaiera.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.