Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Txantxo, puska-biltze eta dantzariak Lizartzako inauterietan

Dokumentuaren akzioak

Txantxo, puska-biltze eta dantzariak Lizartzako inauterietan

2015/02/03 10:30

Inauteriak egun bereziak izaten dira Lizartzako herrian eta aurten ere iritsi dira horrenbeste esperotakoak. Urtarrilaren 31an hasi eta datorren asteburuan ere jarraituko dute jai giroan Lizartzan. 1994an berreskuratu zituzten inauteriak eta aurten 22. urteurrena ospatzeko gogoz datozela eta, berea egin duten jai honen inguruko aldizkaria ere argitaratu dute Otsolar Dantza Taldeko kideek, aratosteen inguruan lehengo eta oraingo kontuak plazaratuz. Honetarako herriko ahozko trasmisioan eta aurreko garaietan puska-biltzen ibilitako lizartzarrei eginiko elkarrizketetan oinarritu dira besteak beste.

80 urtetik gorako bi lizartzar, Joxe Mari Zinkunegi Agirre (1932) eta Nikolas Bengoetxea Altuna (1934) elkarrizketatu dituzte Otsolar dantza taldekoek aldizkarirako. Hauek puska-biltzen ibili ziren gaztaroan, bata dantzari bezala eta bestea, ordea, mozorrotuta. Eurek kontatutakoei begira gauzak ez omen ziren askorik aldatu 40 eta 50. hamarkadetan. Azaltzen dutenez gazte taldeak ijitoz edo emakumez jantzi eta puska-biltzen irteten baitziren, talde batak besteari aurrea hartu nahian eskean ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

Puska Biltzea

Joxe Mari Zinkunegik azaltzen duenez gaur egungo kaleko puska-biltzea garai haietakoa baino motelagoa da, orduan baino jende gutxiago biltzen da eta gogoan du beraiek txirrinak jotzen zituztela. Nikolas Bengoetxeak aldiz, dantzariek igande arratsaldean Lizartzako ihauteri dantzak egiten zituztela azaltzen du, astelehen goizetan puska-eskean irten baino lehen. Horrela bildutakoarekin batzuek afaria ordaintzen zuten, edo emandakoak jaten zituzten besteek, baina umorerik behintzat ez omen zen falta Lizartzako Inauterietan.

Gaur egun, inauterietako larunbat eta igandean egiten dute puska-biltzea Lizartzan eta aldizkariak adierazten duenez. Eguberri edo Santa Ageda bezperaz ere egiten den bezala inauteriak ere etxez-etxe edo baserriz-baserri dantzan edo kantuan eskean joateko egunak dira. Dirua eta jakia biltzen dute otordu luzeetan disfrutatzeko baina zenbaitetan, garai bateko inauterietan ematen zen bezala, jaiak berak zekarren gastua ordaintzeko ere baliagarria izaten zen puska-biltzea.

Lizartzako dantzariak, 1928.

Otsolar taldekoek jaso dutenez, 60. hamarkadan puska-biltze antzeko kontu bat topa daiteke Lizartzan. Garai horretan baserrietako ganaduen galerak saihesteko ermandade bat omen zegoen herrian, eta bertako kideak baserriz-baserri ibiltzen omen ziren, hauetako bakoitzean zenbat buru  eta nolakoak zeuden ikusteko. Horrela hauetako bati behia hiltzen bazitzaion ermandadeko kideek laguntzen zioten galera izandako baserriari.

Lizartzako inauteriak, 2004-02-15. Argazkia: Oier Araolaza CC-BY-SA

Felix Barriola Maritxalar zenaren hitzak jaso dituzte Otsolar Dantza Taldekoek. Honen esanetan 1930 inguruan zaldunak joaten ziren baserriz-baserri eskean, dantzari, txistulari, atabalero eta kamareroak beste etxeetako ateak jotzen zituzten bitartean. Kapitainak etxeetako atarian dantza sailetik berak aukeratutako zatia dantzatzen omen zuen etxekoek eman nahi zietenaren truke. Kamareroak ziren poltsero eta puska eramaile. Zaldun edo dantzarien eskeari erantzuten zion etxe jauna edo seme zaharra hurrengo egunean egiten zen bazkarira gonbidatzen zuten gainera, baina ez musu truk, honek 5 pezeta ordaindu behar izaten baitzituen garbantzuak eta txekorra jateko. Kaleko puska biltzean karroza baten gainean eramaten zuten inauterietarako janzten zuten alkate ordea.

Lizartzako inauteriak, 2004-02-15. Argazkia: Oier Araolaza CC-BY-SA

Mozorroak edo txantxoak ere herrian jai giroan eta puska biltze trakets eta antolatu gabean ibiltzen ziren egun horietan. Otsolarreko  kideek jasotako informazioaren arabera dozena erdi bat koadrila ibiltzen ziren herrian emakumez edo ijitoz jantzita.

Aurtengo inauteri festarako prestaketak eginak dituzten jada Lizartzan. Prest dago agintariak eramateko gurdia, dantzariak ere prest daude puska-biltzen joateko eta guzti hauekin mozorro eta txantxoei ere ez zaie umorerik falta inauteriak gozatzeko. Dantzariak otsailaren 7an, larunbatean ibiliko dira goizeko 7:00etatik aurrera baserrietan eskean eta igandean aldiz, kalean ibiliko dira puska biltzen.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.