Goi eta beherik ez da enetzat...

2017/01/16
Goi eta beherik ez da enetzat...

... Naparro bat da bakarra kantatu zuen Xalbadorrek. Guretako ere hala denez, bigarren aldiz elkartu genituen Nafarroa guztiko dantzariak joandako abenduaren 3ko ezpata-dantzan. Iaz abiatu genuen ohituratxoa eta 'Nafarroako erresumari gorazarrea' antolatzeko arduradunei ederra iruditu zitzaienez gure proposamena, 2016an ere molde berean errepikatu ahal izan genuen ezpata-dantza.

Honako honetan, dantzarako plaza duindu ziguten eta Nafarroako Artxibategi Nagusiaren atarian antolatu zuten ekitaldia. Nafarroako erresuma defendatu zutenen omenezko monolito berria inauguratu eta taldeko txistularien xirula goxoan kulunatuz dantzatu zuen Joseba Lorenzok bandera gorria, jarraian.

Argazkia: Hasier Moreno

Ezpata-dantzarien tropela bazetorrela iragarri zuen kriskitinen arrabotsak. Tartean gure aurtengo gonbidatuak:

  • Ibai Indart, Baigorritik
  • Cesar Miranda, Funesetik
  • Eva García, Lodosatik
  • Julen Sagardoi, Otsagabitik
  • Jonathan Perez, Cabanillasetik
  • Julen Aldaz, Iruñetik
  • Fermín Teruel, Iruñetik (Ortzadar)

Argazkia: Hasier Moreno

Argazkia: Hasier Moreno

Ezpatekin arrosa ehundu, buruzagia (Aritz Ibañez) goratu eta ezpata-txikiek (Itziar Perez, Marta Zugasti, Ainara Ranera eta Akier Perkaz) haien belauntxingoa dantzatu zuten, hurrena. Jositakoa desegin eta tropela hasierako formaziora itzuli genuen. Gure txistulariek jotako Berako alkate soinuaren doinura, lore eskaintza egin zuten agintariek eta Txantreako gaiteroek jotako Nafarroako ereserkiarekin amaitu zen ekitaldia. Arropak aldatu eta merezitako oturuntza eskaini genien gure gonbidatuei eta gainontzeko dantzari eta musikariei, haien lan txukunari esker onez.

Eva García, Jonathan Pérez, Fermín Teruel, Ibai Indart, Julen Aldaz, Julen Sagardoi eta César Miranda. Argazkia: Hasier Moreno

Argazkia: Hasier Moreno

Ia 2017. honetan ere esperientzia eder hau errepikatzerik dugun. Bitartean Hasier Morenok hartutako argazkiak begiratuko ditugu tarteka, hemen:

2016-12-03 Nafarroako erresumari gorazarrea