Ez daudenen oroimenez
Azken hilabete luzeetan, gazterik joan zaizkigu taldeari ekarpen handia egin zioten bi pertsona. Carlos Aleman eta Iñaki Dominguez. Biak ere gure taldean ibilbide luzea egindakoak, San Lorenzoko dantzarietan ere aritu izan ziren behin dantzari beterano bilakatuta. Horregatik, joandako udazkenean edo, San Lorenzoko dantzariekin aipatu eta Carlos eta Iñaki dantzan oroitzeko egun bat antolatzekotan geratu ginen.
Egun hori apirilaren 18an izan da. Guk Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza atondu dugu, bere ohiko datatik aparte, eta taldeko txikienek San Lorenzokoen dantza sorta bat prestatu dute, omenaldi gisa. San Lorenzokoek, noski, haien dantzekin atera dira karrikara.
Goizeko 11:30etan abiatu gara Jarauta kaleko Club Deportivo Navarrako atetik, San Lorenzoko eliza helburu. San Lorenzokoak eta gure txikiak, aurretik, karrika-dantzan eta Dugunako helduak gibeletik, ezpata zubia hemen eta ezpata zubia han.
San Lorenzoko dantzariek San Lorenzo eliza aitzineko plaza dute haien dantzaleku kuttun. Han egin dugu lehenbiziko geldialdia. Gure txikiek ireki dute bertako emanaldia. Fagina, Fagina-baltsa, arku-dantza eta zinta-dantza eman dituzte oso txukun. Taldeko helduek ezpata-dantzako plazako partea eman dute eliza aurrera modatua eta San Lorenzokoak izan dira haien plazan dantzatzen azkenak. Ezpata-brokelena eman dute han.
Behin San Lorenzokoa bukatuta, Kale Nagusian gora abiatu gara. Lehenago San Lorenzokoen plazan aritu bagara, orain gure dantzaleku kuttunera goaz, Udal plazara. Han berriz ere gure txikiak izan dira emanaldia irekitzen lehenak eta arestiko dantza berak eman dituzte orain ere. Ondotik, San Lorenzokoen txanda. Jota dantzatu dute oraingoan. Eta finitzeko, Dugunako helduek ezpata-dantza eman dute Udal plazan, San Fermin txikiko igandea balitz bezala.
Dantzak bukatu ditugunean oroigarritxo bana eman dizkiegu Iñaki eta Carlosen senideei eta etxerunzko bidea hartu dugu, dantzan, gurekin ez daudenak gogoan. Arropaz aldatu baino lehenago, oraindik ere hemen gaudenok, talde argazkia hartu dugu, zer gerta ere!