Dokumentuaren akzioak
Dantzan.eus interes txikikoa da euskalgintzarako Jaurlaritzaren iritziz
2023an, aurreko urtearekin alderatuta, 5.000€ gutxiago jaso ditu Dantzan elkarteak dantzan.eus egiteko "Euskara esparru digitaletan" diru-laguntza deialdian. Konkurrentzia sistemaz banatzen dira diru-laguntzak eta puntuazioetan epai-mahaiak erabilitako irizpideen arabera "egitasmoaren gaiaren interesari" zegokionez puntuazio baxua jaso genuela jakin genuen. Ez dira deialdian jasotako irizpideak, baina puntuaketa egiteko kontuan hartzen dutenaren berri eman ziguten.
- Aisialdiko gaia gazteei eta nerabeei zuzendutakoa > 10
- Euskal hiztunak aktibatzeko, aldeko jarrerak sustatzeko edo euskararen erabilera bultzatzeko gaia eta nerabeei zuzendutakoa > 5
- Bestelakoa > 3
Dantzan.eus egitasmoari 3 puntu ezarri zizkion epai-mahaiak irizpide horretan. Aurkeztu genuen errekurtsoan argudio hauek eman genituen atal horretan Dantzan.eus-ek puntuazio hobea merezi zuela erakusteko:
-
Dantzan.eus-ek eskaintzen dituenak dantzari buruzko edukiak dira, eta beraz, dantzarekin interesa dutenak dira erakartzen dituenak. Ohikoa da euskara motz xamar dutenak, euskara jakinda ere beraien egunerokoan gutxi erabiltzen dutenak edo zuzenean euskaraz ez dakiten dantzazaleak aurkitzea dantzan.eus-en irakurle eta erabiltzaileen artean. Horrela, euskara beraiek bilatzen duten informazio eta komunikaziorako beharrezko tresna bihurtzen da, informazio hori ez baitute eskura beste hizkuntzetan. Beraz, aldez aurretik euskararekin atxikimendurik edo gertutasunik ez duten herritarrak ere erakartzen ditu, dantzarekiko duten interesak ekartzen baititu. Horrek esan nahi du, dantzan.eus-en bidez euskararen irismena zabaltzen dela.
-
Euskal dantza eta euskararen arteko lotura hori ez da soilik interneten gertatzen, dantzaren jardun praktikoan ere ageri da eta horren sustapenean ere eragiten du dantzan.eus-ek. Dantzak komunitatean emozioak aktibatu eta bideratu eta taldetasuna sendotzeko duen gaitasuna baliatuz indar hori euskalgintzara bideratzeko bultzada ematen du dantzan.eus-ek. Adibidez, Euskararen Kontseiluak antolatu duen euskararen aurkako oldarraldi judizialaren aurreko protestan dantzaren bidez adierazi da horrelako erasoen aurreko herritarren batasuna eta dantzan.eus-en bidez izan dute ekimenaren berri hainbat euskaltzalek, bai eta dantza ikasteko aukera ere bertan.
-
Euskal dantza-taldeen bitartez dantzaren ohiko jardueran aritzen direnen gizartearen sektore nagusia nerabeek osatzen dute. Bestelako testu-inguruetan euskararekiko atxikimendu eta normalkuntzarako bidean zailtasun handiagoak dituzten bitartean, dantza taldeak eta euskal dantzaren eremua euskararen arnasgune bihurtzen da askorentzat. Kulturaren Euskal Behatokitik bideratutako inkesta batek azaleratu zuen euskal dantza zela euskararen erabilera nagusitasunez erabiltzen zen kultura jarduera bakarrenetakoa.
Hizkuntza Politika Sailetik ez da ontzat eman helegitea eta honela argudiatu da puntuazioa ez hobetzeko erabakia:
Muinari dagokionez, egitasmoa ezin daiteke kontsideratu lehen mailako lehentasunezko ekimena denik. Izan ere, euskararen normalizazioaren ikuspegitik, jarduera ez da gazteei eta nerabeei beren-beregi sustatutako aisialdiko ekimena, ezta euskal hiztunak aktibatzekoa ere, bestelako jarduera baizik.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Dantzan
Dantzan elkartea 2002an sortu zen dantzan.eus (dantzan.com hasieran) kudeatzeko. Gaur egun euskal dantzaren inguruko informazioa, albisteak, bideoak, agenda eta bestelakoak sareratzen dituen dantzan.eus webguneaz gain, dantzaren lotutako beste zenbait jarduera burutzen dira elkarte honetatik, adibidez:
- Formazioa. Euskal dantza irakasleen formaziorako jarduerak antolatu eta eskaintzen ditugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Dantzan Ikasi programaren bidez.
- Kudeaketa. Gipuzkoako Dantzagunearen kudeaketan parte hartzen dugu Dantzaz elkartearekin eta Eragin enpresarekin batera osatzen dugun Ondare2.0 Aldi Baterako Enpresa Elkartearen bidez.
- Dokumentazioa. Euskal dantzaren artxibora begira euskal dantzaren milatik gora bideo-zinta digitalizatu eta dokumentatu ditugu.
- Ondare immateriala inbentariatzeko lanetan euskal dantzen fitxak egiten parte hartu dugu Zatak elkartearekin lankidetzan.
- Hitzaldiak. Euskal dantza eta kultura tradizionalaren inguruko hitzaldiak eskaintzen ditugu.
- Dantza ekitaldiak. Hainbat dantza ekitaldiren antolaketa eta kudeaketan parte hartzen dugu, hala nola Gipuzkoako Urrezko Dominaren ezpata-dantza Gipuzkoako Diputazioaren eskariz eta Ikerfolk elkartearekin elkarlanean edo Gaztemundu Dantzan programa, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, besteak beste.
- Aholkularitza. Dantzarekin lotutako aholkularitza, informazio eta dokumentazio zerbitzua eskaintzen dugu, bai emailez, bai telefonoz (943 53 04 40), bai Eibarren (Ubitxa 16 behea) dugun bulego nagusian.
- Komunikazioa. Dantzanen jarduerak oihartzuna du beste eremu eta medioetan, eta besteak beste Irulegi irratiarekin lankidetzan aritzen gara dantza-kontuan uhinetan zabaltzen.
- Dantzan. Dantzan elkartea 2020an: dantza sustatu eta hedatzeko lanak
- Marka. Dantzan markaren irudiak eta logoak.
- Dantzan.eus. Azken berrikuntza teknikoak eta aldaketak webgunean.
Dantzan
Ubitxa 16-18, behea // 20600 Eibar (kokapena)
+34 943 53 04 40
dantzari@dantzan.com