Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Dantzan Oldarraldiaren kontrako soka-dantzarako tutoriala

Dokumentuaren akzioak

Oldarraldiaren kontrako soka-dantzarako tutoriala

2023/10/27 10:15
Oldarraldiaren kontrako soka-dantzarako tutoriala

Oldarraldiaren kontrako soka-dantza.

Azaroaren 4ean euskalgintzak deitutako manifestazioa eginen da Bilbon, 17:00etatik aitzina, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean. Manifestazio jendetsua izatea espero da eta bukaeran, bestelako esku-hartzeekin batera, soka-dantzan aritzera deituak gara bertan manifestatuko garen guztiak.

Euskararen komunitatea eskuz esku irudikatua

Soka-dantza gehien dantzatutako generoetako bat da. Elkarri eskuak emanez soka osatu eta talde-lanaren irudikapen soila bezain indartsua eskaintzen du sokan egiten den dantza honek. Sinbolismo horren kontzientziak ekarri du euskal gizartearen historian une berezi eta erabakigarrietan esku-dantzaren errituala baliatu izana. Horren adibide, esaterako, azken urteotan, martxoaren 8ko aldarrikapen egunaren baitan, Euskal Herriko hamaika herri eta txokotan hedatu diren soka-dantza kantatuak.

Soka-dantza edo irradaka erritual kolektiboa da, taldean egiten dena, sokan, soka-dantzan, eskuak elkarri emanda eta soka horrekin auzoak, herriak, komunitateak irudikatu eta elkar-lotzen dira.

Hartara, Bilboko manifestazioaren ondoko ekitaldian eskuz esku, dantzan eta kantuan, euskararen komunitatea irudikatzera eta aldarrikatzera deituak gara, azaroaren 4ean.

Hainbat soka

Bilboko udaletxe aurreko eskailerapean lehen soka sortuko dute, manifestazioko deitzaileek eta hango eta hemengo hainbat dantzarik. Horrez gain, beste hainbat soka sortuko ditugu manifestari saldoaren artean, bat, bi, hiru... ahal bezain beste. Beste hainbat dantza taldeetako kideek bertaratutako lagunak dantzara gonbidatuko dituzte, baina edozein kuadrillak edo lagun taldek sortu ahal izanen du bere soka-dantza propioa. Hori egin ahal izateko, Duguna dantza taldeko dantzariek soka-dantzaren nondik norakoak azaldu dizkigute bideo pare honetan:

Tutoriala

Soka-dantza

Momentuz Argia (Donostia), Haritz (Elgoibar), Gure Kai (Deba), Kezka (Eibar), Itxaropena (Zestoa), Kriskitin (Durango), Eusko Lorak (Sestao), Elai-Alai (Portugalete), Akelarre (Hendaia) eta Duguna (Iruñea) dantza taldeek baieztatu dute parte hartzea, baina beste edozein dantza taldek edo norbanakok ere parte hartzen ahalko du. Arkaitz Minerrek, Lorea Intxaurrandietak, Mikel Urbeltzek eta Ander Blaskok jarriko diote musika soka-dantzari eta Ihitz Iriart-ek kantatuko ditu Sustrai Colinak atondu dituen bertsoak (Xenpelarren Ia guriak egin du-ren doinuan): 

Doinua: Ia guriak egin du
-1-
Ia guriak egin du...
Baina zergatik isildu? (bis)
Soka-dantzara bildu
ta elkarri agindu:
euskaraz bizi nahi dut nik! (bis)
-2-
Nahiz moldatu erderetan
ez gaudenez Herbeheretan, (bis)
baldintza berberetan
hasi arte berbetan,
euskaraz bizi nahi dut nik! (bis)
-3-
Urrundik datozenekin
zein hurbilenekoekin, (bis)
ikasi dutenekin
nahiz ez dakitenekin,
euskaraz bizi nahi dut nik! (bis)
-4-
Nahiz ta nahi nauten sexia,
otzana, ongi hezia… (bis)
Berdin zait berezia
ez banaiz berez ia,
euskaraz bizi nahi dut nik! (bis)
-5-
Gaur sentitzen naiz ezgauza,
bihar herri baten kausa. (bis)
Norbere subirautza
baldin bada iraultza,
euskaraz bizi nahi dut nik! (bis)
-6-
Erori ahala jeikita
aurrera noa beti ta (bis)
ez batzuen epika
ez besteen etika,
euskaraz bizi nahi dut nik! (bis)
-7-
Ikasten hasia nintzen
manifa gabe bizitzen (bis)
baina Argomanizen
Lantzen edo Zalgizen
euskaraz bizi nahi dut nik! (bis)

Soka-dantza honen bitartez Bernat Etxeparek bere Kontrapas izeneko poeman iradoki ziguna jarriko dugu praktikan: jalgi dadila euskara, mundura, plazara eta baita dantzara!!!

Soka-dantzetan parte hartu nahi izanez gero dantzari@dantzan.com-era idazten ahal duzue.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Dantzan

Dantzan

dantzan 2001. urtean sortu zen eta 2003tik dantzan.com dantza sustatu eta hedatzeko elkarteak kudeatzen du.


Babestu dantzan.com