Eskuz eta aurreskuz lotzen da Aberri Egunaren soka
Aberri Egunean sokan dantzatutako aurreskuaren historian katebegiak lotu zaizkio azken bi urteotan. Euskal Herria Batera ekimenak 2025eko Aberri Egunaren baitan antolatutako ekitaldian hainbat gizarte eta politika ordezkarik elkarri eskutik emanda soka-dantzan parte hartu dute Donostian egindako ekitaldian.


Argia dantzari taldearen zuzendaritzapean, Arkaitz taldeetako dantzariek eta Elgoibarko Udalaren Txistulari Bandak gidatuta bideratu da esku-dantza.
2024an Bilbon berpiztu zen soka
Iaz Bilbon ospatu zuen Euskal Herria Batera ekimenak bere ospakizuna eta ordurako berpiztu zen luzaroan lozorroan izan den Aberri Egunean aurreskua sokan dantzatzeko ohitura. Bateratik Dantzan elkartearekin jarri ziren harremanetan dantza aldetik ekitaldira begira proposamena egiteko eta soka-dantza izan zen zalantzarik gabe egindako gomendioa. Portugaleteko Elai Alai dantza taldeko kideak arduratu ziren soka dantzan jartzeaz.
Aurreskua Aberri Egunaren sokan
Aberri Egunaren historiara bere sorreratik lotuta dago sokan dantzatutako aurreskua. 1932an ospatu zen lehenengo Aberri Egunean ordezkari politikoak izan ziren aurreskua plazaratu zutenak. Anton Irala eta Esteban Aranzadi dira sokan ageri diren bi ordezkari politiko.
Gerra galduta, duintasunaren aurreskua
1939an gerra galdu ondoren, erbesteratu behar izan ziren Eusko Jaurlaritzaren kideek dantzatu zuten aurreskua Donibane Lohizunen ospatutako Aberri Egunean. Telesforo Monzon sokaren buruan aurreskulari eta eskuz esku, sokan helduta Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu eta arduradun aritu ziren soka-dantzan: Jesus Maria Leizaola, Ramon Aldasoro, Jabier Gortazar, Txomin Epalza...