Dokumentuaren akzioak
Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
1939ko apirilaren 1ean iragarri zuen Francisco Franco jeneralak Espainiako Gerra Zibilaren bukaera eta militarren garaipena. Handik egun gutxira, apirilaren 9an, Aberri Eguna ospatu zen. Erbesteratutako Eusko Jaurlaritzak ospakizunari eutsi zion, baina Donibane Lohizunen aurreskua dantzatu zuten Eusko Jaurlaritzaren sailburuen bisaian antzeman daiteke egoeraren larritasuna.
Agintariak dantzan
Aurreskua dantzatzea ohikoa zen XX. mende hasierako euskal gizartean eta agintari eta ordezkari politikoentzat ospakizun eta ohore handieneko unea izaten zen. Eusko Alderdi Jeltzalearen fundazio egunean ere elkarri eskuak emanda aurreskua dantzatu zuten Sabino Aranak eta bere jarraitzaileek. 1932an, lehen Aberri Egunaren ospakizunetan, ordezkari politikoek dantzatu zuten aurreskua. 1939ko Aberri Egun tristean, Eusko Jaurlaritzaren arduradunek, Francoren garaipenaren iragarpenetik astebete eskasera, galtzaileen soka atera zuten dantzara Donibane Lohizuneko Luis XIV plazan, duintasunaren aurreskua.
Telesforo Monzon ageri da sokaren buruan eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu eta arduradun ageri dira eskuz-esku soka-dantzan: Jesus Maria Leizaola, Ramon Aldasoro, Jabier Gortazar, Txomin Epalza, e.a. Eskuz esku osatutako aurreskuan ohiko zati guztiak dantzatu zituztela antzeman daiteke argazkietan: lehen sokaren plazaratzea, agintariei agurra, aurreskuaren eta atzeskuaren arteko desafioa, plazaratutako gonbidatuari agurra, e.a. Jean Louis Bergarak jakinarazi digunez Zubeldia anaiak ari dira txistuan.
Aurreskua sokan
Euskal protokoloetako sinbolo nagusi moduan darabilgu aurreskua, baina berriz ere irudi historiko hauek agerian jartzen dute aurreskuaren ohoreak sokan datzala. Eskuak elkarri emanez soka berean eta soka berekoak garela herritarren aurrean adieraziz, taldean, komunitatean dantzatzen da aurreskua. Deitu aurreskua, deitu soka-dantza, esku-dantza, zortzikoa ala dantza-korda.
Aurreskua ez da inork gure aurrean dantzatuz "jaso" egiten den ohorea, baizik eta guk geuk gure gorputzak elkarri lotuz gure arteko sokaren gogoa dantzan jartzen duguna. Ez baitago aurreskurik sokarik gabe.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Mikel Sarriegi on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Mikel Sarriegi on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Dantzan on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Leire Narbaiza on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23
Bestalde, sokara gonbidatutako emakumeen izenak jartzea ere komeniko litzteke, seguru nagoelako ez zirela edonor izango. Ez ditzagun ahatz!
Emakumeen izenen inguruan arrazoi osoa duzu. Saiatu ginen horiek jasotzen, baina ez genuen lortu eta pentsatu genuen behin argitaratuta agian errazago izango zela identifikatzen hastea. Zaila da 82 urte pasa direlako, baina ea zabalkundea eman eta argitzen joateko aukera dugun.