Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Aurresku bat Usartzan 1932an

Dokumentuaren akzioak

Aurresku bat Usartzan 1932an

Aurresku bat Usartzan 1932an

Dantza soltean, Gisasola-Sarasua familiaren ospakizuna, Usartzan (Eibar), 1932-07-04. Argazkilaria: Pablo Sarasua. Antonio Sarasua Gisasolaren argazki-bilduma.

Familia ospakizun bat Usartzan (Eibar), eta senideak dantzan, zehazki, aurreskuan eta dantza soltean ageri dira Asier Sarasuak helarazi digun 1932ko argazki sorta honetan. Aurreskuaren soka ageri da argazkietako batean, eta dantzarako musika gramola bidez jarri zutela ikusten da irudietan.

Soka-dantza, aurreskuaren soka ageri da lehen argazkian. Zazpi lagun (bost emakume, gizonezko bat eta neskatila) ageri dira sokan argazkiaren ezkerraldean. Eskuma aldean bi gizonezkok emakume bat dute beraien erdian, alegia, zerbitzariak dira bi hauek, eta aurreskularia izan daitekeena gizona emakumearen aurrean dago, dantzan, eskuak gerrian jarrita eta eskuineko oinarekin pausoa markatuz. Erdian, gramola, tapa altxatuta, altaboz funtzio bete dezan.

Usartza 1932 Gisasola-Sarasua familia 01
Aurreskua Gisasola-Sarasua familiaren ospakizunean, Usartzan (Eibar), 1932-07-04. Argazkilaria: Pablo Sarasua. Antonio Sarasua Gisasolaren argazki-bilduma.

Familia ospakizuna

Sona handikoak ziren garai bateko Usartzako erromeriak. Milaka lagun batzen omen zen Usartzan dantzara. Baina ez dira erromeria jendetsu horiek argazkiotan ageri direnak. Usartzan bai, baina familia giro intimoan egindako festa da Asier Sarasuak helarazi dizkigun argazki hauetan ageri dena. Bere aitxitxa Antonio Sarasua Gisasolaren argazki-bilduman agertu dira erretratu hauek. Ondoko argazkian dantza-soltean ageri dira, aurresku bukaeran izan liteke. 

Usartza 1932 Gisasola-Sarasua familia 02
Dantza soltea Gisasola-Sarasua familiaren ospakizunean, Usartzan (Eibar), 1932-07-04. Argazkilaria: Pablo Sarasua. Antonio Sarasua Gisasolaren argazki-bilduma.

 

1932ko uztailaren 4an, Gisasola-Sarasuatarrek Usartzen egindako familia ospakizun baten argazkiak dira. Asier Sarasua, bere ama Maite Aranberriren laguntzarekin, argazkian ageri direnak identifikatzen aritu da. Badirudi Pablo Sarasua Guruzeta eta Gregoria Gisasola Iñarrairaegi senar-emazteen ospakizun bat dela aitzakia. Argazkietan ageri diren gainontzekoak bi horien anai-arrebak eta koinatuak dira. Hauek dira identifikatu dituztenak: Pablo Sarasua eta Gregoria Gisasola, Heraclio Sarasua (?), Maria Sarasua eta Fernando Irusta, Isabel Sarasua eta Genaro Boneta, Juan Bautista Gisasola eta Digna xx eta hauen alaba Ana Mari Gisasola, Antonia Gisasola eta Bernarda Gisasola. 

Usartza 1932 Gisasola-Sarasua familia 03
Dantza soltea Gisasola-Sarasua familiaren ospakizunean, Usartzan (Eibar), 1932-07-04. Argazkilaria: Pablo Sarasua. Antonio Sarasua Gisasolaren argazki-bilduma.

Organistianekuak

Musikazaletasun handia zuen Gisasola familiak. "Organistianekuak" deitzen zieten Eibarren Gisasolatarren familiari Asier Sarasuak esan digunez. Musikariak ziren denak, baina gehien nabarmendu zena Juan Bautista "Juanito" Gisasola Iñarrairaegi izen zen, musikari ezaguna eta Eibarko Musika eskolari izena ematen diona. Argazkilari Pablo Sarasuak egingo zuen ziur aski, bera argazki bakarrean agertzen baita eta hor Juan Bautista Gisasola falta da. 

Usartza 1932 Gisasola-Sarasua familia 04
Gisasola-Sarasua familiaren ospakizuna, Usartzan (Eibar), 1932-07-04. Goiko lerroan zutik, ezkerretik hasita: Genaro Boneta, (Heraclio Sarasua?), Fernando Irusta, Maria Sarasua Guruzeta eta Pablo Sarasua Guruzeta. Behean, ezkerretik hasita: Isabel Sarasua, Gregoria Gisasola Iñarrairaegi, Ana Mari Gisasola Elejalde umea, ondoan bere ama Digna Elejalde Aranbarri (Juan Bautista Gisasolan emaztea eta Ana Marin ama), eta bere gainean Antonia Gisasola Iñarrairaegi eta Bernarda Gisasola Iñarrairaegi ahizpak. Argazkilaria: Juan Bautista Gisasola. Antonio Sarasua Gisasolaren argazki-bilduma.

Aurreskuaren irudiarekin batera gramola da deigarri gertatzen dena. Soka-dantzak edo sokan egindako aurreskuak, 1930ko hamarkadan familia giroan egiten jarraitzen zirela erakusten du irudiak. Gramolak arruntak ziren XX. mende hasieran, eta zuzeneko musikariekin lehia sortu zen, Aingeru Berguices ikertzaileak doktorego tesian azaldu duenez. 

Usartza 1932 Gisasola-Sarasua familia 05
Gramolarekin dantzan, Gisasola-Sarasua familiaren ospakizuna, Usartzan (Eibar), 1932-07-04. Argazkilaria: Juan Bautista Gisasola. Antonio Sarasua Gisasolaren argazki-bilduma.

Argazki sorta ederra eta interesgarria beraz, Antonio Sarasua Gisasola bildumatik Asier Sarasuak helarazi diguna. Eskerrik asko!

Dokumentuaren akzioak

2017/01/26 18:58
Eskerrak zuei, familiako argazki horiei testu inguru historikoa eta zentzua ematearren ;)
2017/01/31 09:34
Argazki ederrak eta istorioa ere bai! Zorionak! Pena argazki kamara azaltzen ez dela, digitala zelarik ez dut uste
2017/01/31 10:28
Felix, bakoitzak bere zoroa bizi du! ;-)
2017/01/31 20:08
Zer dantzatu ote zuen gizon (auresku) honek?

Zein iritzi duzue soka-dantzen erabilera espontaneoago / ez-hain-formal / ez-protokolario hau berriz ere aktibatzeaz? Izango luke lekurik gaur egun? Ni baiezkoan nago, baina bultzatu egin behar...
2017/02/01 09:13
Nik esango nuke Gerra zibilerarte aurresku-libreak (protokolario formaletatik bereizteko) nahiko ohikoak izaten zirela. Eta testuinguru batzuetan gerra ostean ere iraun zuten bakar-batzuk (Lorenzo San Joanen grabazioetan ikusten diren erakoak). 1910-20ko hamarkadan adibidez, Arraten, Arrate egun arratsaldean ohikoa izaten zen 14-15 soka-dantza dantzatzea, kuadrilla bakoitzak berea. Soka-dantza bera nahiko egituratuta izango zen, baina malgutasuna ere izango zen, eta gero, dantzari bakoitzaren dantzakerari buruz, nik uste dut garai horretako aurresku txapelketek erakusten dutenak lagundu dezakeela irudikatzen:
https://dantzan.eus/bideoak/bergara-1926-02
https://dantzan.eus/bideoak[…]rresku-txapelketa-1923-1928

Baina horrek ez du kentzen zenbaitek aurresku egituratu eta zurrunagoak dantzatu izana aldi berean, eta denen elkarbizitza gertatzea. Badira ia 20 urte horren inguruko pista politak eman zizkidala Patxi Beitiak, Eibarko Kezkako zuzendari izandakoak tarte txiki batean Bermeora ezkondu eta han Alkartasuna dantza taldea sortu aurretik. Patxik hauxe esan zidan:

"Aurreskua zelan egitten zan, Bizkaiko ala gipuzkuar erara?

Libria, nik libria beti egin dot, sasikua esateko, apurtxo bat donostiarra, bilbotarra ta puff, nahastekua. Gregoriok berak ez zekixan aurreskurik, ez dau jakin sekula, eta ipintzen eban beste bat, aiudantia edo, Mendarokua edo… haren zati bat, gero Bizkaikueri atarata beste bat, eta hola… Baiña ajilla egoten nintzan orduan, ensaiau be etxian eta, urte edarrak zertu nittuan. Gero urten neban Zaldibarren subcampeón de Bizkaia. Zaldibarrera presentau nintzan eta ni eibartarra naizela eta ezetz. Baiña azkenian hartu esten eta subcampeón de Bizkaia atara neban. 57 edo 58xan izango zan. Gero, bajatzen juan nintzan konkursuetan, Durangon, Arraten… "

https://dantzan.eus/[…]/iii-elkarrizketak

Nire aitxitxa Juan Arrieta elgoibartarrak ere esana zidan, gerra aurrean behin edo behin berak soka-dantzan, aurreskua edo atzeskua dantzatu izan zuela. Eta inokin ikasi ote zuen, eta nolakoa egin zuen galdetzerakoan (80 urte zituen ordurako) barrea ateratzen zitzaion, berak ez baitzuen inokin ikasi eta beraz, "ahal modukoa, zer zekien berak ba zer egin ote zuen..".

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com