Zer gertatzen da instituzioak ekintzak baino garrantzia handiago hartzen duenean?
Zer gertatzen da instituzioak ekintzak baino garrantzia handiago hartzen duenean? Dantza talde bat...
Etengabeko krisia bizi omen du dantzak. Eskasia gorria. Bada, ordea, sobera dugun zerbait; dantza taldeak, alegia. Bizpahiru milioi biztanle inguruko herri batean, ziento batzuk gorabehera, laurehun dantza talde baldin baditugu eta talde bakoitzean berrogeita hamar kide baldin badaude –haurren dantza eskola edo taldea kontuan hartu gabe-, hogei mila dantzari! Harrapazank.
Ezin esan bada, delako euskal dantzak osasun exkaxa duenik. Kuantitatiboki ez, behintzat. Aspaldi luze honetan, baina, badut errezeloa energia gehiegi alferrik xahutzen ari ez ote den. Taldeak galga lana egiten du dantzaren inguruan interes eta gogo handia duenarentzat. Aspektu horri erreparatuta interesgarria iruditzen zait maila erdi-profesionalean funtzionatzen duten taldexkak agertu izana (dantzaria eta profesionala, gure esparruan, kimera bat da).
Kartutxoak aldez aurretik erretzen ari gara: instituzioa mantentzeagatik borondate handia, baina formaziorik ez duten gazteak ari dira irakasle lanetan (ezin ukatu, esaterako, haurren dantza klase asko haurtzaindegi zerbitzutzat hartzen direla, horrek esan nahi duen guztiarekin); errepertorioa zeharo erreta dagoela dirudi (nahiz eta luzerako ematen duen gaia izan); baita emanaldietarako zirkuitua; eta abar luze bat.
Taldearen izaera korporatibista zeharo markatzen duen adibide garbia taldea uztea da. Erabaki transzendentala, askotan ikusi izan dudanaren arabera. Bai ote? Demonio, ez al dugu bada, nahi dugulako dantzatzen?... Zer esanik ez beste ikuspuntu, apeta, iritzi edo dena delakoagatik, beste talde batera joaten bada dantzaria. Traizioa!
Borondate ona eta giza kalitatea nahi adina dago dantza taldetan, zalantzarik gabe. Ezin gara, ordea, itsuak izan: hutsune ugari dugu.
Ez naiz eruditua. Aitzitik, blog hau abian jarri eta nire burutazioak idazteko buru arina izan dut –ignorantziaren gailurra!-. Esan ere, ez naiz ezer berririk esaten ari: dagoen potentziala ez garatzeak kezkatzen nau. Izan ere, askotan, bada zenbait une, non aurrerapenik ez egitea atzerako pausu itzela den.