Dokumentuaren akzioak
Space Invaderrak inoiz lortuko ez duena
Egun bakarrean Snapchat, Facebook, eta Instagrameko erabiltzaileok igotzen ditugun irudi eta bideo guztiak ikusteko 50 urte beharko genituzke, irudi bakoitzari segundo bat eskainita. Joan Fontcuberta Harvardeko ikus-entzunezko komunikazioko irakasleak El Independiente atarian egin dioten elkarrizketan esandakoa da.
Argazkigintza hilda dago Fontcubertaren ustez. Irudiek ez omen dute dagoeneko balio dokumentalik, eta post-argazkilaritzaren garaia omen da gurea. Irudiak gure teknologiaren edota lengoaiaren parte dira. Esaterako, oharrak idatzi beharrean, argazkiak hartzen ditugu. Azken batean, irudiak ere kontsumo-gaiak dira.
Burutazio horiekin iritsi naiz Iturena, kamera eskutan, hango inauteria grabatzera. Espero baino ikusle gehiago dago. Eta ikusle baino kamera gehiago. Iritsi dira joaldunak, mozorroak eta enparauak herrira. Ez zait samurra suertatu kokapen egokiak aurkitzea. Guztiok nahi ditugu hartu jatorrizko irudiak. Errealak. Autentikoak. Han dira baita ere Space Invaderrak. Irudi onenak hartu nahian, protagonisten esparruan sartu eta haien jarduna oztopatzen aritzen direnak. Tira, azti ibili ez naizenetan, space invader iza naiz ni ere.
Ezkontzatan dantzatzen aritutako garaiak etorri zaizkit gogora. Historiako uneren batean, argazkilari batzuk gertakaria irudi bidez kontatzetik, koreografo-lanak egitera pasa ziren. Halako posizioan jartzeko, bestelako tokira mugitzeko, mugimendu bat ala bestea errepikatzeko, eta antzekoak eskatzen zizkiguten.
Ondorioz, gatazka bat baino gehiago izan genuen argazkilariekin. Ez geunden naximentu edo atrezzo bizidun izateko prest. Errito batean ari ginen parte-hartzen, eta bestelako funtzioa betetzen genuen.
Iturenen, halako batean, ikusle batek eskatu dio mozorro bati errepika dezala aurretik egin duen imintzioa. Ez dio argazkia hartzeko denborarik eman. Mozorroen funtzioetako bat zirikatzea den arren, zintzo demonio errepikatu du ikusleak eskatutakoa.
Zilegi ote da kanpotik iritsi eta inauteriko pertsonaien rolei eragitea? Ez ote da hori perbertsioa? Baietz esango nuke. Autentikotasunaren bila joanda, autentikoa den hori adulteratzeko arriskua dugu, eskutan dugun kamerak agintzen duen errealitatera egokitzeko.
Segidan, tradizioak aldi berean betikoak eta berriak direla gogorarazi dit beste mozorro batek. Ohiko trapuak daramatza soinean, baina baita smartphone ugari ere eta pantaila bat aurpegian. Kontzientzia aztoratzea da mozorroen beste funtzioetako bat, eta bete-betean asmatu du. Ispilu ezin hobea izan da.
Eguerdia aurrera doa, eta opari itzela jaso dut. Aurtitzeko lagun batek hango elkartean bazkaltzeko gonbita egin dit. Mozorrotu eta mahaian eseritzearekin batera, inbaditzaile izateari utzi, eta komunitatean integratu naiz. Etxerako buelta biharamun itzelarekin, baina biziberrituta egin dut. Hori da inauteriaren indarra.
Noski, aurretik kamera itzali eta kotxean gorde dut, ez baitago han bizitakoak jasoko dituen kamerarik.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Gari Otamendi
Añorga, 1980
Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean.
Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on Duintasunaren sarrailak 2018/02/27
- Patxi Montero on Ez da kasualitatea 2017/05/11
- Patxi Montero on Egia gordin bat 2017/01/16
- Iñaki Zugasti on Kolakau dekonstruitua 2016/04/06
- Oier Araolaza on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
- Xabier Etxabe on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
-
oier on Quinto, levanta
oier2008/09/14
-
aritz on Quinto, levanta
aritz2008/09/14
-
gari on Horrelako gehiago egin behar dira
gari2008/06/11
-
oier on Horrelako gehiago egin behar dira
oier2008/06/11