Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Gari Otamendi Sortu ala egin, ondu ala egosi

Dokumentuaren akzioak

Sortu ala egin, ondu ala egosi

2017/03/07 08:25

Otsailean epaiketa izan zuten Mikel Urmeneta marrazkilariak eta berak sortutako Kukuxumusu enpresaren jabeek. Urmenetak Kukuxumusurentzat egindako marrazkiak eta pertsonaiak sortu berri duen Katuki Saguyaki enpresarekin erabil ote zitzakeen ebaztea zen auzia. Momentuz, ezin du. Salomonikoa dirudi egoerak: Urmeneta da marrazkion egilea, eta Kukuxumusu jabea. Bide batez, merezi du ikustea Mikelen anaia Asiskok egindako marrazki-kronika.

Sorkuntza akaso gainbaloratuta dugun garaiotan, sorkuntzaren egiletzak zenbait auzi planteatzen dizkigu dantzarioi. Bereziki, esparru tradizionalean ari garenoi. Bistan denez, dantza eta, oro har, kultura herrikoia etengabeko sorkuntzari esker bizi dira. Ez ditugu ezagutzen, ordea, egin ohi ditugun dantzen egileen izenak.

Ez ditugu ezagutzen, ez dutelako jatorrizko sortzaile bakarra. Belaunaldiz belaunaldiko transmisioan egindako ekarpenekin birsortzen da dantza, Erdi Aroan eraikitzen hasi eta gaur arte zutik dirauen katedral baten moduan. Sorkuntza organikoa, baten batek esango lukeen gisan.

Egiletzaren kontua ez da kontu berria dantza tradizionalean. Zuberoan maskaradetan dantzatzen diren aintzineko puntuetan ohikoa da dantza-maisuen izenak dituzten aldairak edo urrats-konbinazioak aurkitzea. Duela mende bateko dantza-maisuek, bazuten beraz, gaur egungo marketin-ikuspegia aplikatuta, marka-irudiaren nozioa.

Beharko eduki, beren ogibidea zelako. Jornala dantzaren bitartez atera beharrak dakar norbere burua nabarmendu beharra, lanerako deitzea baita helburua. Ego artistikoaz edota harrokeriaz gain, apustu profesional batek zerikusi zuzena du egile-norbanakoaren definizioan.

Funtsean, gaur egun hainbat dantzarik gauza bera egiten segitzen dugu. Tradizioz jasotako urrastegiekin eta musikarekin, esaldi-konbinazioak sortzen ditugu, zenbait arau edo gida jarraituta. Inprobisazioaren funtsa da hori, bertsolarien sistemaren parekoa. Baina, bertsolariek ez bezala, dantzari askok, oro har, ez dugu sistema tradizional baten gainean sortutakoaren gaineko egile kontzientziarik. Sormen kooperatiboaren eta kolaboratiboaren eredua da dantza tradizionala.

Taldearen anonimotasunean lanean ari diren sortzaile eta ikertzaile bikainak ditugu Euskal Herrian. Ez dira asko, herri txikia baita gurea. Nobela beltzetako detektibeen antzera, ezezagunak dira, nolabaiteko anti-heroiak. Arestiren poema ezaguna hartuta, herriari debalde hartutakoa, debalde ematen diote. Debalde, baina onduta, nahiz askotan merke-zurrean hartzen dugun.

Sorkuntzak eta egiletzak kontraesanak sortzen dizkigu dantzarioi, Kukuxumusuren… barka, Urmenetaren zezenek euskaldunok ordezkatzen gaituzten planteatzeak sortzen dizkugunaren modukoak. Zorionez, egunero sortzen dugu geure burua, eta inork ezin digu horren jabetza-eskubiderik eskatu.

Info7 irratian, 2016ko martxoaren 6an

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Gari Otamendi

Gari Otamendi

Añorga, 1980

Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean. 

Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.