Dokumentuaren akzioak
Sormena transpirazio-lana da
Euskal dantza tradizionala zaharkituta eta agortuta dagoela diote askok sarritan. Ez da gaur egungo gizartearen parametroetara egokitzen. Dantza modernizatu beharra dago. Sorkuntza berriak omen dira soluzioa.
Modernizazioa. Dantza berritu beharra. Mantra baten modukoak bihurtu dira dantzarion arteko eztabaidatan, paradigma modernoa bera ere zahartuta dagoela ahaztuta.
Tradizioa deitzen diogun hori sormen handiarekin joan da osatzen, belaunaldiz belaunaldi egindako egokitzapenekin. Etengabe egokitzen eta aldatzen delako dago bizirik dantza. Kontua da, aldaketa horien gaineko kontzientzia galdu eta testuingurua eraldatu denean, dantzaren hainbat klabe ezkutuan geratu direla. Oraindik ere, oso gutxi dakigu egiten ditugun dantzei buruz. Ezinbestekoa da esku artean duguna ezagutzea.
Euskal dantza tradizionalak mami askorik ez duela uste izateko motiboetako bat da gaur egun dugun sorkuntzaren gaineko ikuspegi murriztua. Sorkuntzari buruz, klabe artistikoan bakarrik pentsatzeko joera handia dugu.
XX. mendeko euskal kulturaren Berpizkundea eskenatokian zentratu zen, kontzientzia eta intentzio osoarekin. Euskal kulturako berreskuratze, birsortze eta sormen lanak ahalik eta publiko zabalenari erakustea zen helburua. Bide horri ekin zioten dantza-talde gehienek ere. Gaur arte.
Plazatik antzokirako bidean dantzen funtsezko klabeak galdu edo ahaztu ditugu askotan. Hortik dator pentsatzea euskal dantza tradizionalak baliabide murritzak ematen dituela sormenerako.
Bestalde, kontuan hartu beharrekoa da, oro har, antzokiko ikuskizunetarako dantzariok dugun prestaketa dramatiko eskasa. Euskal dantza eta erritual tradizionalek teatraltasun pertsonalerako aukera paregabeak ematen dituzte. Kontua da teatraltasun hori erakusteko testuinguru egokia bilatzea.
Bestalde, euskal partikulartasunaren ikuskerak oraindik ere indar handia du gure subkontziente kolektiboan. Ikuskera erredukzionista eta eskasa da, eta badirudi euskal kultura osoa ikuspegi horren barruan bakarrik garatu zela. Munduko hiritarren pulpitutik kultura tradizionala mespretxatzeko eta baliogabetzeko argudio ezin hobea da.
Ezagutza ezak, baina, aurreiritziak sortzen ditu. Kondizio eskasetan lanean ari diren ikertzaileei esker, gaur egun badakigu euskaldunak 5.000 urtez iraun duen europar gizarte nekazariko komunitate bat garela. Gure adierazpen soziokulturalak -dantza barne- Lisboatik Uraletarainoko bidean osatu dira. Baita areago ere.
Euskal dantza tradizionala osatzeko, egokitzeko, birsortzeko eta, azken unean, sortzeko material agorrezina daukagu europar herrialde askotan. Euskal Herrian galdutako zenbait elementu mantendu dituzte beste komunitate batzuk, baita alderantziz ere. Kanpoan tentuz aztertuz eta ikertuz gero, gure elementu ugari berreskura ditzakegu, gure dantzak birsortzeko. Ez dugu ezagutzen eta menderatzen ez ditugun bestelako diziplinetan irtenbideak bilatzen hasi beharrik.
Santi Leoneren moduan gure herria imajinatzeko eta kultura sortzeko eskubidea aldarrikatzen dut. Behin sortzen hasita, ordea, ez dugu paper zuririk eta kutxa beltzik behar. Ez gara hutsetik abiatzen. Sorbaldan daramagun motxila astuna arintzeko, gelditu, motxila arakatu eta beharrezkoa eta nahi duguna hartzea besterik ez dugu.
Esaldi ezagun bat bada. Egiaz betetako topiko horietako bat. Newton, Bach, Beethoven, Edison, Wilde… egile handi askok esandakoa omen. Sormen prozesuan behar den inspirazio-portzentaia ehuneko bata da. Gainerako ehuneko laurogeita hemeretzia, berriz, transpirazioa da. Transpirazioa da sormen-lana.
Info7 irratia, 2015eko apirilaren 23an
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Gari Otamendi
Añorga, 1980
Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean.
Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on Duintasunaren sarrailak 2018/02/27
- Patxi Montero on Ez da kasualitatea 2017/05/11
- Patxi Montero on Egia gordin bat 2017/01/16
- Iñaki Zugasti on Kolakau dekonstruitua 2016/04/06
- Oier Araolaza on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
- Xabier Etxabe on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
-
oier on Quinto, levanta
oier2008/09/14
-
aritz on Quinto, levanta
aritz2008/09/14
-
gari on Horrelako gehiago egin behar dira
gari2008/06/11
-
oier on Horrelako gehiago egin behar dira
oier2008/06/11