Dokumentuaren akzioak
Plazera sakrifizioaren ordez
Joan zen apirilaren amaieran Hik Hasi aldizkariak antolatutako Herri hezitzailea, eskola herritara jardunaldian Leo Pahkin, Finlandiako Hezkuntza Kontseilu Nazionaleko ordezkariak mundu osoan eredugarritzat hartzen den Finlandiako hezkuntza-sistemaren gakoak azaldu zituen.
Finlandian edukiei baino garrantzia gehiago ematen diote ikasketa-prozesuari. Helburu nagusia da haurrek erronkak izatea, eta erronka horiek haurrak bere kabuz betetzeko modukoak izatea. Konfiantzan eta autonomian oinarritzen da Finlandiako hezkuntza-sistema. Zentro bakoitzeko irakasleek beren metodologia propioa sortzeko ahalmena dute.
Sistema horrek, berez, erabateko lotura luke duela mende bat arte Euskal Herrian iraun zuen dantza-maisuen tradizioarekin. Unitate didaktorik gabeko garai haietan, maisu bakoitzak bere ekarpenarekin osatzen zituen aurretik jasotako sistemak eta edukiak. Salbuespenak salbuespen, transmisio-eredu hori Gerra Zibilarekin eta frankismoarekin eten zen.
Euskal kulturaren 70eko Pizkundearekin, ikastolak sortu ziren. Urteen joan-etorriarekin, hezkuntza-sistemaren bizkarrean utzi dugu euskararen eta euskal kulturaren transmisioa. Dagoeneko, kontzientzia lasaiarekin ikus dezakegu Espainiako futbol taldearen partida. Haserre bizian jartzen gara milioika euro irabazten dituen jokalari batek gol bat huts egitean. Aldiz, bost axola zaigu geure seme-alabak kurtso-amaierako dantza-emanaldian hamaika aldiz tronpatzea.
Sarritan ikusten ditugu haurren emanaldietan haurrentzat egokitutako dantzak. Egokitze horrek duen arrisku nagusia sinplismoa da, eta haurraren ahalmenarekin baino zerikusi gehiago leukake irakaslearen ezintasunarekin. Tontotzat hartzen ditugula pentsa lezakete haurrek eskubide osoarekin. Gure lehen erronka da haurrei erronkak jartzea. Euskal dantza tradizionalak horretarako baliabide ugari ditu.
Horrez gain, gaur egun irakaskuntzan ari garenok dantzaren transmisiorako bi erronka nagusi ditugu. Batetik, dantzaren inguruko ezagutza eskasa landu behar dugu. Klixez eta topikoz betetako diskurtsoak eta ikuskizunak dira behar horren sintoma.
Bestetik, euskal kulturgintzaren 70eko hamarkadako Berpizkundearen belaunalditik dibortziatu behar gara. Maitasunez, eta jasotako guztiarekiko esker onez. Baina berrogei urteren ondoren, aingura bat bihurtu zaigu leialtasuna. Gure ahalmena garatzeko langa bihurtu ditugu gure gurasoak. Sekula haiek bezain onak ez garela izango sinistuta bizi gara. Indibiduo autonomoekin akats eta lorpen propioak egiteko garaia da, gaur egungo gizarte-komunitatea eraikitzen segitzeko.
Transmisioaren helburua zein den izan behar dugu argi. Gaur egun ez dugu euskal kultura berreskuratu behar. Mantendu eta garatu egin behar dugu. Tira, batzuetan salbatu ere bai. Baina euskal kultura desagertzera eraman lezaketen mehatxuen funtzionamendua aldatu da. Ez ordea, gure transmisio-sistema. Agortutako eskema zaharren arabera funtzionatzen jarraitzen dugu eta horrek ez digu aurrera egiten laguntzen.
Joseba Zulaikak ETAren hautsa liburuan deskribatutako sakrifizioaren militantzia ereduan segitzen dugu lanean maiz. Errealitateak erakusten digu agortuta dagoela bide hori. Ditugun erronkei aurre egiteko abiapuntua aldatuko nuke: sakrifizioa beharrean, plazera hartuko nuke oinarritzat. Egiten dugunarekin gozatzea.
Arlo askotako hainbat adituk gero eta gehiagotan aipatzen du emozioetan oinarritutako hezkuntza. Geure bizitzan, bereziki haurtzaroan, bizitzen ditugun sentimenek eragin zuzena omen dute gure izaeran, eta emozioen arteko gorabehera plazerak orekatzen du. Oraindik ere, dantzari askok plazera alboratuta uzten dugu, milintantziak dantzan gozatzea baino premia handiagoko ardurak eman dizkigulako. Zorionez, errealitate hori iraul dezakegu.
Gaur egun, ekimen eta jarduera ugari egiten dira dantzatze hutsarekin gozatzeko. Azken batean, ez bada gozamenik, ez da transmisiorik, ez gizarte-kohesiorik, ez nazio-eraikuntzarik.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Gari Otamendi
Añorga, 1980
Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean.
Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on Duintasunaren sarrailak 2018/02/27
- Patxi Montero on Ez da kasualitatea 2017/05/11
- Patxi Montero on Egia gordin bat 2017/01/16
- Iñaki Zugasti on Kolakau dekonstruitua 2016/04/06
- Oier Araolaza on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
- Xabier Etxabe on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
-
oier on Quinto, levanta
oier2008/09/14
-
aritz on Quinto, levanta
aritz2008/09/14
-
gari on Horrelako gehiago egin behar dira
gari2008/06/11
-
oier on Horrelako gehiago egin behar dira
oier2008/06/11