Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Gari Otamendi Mundu tradizionala underground

Dokumentuaren akzioak

Mundu tradizionala underground

2007/01/26 13:16

Dantza taldeek monopolizatu al dute dantza? Neurri batean, bai. Ez, ordea, erabat, nahiz eta galbahea garrantzitsua izan den.

Egun oso modan dagoen hitza edo kontzeptua da alternatibo. Aurretik ere, underground izan zen denek ahotan zerabiltena... Gauzak nola diren: sistematik kanpo, etengabe aldatzen eta berritzen ari denari ere etiketa jarri diogu eta, dagoeneko, estetika nahiko jakina duena da alternatibo edo/eta underground. Bada esan daiteke mundu tradizionala, eta honen barruan, euskal dantza(?) -galdera ikurrarekin beti ere, definitzeko nahiko lan izango baikenuke, ala?-, definizioz dela underground eta alternatibo.

Zer du, baina, mundu tradizionalak alternatiboa izateko? Arautu eta instituzionalizatu gabeko esparru batetik abiatuta, etengabe sortzen dela, unean uneko baliabide, sentimen, ideia, apeta eta abarren arabera.

Euskal dantzak(?) baditu araututako tradizio oso interesgarriak (Gipuzkoako eta Zuberoako dantza-maisuena, besteak beste), baina baditu, halaber, herri girotik jasotako hainbat dantza. Fandangoa eta arin-arina dira adibide garbienak. Ez dut uste fandango eta arin-arinak adina aldaera duen dantzarik dagoenik euskal dantzan(?). Segurak markatzen digu, urtero, bertsio ofiziala. Eta Hertzainakek kantatzen zuen bezala, bertsio ofizial faltsuen erresuma da historia.

Diotenez, Lajak dakizkien doinu ederrenak ez ditu nonahi jotzen, are gutxiago aurrean mikrofonoa badu. Añorgako dantzari zaharrek ere soka-dantza egunerako gordetzen zituzten urrats ikusgarrienak. Labur esanda, aipatu kasuetan badago aukeraketa eta jarrera kritikoa, dantza-taldeak, kasu askotan, egin ez duena. Ulertzekoa bestetik, bere funtzionamenduak eskatzen duen kontsumo altuagatik.

Dantzari, musikari, bertsolari... azken  batean, artista alternatibo, underground eta modernoenak ez dute oholtza askotan zapaltzen. Ez da behintzat, ohikoena. Egun, teknika ondo edo ez hain ondo lantzen eta menderatzen duten interpreteak gailendu dira eta artista deitzen diegu.

Dokumentuaren akzioak

iturri
2007/01/28 12:06
Kaixo Gari:

"Diotenez, Lajak dakizkien doinu ederrenak ez ditu nonahi jotzen, are gutxiago aurrean mikrofonoa badu". Orain gogoan ez dudan musikari beltz bati buruz entzun nuen behin antzeko zerbait. Musikaria txoko batean ari zen musika jotzen eta kazetari txunditu bat hurbildu zen bertara. Derrepentean isildu zen musikoa.

Musikariak esan omen zion besteari berak une hartan jotzen zuena ez zela zurientzako musika.

Interesgarria hausnarketa.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Gari Otamendi

Gari Otamendi

Añorga, 1980

Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean. 

Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.