Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Gari Otamendi Kudeatzailea beldurra kudeatzen

Dokumentuaren akzioak

Kudeatzailea beldurra kudeatzen

2018/02/15 16:15

Egunerokotasunari aurre egiteko esaldi positiboz betetzen ditugu egunero sare sozialak. “Egin ezazu, eta beldurra baduzu, beldurrarekin egin ezazu”; “beldurra da zarenaren eta izan zaitezkeenaren arteko harresia”, “ausarta ez da beldurrik ez duena, beldurra gainditzen duena baizik”. Tira, Facebooken sartu eta goiz osoa pasa lezake batek antzekoak irakurtzen.

Egia da izan ere: beldurra gizarte-kontrolerako arma potentea da. Ezpada poteenteena. Dela etxebizitza, dela ogibidea, edota direla pertsonen arteko harremanak, beldurrak baldintzatzen ditu denak hein handi batean. Esparru profesionalari dagokionez, 2008an gelditzeko iritsi zen krisiak prekarietatea eta, ondorioz, prekarietateari beldurra ekarri zizkigun. Goizetik gauera lanean aritu arren, gibeleko aldean putre-sail bat hegan edukitzearen irudipena dute askok lanean.

Kulturaren eta sorkuntzaren kudeaketan ari garenok ondo dakigu hori, behin eta berriz hitz egiten baitugu sektoreko profesionalei buruz sare egonkor bati buruz ariko bagina bezala. Ondo asko dakigu, ordea, sortzaile profesionalak izatea kimera bat dela ia.

Diskurtsoaren eta eguneroko errealitatearen arteko kontraesanen motiboak ikusten ditugu, baina sarritan, edo sarriegi, ixildu egiten gara. Azken batean, gehienak ari gara kudeatzen ditugun arloetan sortzaile edota interprete lanetan, eta trintxeratik ikusten dugu lanean ari garen sektorean gertatzen dena.

Ixiltzen gara, duguntxo hori galtzeko beldurra dugulako: lanpostua, etorkizuneko enkarguak, emanaldiak… Oro har, egungo kultur kudeaketa erakunde publikoek bideratzen dute, eta horrek eragin zuzena du gure jokaeran. Hiru Trukuk kantatzen zuen moduan, “txakur gosearentzat ez da okel latzik, gosean eukiten dau ta jan egiten dau pozik”.

Prekarietateak behar luke, ordea, ozen hitz egiteko motibo nagusia. Galtzeko ezer ez izateak ematen duen askatasunarekin, gure sektoreetako argi-ilunei buruz publikoki eta, zergatik ez, ideologikoki eta politikoki lerratuta hitz egitea gizarte heldu baten sintoma litzateke.

Ziurrenik, beldurragatik ixiltzea ez da berariaz sistematizatutako kultur politika baten ondorioa, eta horregatik hain zuzen, kontuan hartzeko errealitate bat da.

Info7 irratian, 2018ko urtarrilaren 29an

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Gari Otamendi

Gari Otamendi

Añorga, 1980

Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean. 

Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.