Dokumentuaren akzioak
Kolakau dekonstruitua
Sorkuntzari eta arte garaikideari buruzko hausnarketa interesgarri bat egin zuten duela zenbait urte Espainiako telebista nazionalean Muchachada Nui saioan. Ferran Adriari buruzko parodia bat zen. Aktore batek jokatzen zuen sukaldari katalanaren papera. Esketxaren amaieran, esnea eta kakao-hautsa nahasten ditu ahoan. Gehienok edalontzian egiten duguna. Betiko kolakaua, alegia. Ferran Adriaren kolakaua ordea, sukaldatzaritza sortzailearen eta garaikidearen gailurra da: kolakau dekonstruitua.
Azken hamabost urteetan gutxi gorabehera, ez dira gutxi izan euskal dantza tradizionala eta dantza garaikidea uztartzeko egin diren saiakerak. Espainiako Gerra Zibilaren aurretik ere, euskal dantza tradizionala eta ballet klasikoa uztartzeko saiakerak egin ziren. Saiakera horien emaitzak baloratzea ez da kontu erraza. Oro har, esan liteke ez dutela euskal dantza tradizionala berritzea lortu.
Kakaoa eta esnea nahastuta, kolakaua. Arrautza eta patatak nahastuta, tortila. Baina arrautza eta patata bata bestearen ondoan jartze hutsarekin ez da tortilarik egiten. Prestatzen jakin behar da. Antzeko zerbait gertatzen da dantzarekin.
Dantza garaikidea eta dantza tradizionala bata bestearekiko lengoaia oso desberdinak dira. Ez dago esan beharrik. Biak uztartzea interesgarria eta aberasgarria izan liteke. Kontua da halako uztarketak egiteko ondo ezagutu behar direla bi osagaiak. Bestela, kolakau dekonstruituaren moduko gauzak egin litezke. Edo tortila espainola. Edo estereotipoz betetako postalak... Hori ere zilegi da. Guztitariko gustuak ditugu pertsonok.
Nolanahi ere, Ferran Adriaren esketxean bada beste une goren bat. Arrautza frijitu, xerra eta patataz betetako plater bat husten duen unea hain zuzen. Platerekoak gutxietsi eta lurrera botatzen ditu. Ohikoegiak dira. Normalegiak. Xerra, arrautzak eta patatak. Betikotzat jo genezakeen platera, nahiz eta hori ere noizbat norbaitek sortu zuen.
Arte garaikideak kultura tradizionala sistematikoki gutxiestearen metafora izan liteke Ferran Adriak platera jatekoz eta edukiz hustea. Dantza garaikidea eta dantza tradizionala uztartu beharraren klabea jarrera horretan egon liteke. Dantza modernizatzeko behar horren atzeko motibazioan jarri behar da arreta. Egarri artistikoa da? Ala kultura txiki baten gutxitasun konplexua?
Euskal dantza esaten diogun horrek laureun urte ingurutik gora daramatza etengabe birsortzen. Etenik gabe aldatu delako bizi da. Gizarte industrialarekin eta Francoren diktadurarekin kultura tradizionalaren inguruko klabe asko galdu genituen. Ikerketa behar handia daukagu oraindik ere dantza tradizionalaren sorkuntza-klabeak ulertzeko. Ikerketa beharra dugu estandarraren eta klitxearen arteko aldea bereizteko.
Alfred Hitchcockek esaten omen zuen: hobea da estandar batetik abiatuta zerbait berria sortzen amaitzea, zerbait berria egin nahian estandar bat errepikatzen amaitzea baino.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Gari Otamendi
Añorga, 1980
Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean.
Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on Duintasunaren sarrailak 2018/02/27
- Patxi Montero on Ez da kasualitatea 2017/05/11
- Patxi Montero on Egia gordin bat 2017/01/16
- Iñaki Zugasti on Kolakau dekonstruitua 2016/04/06
- Oier Araolaza on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
- Xabier Etxabe on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
-
oier on Quinto, levanta
oier2008/09/14
-
aritz on Quinto, levanta
aritz2008/09/14
-
gari on Horrelako gehiago egin behar dira
gari2008/06/11
-
oier on Horrelako gehiago egin behar dira
oier2008/06/11
Mesedez dekontruitzen denean ... es konponenteak galdu ... gorde ... maitatu ... eta ondo landu!