Dokumentuaren akzioak
Heroi eroen ezohiko normaltasuna
Heldu den azaroaren 11n estreinatuko dugu Bilboko Arriaga antzokian Martin Zalakain ikuskizuna. Juan Antonio Urbeltzen ideia da, Pio Barojaren Zalakain abenturazalea eleberrian oinarritutakoa. Narrazio eta hari dramatikoa izango dituen dantza-ikuskizuna da, eta Ander Lipusek jokatuko du Barojaren rola, Harkaitz Canok ondutako testuekin. Hirugarren Karlistaldian kokatzen da istorioa, Euskal Herrian herritar anonimo askoren odola borborka isurrarazi zuen gerran.
Laurogei dantzaritik gora eta hamabost bat musikari igoko gara oholtza gainera. Martin Zalakain eta Kattalin Ohandoren maitasun istorioaren bueltan, erromeriak eta batailak dantzatuko ditugu, baita eroen inauteri bat ere.
Buruko gaixotasunak alde batera utzita, eta jasaten dituztenei errespetu osoa adierazita, guk ere badugu eroaldi puntu bat. Eroa esaten diogu sarritan, edo sarriegi, errealitatearen jabe izateko ustetan-edo, errealitateari guk ez bezala erreparatzen dionari.
Esan ere, erotuta gaudela esaten digute lagunek eta familiartekoek, asteburutan eta ordu txikitan entseatzera joateko kotxea hartzen ikusten gaituztenean. Erotuta gaudela esaten digute, debaldeko lanean ari garelako, egindako esfortzu gogorraren ordainetan zer jasotzen dugun galdetu gabe.
Besteak beste, euskal heroi klasikoa delako aukeratu du Urbeltzek Zalakain. Euskaldunok ez omen ditugu heroi asko, komunitateko joera berdinzalea dugulako. Bada oraingoan ziento bat heroi igoko gara Arriagako oholtza gainera:
gizonak eta emakumeak; ikasleak, ingeniariak, langabetuak, kazetariak, aktoreak, irakasleak…; lapurtarrak, bizkaitarrak, nafarrak, giputzak…; garaiak, txikiak, finak, moxtakak… eskuin eta ezker, hamarna gorputz, bizipen eta emozio eszenatokian.
Bi urtetik gora pasa ditugu Martin Zalakain prestatzen. Askoz gehiago pasa ditugu ikuskizuna ontzeko kultur eta koreografia ondarea jasotzen, sortzen eta birsortzen, Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik duela 50 urte abiatutako bidetik.
Kultur desertu batean ekin zioten beren ibilbideari, eta oraingo belaunaldiaren erronka da homologaziora garamatzan kultura globalizatuaren uholdean, barkua pilotatzea. Munduko hiritarren garaian, nortasun indibidualaren eta komunitatearen arteko betiereko talkan, nazio bat dantzan jartzera goaz berriz ere. Hori da gure gaur egungo gerra.
Gure jarduna ikusita, ez dakit zer esango ote zukeen eroen inauteria inspiratu duen Carl Jung psikologoak. Akaso, eromenaren mugan dauden heroiak garela esango luke. Heroi eroak.
Sinpleagoa da, ordea, errealitatea. Ezohiko zerbait egingo duten pertsona normalak gara.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Gari Otamendi
Añorga, 1980
Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean.
Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on Duintasunaren sarrailak 2018/02/27
- Patxi Montero on Ez da kasualitatea 2017/05/11
- Patxi Montero on Egia gordin bat 2017/01/16
- Iñaki Zugasti on Kolakau dekonstruitua 2016/04/06
- Oier Araolaza on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
- Xabier Etxabe on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
-
oier on Quinto, levanta
oier2008/09/14
-
aritz on Quinto, levanta
aritz2008/09/14
-
gari on Horrelako gehiago egin behar dira
gari2008/06/11
-
oier on Horrelako gehiago egin behar dira
oier2008/06/11