Dokumentuaren akzioak
Gozatu betikoarekin
Lou Reed estatubatuar kantariak kontzertua eman zuen Donostian 2005ean. Garai hartan Edgar Allan Poeren testuekin osatutako The Raven diskarekin ari zen, eta emanaldi nahiko sosegatua eman zuen, biolontxelo eta guzti. Amaieran auzotar batekin egin nuen topo. Haserre zegoen. Haserre eta etsita, ez baitzuen eszenatokian ikusi drogaz lepo betetako rockero basatirik. Azken batean, ez zion Lou Reedi hogeita hamar urteko bilaketa eta ibilbide artistikoa onartzen, eta 70eko hamarkadan New Yorkeko Factoryn ezagun egin zen mutiko bihurri hura ikusi nahi zuen.
Auzoan tokiko dantzak egitean, edo beste herrietakoak ikustean, urtero gauza bera egiten dugula esan izan didate. Eta badela aldatzeko ordua. Komentarioa osatzeko aspergarri, moderno, berrikuntza eta antzeko kontzeptuak erabiltzen dituzte argumentazioan.
Primeran funtzionatzen du bizitzan behin ikusi beharrekoen merkatuak. Primeran funtzionatzen du ikuskizuna erritual bihurtu dutelako. Mundu osoan biran ari diren taldeek estadioak lepo betetzen segitzen dute, duela hamarkada batzuk sona eman zieten kantekin eta ikuskizunekin. Bruce Springsteenk hiru orduko kontzertua eman lezake, baina Born in the USA entzun arteko bakerik ez dute izango gehienek, eta ez dago kanpairik eta kanoirik gabeko AC/CDren kontzerturik.
Lou Reed ikustera joan zen auzotarrak errituala nahi zuen, eta ikuskizuna jaso zuen. Kontrakoa gertatzen zaie tokiko dantzak ikusten dituzten batzuei. Ikuskizuna espero dutela, alegia. Ikuskizun artistikoa. Herri edo auzo bateko dantzak bere horretan ikuskizunak ere badira, baina dimentsio zabalagoa dute kultur eta gizarte ikuspegitik.
Norbanakoaren eta komunitatearen arteko nortasunaren orekan, eta tentsioan, funtsezkoak ditugu erritualak. Tokiko dantza tradizionalak kate horren barruan daude, baina ez dira bakarrak. Hilean behin lagunekin menu bera afaltzeko hitzordua, etxez etxeko puska-biltzea, ekitaldi bat kantu berarekin hastea edo amaitzea, eta beste hainbat erritual ditugu egunerokoan. Zer esanik ez, kontzerturik ezean, igandero futbola ikusteko estadiotan elkartzen diren eliztarrei buruz.
Mundu mailako musika taldeen kontzertuak erritual ekonomikoki errentagarriak dira. Tokiko dantzak ere errentagarriak dira, funtsezkoak direlako kultura transmisititzeko eta komunitatea kohesionatzeko. Funtzio bat betetzen duten neurrian, etengabe aldatzen dira, egileek —kasu gehienetan herritar anominoek— uneko gizarte-eredura egokitzeko adinako sormena dutelako, eta erritualaren klabeak ezagutzen dituztelako.
Diotenez, guztia aldatzen omen da, guztiak berdin segi dezan. Nondik begiratzen den, perbertsoa edo osasungarria da baieztapena. Edozein kasutan, uda honetan herriko festaren batean tokiko dantzak ikusteko aukera baduzu, goza ezazu betikoarekin.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Gari Otamendi
Añorga, 1980
Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean.
Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on Duintasunaren sarrailak 2018/02/27
- Patxi Montero on Ez da kasualitatea 2017/05/11
- Patxi Montero on Egia gordin bat 2017/01/16
- Iñaki Zugasti on Kolakau dekonstruitua 2016/04/06
- Oier Araolaza on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
- Xabier Etxabe on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
-
oier on Quinto, levanta
oier2008/09/14
-
aritz on Quinto, levanta
aritz2008/09/14
-
gari on Horrelako gehiago egin behar dira
gari2008/06/11
-
oier on Horrelako gehiago egin behar dira
oier2008/06/11