Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Gari Otamendi Ez da hizkuntza kontua bakarrik, y lo sabes

Dokumentuaren akzioak

Ez da hizkuntza kontua bakarrik, y lo sabes

2016/11/16 13:30

Komunikazioaren ehuneko hamarra bakarrik omen da hitzezkoa. Dantzan ari garenok badakigu hori. Noski, hitza ere funtsezkoa da. Esan beharrik ez dago: euskara Euskal Herriko nortasunaren funtsezko elementuetako bat da.

Azken boladan askotan entzun dut euskal kultura euskaraz bakarrik egindakoa dela. Zertan ari gara beraz Euskal Herrian ehundaka, are gehiago esanda, milaka dantzari? Irlandan ez dute gaelikorik hitz egiten apenas. Beren zapaltzaileen hizkuntza mintzatuta ere, irlandar kulturari nortasun propioa aitortzen diogu.

Euskara ez da euskal dantza tradizionalaren oinarrizko elementua. Euskal dantza tradizionala, ordea, bada euskal kulturaren ezinbesteko eta funtsezko elementuetako bat. Euskal Herriko gizarte, kultur, sormen eta artearen giltza asko dauzkagu dantzan. Mundu sinboliko aberatsa du dantzak. Sinbolo horiek irakurtzeko klabeak galtzen ari gara, ordea. Beste kulturetakoak asimilatzen ari garelako. Horren ondorio zuzena da euskal kultura ahultzea.

Espainolez iritsi zitzaigun kultura anglosaxoiaren lehen uholdea. Ez genekien “Jon Baine” taxuz ahoskatzen, eta Bob Dylan eta Lou Reed miresten ikasi genuen, ziotenaren ehuneko hamarra ulertuta. Mila aldiz errepikatutako gezurra egia bihurtzen omen da, eta mila aldiz entzundako kanta sirimiria arropatan bezala sartzen da herri-kulturan.

Kultur erreferenteak barneratzen ditugu informazio eta estimulu berak etengabe errepikatzearen ondorioz. Edozein asteburutan, sarritan entzun ohi dut ondorengo galdera: “ikusi duzu partida?”. Jakin nezakeen, baina ez dakit zein partidari buruz ari den.

Espainiako Gizonezko Heterosexual Zurientzako Futbol Ligako partida bati buruz ari da. Aurten Euskal Herriko bost talde aritzeaz harro omen gauden lehiaketa berberari buruz. Galdera egin duenak jakintzat eman du solaskideak bazekiela zein partida zehatzi buruz ari zen. Hitzik gabe.

Umorea da kultur kolonizazioa neurtzeko termometro on bat. Whatsappean jaso berri dudan argazkian Julio Iglesias agertzen da. Maliziazko irribarrea du, eta hatzarekin seinalatzen nau. Esaldi sexual ustez irrigarria eta, txistea osatzeko, “y lo sabes” esaldia daude idatzita. Uztaritzeko lagun bati erakutsi diot, eta Julio Iglesias zein den azaltzetik hasi behar izan naiz… ez du txistea ulertu. Antton Olariagari entzun nion behin antzeko esaldi bat: “gehien izorratzen didana txistea azaltzea da”.

Haurra nintzenean dantzara joaten nintzen. Orain euskal dantzako klaseak ematen ditut. Ez da hizkuntza kontua bakarrik, “y lo sabes”.

Info7 irratia, 2016ko azaroaren 16an

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Gari Otamendi

Gari Otamendi

Añorga, 1980

Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean. 

Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.