Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Gari Otamendi Dantzaren etekina

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren etekina

2017/12/05 11:00

Teknologia digitalak gure egunorokoan duen eragina aztertzen du Byung-Chul Han hegokorear filosofoak, hainbat gairen artean. Berlingo Unibertsitatean aritzen da lanean. Bere argitalpenen artean dago Nekearen gizartea liburua, eta gaur egungo lan-ereduak eta jarrerak aztertzen ditu.

Etekinaren eta errendimenduaren gizarte gisa definitzen du Byung-Chul Hanek gurea. Duela gutxi arte industrian oinarritutako produkzioaren gizartean bizi izan ginen. Diziplina eta ezetza zituen oinarritzat, eta eroak eta gaizkileak produzitzen zituen. Produkzioa gainditu dugu, ordea. Gaur egun errendimendua eta etekinak eman behar ditugu. Irribarrez. Yes we can, tobaritx.

Dagoeneko ez daukagu obedientzia zor diogun ugazabarik. Ordainetan, ekintzaileak eta baikorrak gara: errendimenduaren subjektuak, geure buruaren patroi eta behargin aldi berean. Depresioa eta porrota dira gure gaitzak. Eta ugazabarekin haserretzekotan, geure buruarekin haserretzea dagokigu.

Diziplinari eta ukazioari lotutako fabrika, ospitale psikiatriko eta kartzelen ordez, bankuak, saltoki komertzialak eta gimnasioak gailentzen dira errendimenduaren gizartean. Sardinak latan legez sartzen ditugu jarduerak eta hitzorduak gure smartphoneetako agendetan. Ez dago aspertzeko denborarik. Aspertzea bera da porrotaren lehen sintoma.

Aspertzeko gaitasuna lantzea dagokigu, beraz, likratan odolkien modura enbutituta korrika gabiltzan galtzaile depresibooi. Aspertzeari tolerantzia oinez lantzen da. Korrika egitea azkar ibiltzea da, ibiltzeak eragindako asperdurari ihes egiteko modua. Gogaitu arte oinez ibiltzearen urrats naturala berriz, dantza da. Aspertzeak eragiten dio sormena ibiltariari, eta dantzan hasten da, edozein errendimendu-printzipiotik aparte.

Burutazio horiekin noa dantzako klasea ematera. Lagun askok esaten didate dantza tradizionala utzi zutela aspergarria zelako, eta ez zeudelako prest eskola zaharreko irakasle autoritarioekin eta musika jasangaitzarekin beti gauza bera egiteko. Lagun horiek berak ondoko gelan aritzen dira, aerobic egiten. Ordu betez, garraisi baino egiten ez dien monitorearen esanetara aritzen dira, edozein dezibelio-muga gainditzen duen musikarekin mugimendu-taulak behin eta berriz errepikatzen.

Akaso, dantzari etekin kalorikoa eta antidepresiboa atera nahian.

Info7 irratian, 2017ko azaroaren 30ean

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Gari Otamendi

Gari Otamendi

Añorga, 1980

Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean. 

Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.