Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Gari Otamendi dantzan.com, zorioneko salbuespena

Dokumentuaren akzioak

dantzan.com, zorioneko salbuespena

2011/03/25 11:41

Hilabete honetan bete ditu dantzan.comek hamar urte. Esan beharrik ez dago, Euskal Herriko dantzarientzako ezinbesteko informazio-iturria dela eta, hamarkada bateko ibilbidean, albiste-emaile, gordailu, edo iritziak emateko eta konpartitzeko gunea izan da, besteak beste.

Normalizazioa ahotan dugun garai honetan, normaltzat hartzen ditugu mota guztietako wegbuneak. Beste modu batera esanda, Internet gure bizitzan txertatu da urte gutxiko epean, eta telefonoa edo presio-eltzea bezain beharrezkoa iruditzen zaigu. Baina hamar urte atzera eginda, gutxik aurreikusi zezaketen zein bilakaera izango zuen delako "sareen sareak".

Testuinguru horretan sortu zuen dantzan.com Oier Araolaza dantzari eta ikertzale eibartarrak. Ondoan zituen Eibarko Internet erabiltzaile, nolabait esateko, aitzindariak. Baina kultura txiki bateko jarduera txiki bati buruzko webgunea sortzea eta, batez ere, hamar urtetan edukiz elikatzea eta mantentzea, zorioneko salbuespena da.

Hamaikatxo webgune eta aplikazio ikusi dugu jaiotzen 2001etik hona, eta horietako askok ezin izan du aurrera egin. Izan ere, esango nuke Internetek ekarri duen iraultzaren sukarrarekin ahaztu egin zaigula webguneak komunikabide mota bat direla, berritzeko eta eguneratzeko pertsonen lana behar dutenak.

Koartel nagusia Eibarren izanda, Euskal Herri osoan hedatuta dagoen lan-talde baten  ahaleginari eta konstantziari esker, dantza gustatzen eta interesatzen zaigunok baditugu, eguneratuta: agenda, albisteak, argitalpenen fitxak, argazki-sorta eder bat (artxibo dei geniezaioke, dagoeneko), bideoak (produkzio propiokoak batzuk), elkarrizketak edo hemeroteka. Horren adierazgarri, merezi du dantzan.comek 2010ean izandako estatistikak begiratzea. Urte bereko Sustatu anaia handienarenak begiratuta, kopuru garrantzitsua da, webgune bakoitzaren helburu-publikoa eta jorratutako gaiak kontuan hartuta.

Hamar urteren ondoren, mugarri ez dugu esango, baina erreferentziazko webgunea da dantzan.com, bai barne-egitura konplexu eta heterodoxoa duen euskal dantzaren munduan, baita ere, neurri batean, euskal kuturgintzako webguneen artean. Besteak beste, edukien antolamendu sotil eta erabilerraza mantendu duelako. Bestelako webguneetan lan egin izan dut, beste batzuk berritzea edo sortzea ere tokatu izan zait, eta esan dezaket, dantzan.comen itxurazko sotiltasuna edo sinpletasuna aurreikuspen egoki baten ondorioa dela. Horrez gain, zerbait esan nahi duen edonork sor dezake blog bat, eta foroak ere, azken boladan aktibitate askorik ez duen arren (dena esanda, foroak berak gainbeheran daudelako), dantzaren munduko jendearen arteko iritziak partekatzeko lanetan segitzen du. Hari horri segika, Internet oraindik garatzen eta osatzen ari den neurrian, dantzan.comeko kideek sarearen erabilera eta berrikuntzetara egokitzeko lanetan segitzen dute, eta horren araberako webgunea egiten.

Bizi dugun krisia aitzakia ederra da askorentzat laguntzak murrizteko, horrelakoetan hezkuntzan eta kulturan inbertitu behar dutela esatea oso polite gelditzen delako, baina praktikan murrizketa latzak egiten ari dira alor guztietan (zailena egin dute, alegia, erabat urria zena eskastea). Ekimen askok sobera eta askotan erakutsi dute aurrera atera dituzten proiektuen sendotasuna, erabilgarritasuna eta sinesgarritasuna. Horien artean dago dantzan.com, eta espero dezagun, guztiarekin ere, urte luzez hala izatea. Izan ere, Araolazaren hitzak hartuta, “Administrazioak beste aldera begiratu arren errealitatea egoskorra da, eta ikusten denez, errealitate honi dantza egitea gustatzen zaio”.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Gari Otamendi

Gari Otamendi

Añorga, 1980

Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean. 

Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.