Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Gari Otamendi "Dantza" aurkezten euskal far westean

Dokumentuaren akzioak

"Dantza" aurkezten euskal far westean

2019/07/15 12:10
"Dantza" aurkezten euskal far westean

Dantza filmaren aurkezpena Chinon (AEB).

Zertan dira euskaldunak Nirvana, Pearl Jam edota Jimny Hendrixen sorterrian? Nola mantentzen dute nortasuna Amazon, Apple, Starbucks edo Boeing bezalako konpainien hirietan? Erantzuna sinplea dela esango nuke: hautuz. Telmo Esnal zinema-zuzendaria eta biok Ameriketako Estatu Batuetan izan gara bi astez zenbait euskal etxetan Dantza filma aurkezten. Ordurako, Argentinako hainbat tokitan aurkezpenak egiten bi aste zeramatzan Telmok. 

Dantza filma Argentian
Dantza filma Argentinako zinematan.

Dantza filma kartela
Dantza filmaren kartela San Franciscoko euskal etxean.

Seattle

Aurkezpen-agendan azken orduan sartuta, egoitzarik ez duten Seattlego euskaldunek kultur jarduerak antolatzeko duten gogo bizia erakutsi ziguten. Noski, jarduera horiek lagunartean elkartzeko aukera aparta dira. Etxeko sotoa lindy-hopa egiteko atonduta zuen bikote baten etxean ikusi genuen filma.

Seattle etxe partikular bat
Seattle etxe partikular bat.

Hogei bat laguneko taldean, euskaldunez gain, jatorri anitzeko pertsonak zeuden. Filmak aurkezten duen komunitate-kontzeptua gustatu zitzaiola esan zigun alemaniar batek, eta “bere” sentitzen zituela pantailan ikusitako soka-dantzak eta ezpata-dantzak.

Seattle Dantza
Dantza filmaren aurkezpena Seattlego etxe partikular batean.

Ontario

Seattletik Boiserako hegaldia egin genuen jarraian, eta han elkartu ginen AEBetan dantzak irakasten bi hilabeteko egonaldia egiten ari zen Jexux Larrea dantza-maisuarekin. Boisen eta Jexuxekin. Etxean bezala, beraz.

Jexux Larrea Dantza filmeko eszena bakoitzeko dantzariak koordinatzen aritu zen. Alimaleko lana egin zuen, eszenatik eszenara ia talde osoa aldatzen zela kontuan hartuta. Horrez gain, hamarkadak daramatza Argiako dantza-maisu lanetan. Argiaren eta, beraz, filmeko lengoaia koreografikoaren sorkuntzaren ezinbesteko egileetako bat da. Bada norbait, alajaina!

Ontario "Dantza" aurkezpena
Ontario Dantza aurkezpena, 2019-05-02.

Hirurok joan ginen, nahiz eta “Ontarion ez dago ezer!”, esaten ziguten behin eta berriz Boisekoek. Tren-geltoki zahar batean egoitza duen beste euskal etxerik ez dut ezagutzen nik behintzat. Ezagutu dugu baita ere Lisa Corcostegui dantza-ikertzailearen herria, eta San Migel ezpata-dantzaren herria. Filma ematen hasi eta kale egin zuen proiektoreak. Arazorik ez: arrabita kutxatik atera, eta Jexux Larreak ikusle guztiak dantzan jarri zituen. 

Ontario Dantza
Dantza filmaren aurkezpena Ontarioko euskal etxean. Telmo Esnal, Lisa Corcostegui, Maria Barinaga eta Jexux Larrea.

Boise

Boisen 1995eko Jaialdian izan nintzen lehen aldiz dantzan, Añorgako Arkaitz taldearekin. Lehen aldiz ikusi nuen dantzak prestigio eta aitortza handia zituen toki bat. Non, eta Ameriketako Estatu Batuetan! Ez nuen orduan askorik ulertzen grina horren zergatia, eta filma estreinatu zenetik Euskal Herrian askotan entzundako esaldia etorri zait gogora:

“Niri ez zait dantza tradizionala gustatzen, baina aizu, filma bai”. Euskal Herrian edozein iruzkin edo komentarioren aurretik askok egiteko beharra sentitu duten ñabardura da. Luzerako ematen duen gaia da, baina nire ustez, euskaldunon komunitateak, oro har, gure kultura tradizionala gutxiesteko dugun gutxitasun konplexuaren adierazle nabarmena da. Nahi duenarekin eseriko naiz mahai baten bueltan gaiari buruz hitz egiteko. 

Boise Ysursa ezkaratza
Ongietorria Boiseko ezkaratza batean.

Boisen nengoen, ordea. Dantza tradizionalak, ezeren gainetik, komunitatea kohesionatzeko funtzioa duen hirian. Bi zinema-areto handi bete zituzten hangoek, eta txalo zaparrarekin amaitu ziren emanaldiak. Saio guztien amaieran egindako galde-erantzun saioetako aipamenak ez diren badaezpadakoak izan, bertakoek duten dantzaren gaineko ezagutza handiaren adierazle. 

Dantza hizkuntza bat dela aspaldi entzun nion Oier Araolazari. Boisen hasi nintzen, intuizioz besterik ez bada ere, hizkuntza horren komunikatzeko gaitasuna bizitzen, eta hala Euskal Herrian, nola AEBetan egindako aurkezpenetan etengabe azpimarratu dugun ideia izan da: euskaraz dantzatu dugu Dantza

Boiseko euskal etxea
Telmo Esnal, Jexux Larrea eta Gari Otamendi Boiseko euskal etxearen aurrean.

San Francisco

Atzera, San Franciscora itzuli ginen. Euskaldunek presentzia nabarmena dute Silicon Valley eta hippien lurraldean. Bertako euskal etxe puska ikustea besterik ez dago: jatetxe sonatua, hamar koadroko frontoi estalia, eta ekitaldiak egiteko areto itzela. Han eman genuen filma, hamarna lagunen aurrean. 

Dantza filma kartela
Dantza filmaren kartela San Franciscoko euskal etxean.

Jexux Larrearen faltan, hirukotea osatu genuen berriz ere aurkezpenerako. Unibertsitate arteko elkarlan batean, Igor Baroja dantzaria San Franciscon ikertzaile gisa ari da lanean, eta hiruron artean egin genuen emanaldi ondorengo galde-erantzun saioa. 

San Francisco Igor Baroja Gari Otamendi Telmo Esnal
San Franciscoko euskal etxeko frontoian, Igor Baroja, Gari Otamendi eta Telmo Esnal, 2019-05-03.

Gaur egun, unibertsitatera ikertzera, dantzak irakastera edota filmak aurkeztera joaten gara itsasoz beste aldera. Oso bestelakoak dira, ordea, duela zenbait hamarkadatako euskaldunen gorabeherak. Merezi du aipatzea San Franciscon gida izan genuen Ricardo San Mamesen eta bere anaia Juanjoren aitaren istorioa:

frankismoan itsasontzi bat eraiki zuen, hainbat lagunekin isiltasun-ituna eginda, eta Montserrat izena jarri zioten, Bartzelonarako enkargu bat zela esanda. Karmen egunean itsasoratu ziren, Izarora zihoazen gainerako barkuekin batera, eta enkargua ematera zihoazela esan zuten. Hiru hilabeteren buruan (bat kalkulatu zuten) iritsi ziren Mexikora. Añorgatarra izanik, badut Karmen egunea kontatzeko anekdota, eta Telmo Esnalek badu film berri baterako gidoia. 

San Francisco Ricardo San Mames Gari Otamendi Telmo Esnal
San Francisco, Twin Peaks, Telmo Esnal, Ricardo San Mames, eta Gari Otamendi, 2019-05-03.

Chino

Euskal diasporako komunitateen eta, oro har, emigranteen komunitateen ezaugarri bat da herri edo eskualde bereko biztanleak, milaka kilometro egin ostean, toki beretan batzen zirela. Hala, eta esaterako, Boiseko euskaldun gehienen jatorria bizkaitarra da eta, zehatzago esanda, Gernika eta Lekeitio artean dauden herrietakoa.

Kaliforniako Chino herriko euskaldun gehienak Behe Nafarroakoak dira: Banka, Aldude, Izpura, Garazi… eta inguruetakoak. Andrea Bidart kantaria izan zen harrera egin zigunetako bat, eta kantua izan zen, hain zuzen, Chinok eman zigun oparia. 

Dantza amaitzen da Uxo xuria kantaren doinuarekin (barka spoilerra). Murmurio gisa hasi eta kantuan amaitu zuten chinotar guztiek. Musikari askok dioten moduan, magia! Une ederra izan zen, baita ondoren bertakoekin izandako hitzaspertua ere. Musa, kantua eta, noski, jana eta edana izan ziren tartean. 

Reno

Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroan egin genuen AEBetako mendebaldeko azken emanaldia. Jexux Larrearekin, eta Lisa eta Enrike Corcosteguirekin elkartu ginen berriz ere. Jexuxek klaseak ematen segitzen zuen, eta urteak dira Corcosteguitarrak han bizi direla, unibertsitatean egiten baitu lan Lisak. 

Reno, BSC, Jexux Larrea eta Telmo Esnal
Reno, Telmo Esnal, eta Jexux Larrea, 2019-05-09.

Ezin esan giro erabat akademikoan egindako emanaldia izan zenik, baina graduondokoak egiten ari ziren hainbat ikasle egotea nabari zen, eta kulturaren transmisioari buruzko kezkak han eta hemen berberak direla ikusi genuen berriz ere egindako galderetan. Zalantzarik gabe, oso lagungarri suertatu zitzagun Lisa Corcosteguik Urbeltzen ikerketak eta sorkuntza sakonetik ezagutzeak, bai hizkuntza aldetik, baita eduki aldetik ere.

Reno, BSC, "Dantza"
Reno, Dantza filmaren emanaldia, 2019-05-09.

Eta konturatzerako, itzulerako hegaldia. Bi aste, sei aurkezpen eta hamaika kultur eta natur paisaia nahastu dira bizipenen orean eta, tira, ondorengoa berrestea baino ez zait geratzen: asko dugu ikasteko diasporako euskaldunengandik. 

Diotenez, bidaiek pertsonak aldatzen dituzte. Diote, baita ere, aldaketa hori gauzatzeko norberak egin behar duela barne-bidaia. Nahi baino denbora gehiago pasa dut kronika honetako oharrei forma eman arte. Akaso, liseritzeko asko dudalako oraindik; izan ere, iazko urte amaieran estreinatu zenetik Dantza filmaren bueltan bizitakoek zer pensatu handia eman didate. Baina horiek beste kronika baterako kontuak dira.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Gari Otamendi

Gari Otamendi

Añorga, 1980

Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean. 

Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.