Dokumentuaren akzioak
Argentinako kilonboan Dantza aurkezten
Herri bakoitzeko euskaldunok nortasun eta idiosinkrasia propioak ditugu, eta harreman-sare estua osatzen dugun neurri berean eusten diogu tokiko izaerari. Ez gara arrotz sentitu, beraz, Argentinan. Euskaldunok oso gurea dugu probintzia, herri, edo auzo bakoitzeko nortasuna mantentzea eta aldarrikatzea. Demaseko amorrua eman dio añorgatar honi bere burua kokatzeko Donostia aipatu beharrak…
Argentinako euskal diaspora definitzea ez da lan erraza: laurogeitik gora dira hango euskal etxeak, eta lehena duela 140 urte ireki zuten. Gerra Karlisten amaieratik hasita, mota eta jatorri guztietako euskaldunak joan izan dira Argentinara, motibo askorengatik gainera.
Hauteskunde orokorrak egin berritan iritsi ginen Buenos Airesera Telmo Esnal eta biok, Dantza filma aurkeztera. Behin eta berriz galdetu izan dugun arren, argentinarrei ez zaie erraza suertatzen beren herriko egoera sozioekonomikoa azaltzea. Anabasari kilonbo esaten diote Argentinan. Kilonboz kilonbo dabil hango egoera sozioekonomikoa, baina ez gara lezioa emateko moduko tokitik iritsi, ez kasualitatez, Argentina independizatu zen estatutik…
Buenos Aires
Etxepare Institutuaren ekimenez eta finantziazioz joan ginen Argentinara, eta Amale Artetxe katedra irekitzeko ekitaldien barruan aurkeztu genuen filma Buenos Airesen. Ederki zaindu gintuzten han, baita egondako toki guztietan ere. Lerrotatik, eskerrak eman nahi dizkiet Etxepareko Irene Larrazari eta Imanol Otaegiri, baita Txintxua produktorako Marian Fernandezi eta Paola Motori ere, antolaketan egindako lanagatik. Katedraren inaugurazio ofizialaren bezperan, pare bat orduko klasea eman genuen Laurak Bat euskal etxean. Soka-dantzak komunitate osoak dantzatzeko moduko jarduera soziala diren neurrian, haren egitura eta ezaugarriak lantzen aritu ginen.
Dantzaren inguruan antolatu diren Gaztemundu programetan ikastaroak eman izan ditut, eta pozgarria izan zen aurpegi ezagunak ikustea. Euskal diasporan dantza da kultur adierazpide nagusietako bat, eta dantzari bikainak daude mundu osoan. Hurrengo egunean ekin genien aurkezpenei, Buenos Airesen bertan. San Martin kulturguneko aretoan ikusleak eserita ikusita jabetu ginen behin eta berriz esan zigutenaz: filmak ikusmin handia eragin zuen.
Rosario, Villa Maria, Mendoza
Buenos Aireseko aurkezpenaren ondoren hasi zen tourra. Bederatzi egunetan zazpi aurkezpen egin genituen, eta funtsean, egun bakoitzeko dinamika honakoa izan zen: goizean bidaiatzea, eguerdian iritsi eta tokikoekin beren herria pare bat orduz ezagutzea, aurkezpena, afaria, eta kuluxka...
Harrera beroa egin ziguten hiri eta herri guztietan. Rosario izan zen lehena, Leo Messi delako baten sorterria (baloikrazia saihestea ia ezinezkoa da itsasoaren bi aldeetan), eta euskal eta nafar etxe bana dituena. Argentinako egoera soziopolitikoa ezin digute argitu hangoek, baina euskaldunok jakingo genuke geurea definitzen?... Bi etxeetako ordezkariak etorri ziren filma ikustera. Oso aktiboak dira rosariotar euskaldunak, eta, besteak beste, merezi du astean behin egiten duten Palabra de Vasco irrati-saioa entzuteak.
Villa Marian tambo bat ikusi genuen. Esne-behiak hazten dituzten baserriak dira tanboak, eta Argentinako Panpara joan ziren euskaldun ugari aritu zen lanean tanboetan. Denborarekin, askok berea ireki zuten. Filmaren aurkezpenaren aurretik elkartu ginen euskal etxean, eta Adrianak eta Luisek chacarera argentinar dantza erakutsi ziguten. Dantzari edota musikari gisa egindako bidaien pribilegioetako bat da: ez duzu Iguazurik edo Ushuaiarik ikusten, baina tokikoen historia eta egunerokotasuna bertatik bertara ezagutzen dituzu.
Mendozan, euskara bikainarekin egin zigun harrera Lautaro Pincheirak. HABEren Euskara Munduan programaren barruan, euskara hutsetik ikasten dute argentinarrek, eta emaitzak bikainak dira.
Denbora gehixeagorekin, eskaera berezi bat betetzeko aukera izan genuen. Cuyoko Unibertsitatean antzerki-klaseak ematen dituen Vilma Rupolo dantzariak eta irakasleak klasea emateko eskatu zigun, eta gustura asko aritu ginen euskal jatorririk ez zuten ikasleekin dantzan, aireportura joateko ordua iritsi zen arte.
Buenos Airesen egin genuen geldialdia, hurrengo aurkezpenen aurretik. Eman ditugun paseo laburretan ikusitakoren arabera, esan beharra dago: euskal abizenez beteta dago Argentina. Batek baino gehiagok pentsa lezake, txobinismoz, bakoitzak berea ikusten duela, baina benetan da deigarria: Ezeiza aireportua, Urquiza estatu mailako garraio-enpresa, Juan de Garay enparantza (Buenos Aires hiria fundatu zuen gizonari eskainitakoa), presindentearen Etxe Arrosaren ondoan dagoen Hipolito Yrigoien hiribidea, kale eta hiribide izen piloa, Recoleta hilerriko kale bakarrean aurkitutako berrogeitik gora abizenak, etab. Hor nonbait irakurritakoaren arabera, 15.000 omen dira Argentinan dauden euskal abizenak...
Necochea, Tres Arroyos
… eta zenbait herri izen ere badira. Esaterako, Mendoza, edo gure hurrengo geldialdia: Necochea. Panpa lehorretik, Panpa hezera. Xabier Zubixaaga genuen zain. Argentinar doinuarekin ez aritzeko nire buruari jarritako hitza bete nuen bidaia osoan, baina Xabierrekin sabuespena egin behar izaten dut, ezinbestean. Denboraldi luzeak pasatzen ditu Xabierrek Hernanin. Gipuzkoako herriaren eta Necochearen artean dagoen lotura estua ikertzeko kontua da, eta bateko eta besteko lagunak bereizteko, ahoskera ezinbestekoa suertatzen zaigu: Zubillaga hernaniarra eta Zubixaaga necochearra.
Egunsentian iritsi, eta gosaria amaitu orduko pare bat ordu generamatzan hizketan. Tira, estereotipo batzuk betetzen dira: argentinarrek asko hitz egin dute… baina gu ere ez gara mutuak. Konspiratzearen plazera berreskuratu dugu, eta hortxe ari gara hizketaldi betean: diasporaren gorabeherak, Euskal Herriaren egoera… baita Menemen politika ekonomikoa eta corralitoa ere. Itsas lehoiak ikusten ere ez ginen ixildu, eta Atlantikoan hartutako bainu hotzak otzandu gintuen.
Hitzik gabe utzi gintuena, baina, Necocheako euskal etxea izan zen. Ikustekoa: euskal etxea baino gehiago, euskal gunea da. Munduko handienetakoa, ezpada handiena. Hori bai: saskibaloi-aretoa dantzakoa baino dezente handiagoa da. Agian dantza Eskola Kirola programan sar dadin konspiratzeko seinalea da.
Tres Arroyosen ordu gutxi batzuk baino ez genituen pasa. Gautxoen bonbantxak erosteko tartea izan genuen, behintzat. Ikustekoak dira bonbatxaz eta txapelaz jantzitako euskaldun askoren argazki zaharrak. Argiaren Zalakain ikuskizunean erabiltzen ditugun jantziak ekarri zizkidaten gogora.
Aurkezpena zinema-areto eder batean egin genuen, eta halakoak izan ziren aurrekoak ere. Berritzeko ezintasunagatik akaso, zaharkituta daude batzuk —ignorantziaz eta esnobismoz, vintage esango genieke—, baina dotore askoak dira emanaldiak egin ditugun tokiak. Filmak harrera oso ona izan zuen, eta ikusleen txaloekin amaitu ziren saio guztiak.
Bahia Blanca: Euskal Astea
Kaosak badu ordena. Astebetez kilometroak eta, haragi gozo-gozoz mukuru betetako afarietan azido urikoa pilatuta, kontinente baten tamainako herrialdean gora eta behera ibili ginen kilonbo betean; eta, bat-batean, pasatako astearen memoria berreskuratu genuen: Cristina, Mirta, Luis, Xabi, Zubixaaga, Mauro, Delfina… harrera ezin hobea egin ziguten lagun guztiak batera ikustea ederra izan zen.
Urtero, txandaka, euskal etxe batek antolatzen du Argentinan Euskal Aste Nazionala, eta aurtengoa Bahia Blancako euskal etxekoei egokitu zaie. Juan Manuel Lopetegi zuzendariak egin zigun harrera, eta azken aurkezpenari ekin genion.
Dantzariak jende aurrean aritzen gara, baina ez hizketan, ezpada dantza irakasten ari garenean. Argiako dantzari moduan, Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik euskal dantza tradizionalean ireki ziguten mundu zabalaren dimentsio mugagabea helarazten saiatu nintzen entzuleei. Pribilegio handia dugu Dantza filmean aritu garen dantzari-belaunaldiko kideok: egiten duguna ezagutzearen beharraz jabetzeko eta jarrera kritikoarekin birsortzeko klabe ugari eman dizkigute Urbeltzek, Arregik eta Argiako dantza-maisuek.
Hurrengo egunean ikusi genuen, aurretik kalejiran Bahia Blancako kaleak gurutzatuta, Argentinako euskal etxeetako dantza-taldeen emanaldia Gran Plaza antzokian. Mota guztietako dantzak eman zituzten, eta erreportaje oso bat (edo gehiago) eskatzen du han ikusitakoak jasotzeak. Nolanahi ere, garrantzitsuena da Argentinako euskaldunek kulturaren transmisioaren gainean duten kezka. Aurkezpenen ondoren, otorduetan, ardo baten bueltan… hizketaldi ugari izan genituen, eta mundu osoko euskaldunok etorkizunari begira antzeko erronkak ditugula uste dut. Auzi protopolitikoa da (kontraesana dirudien arren, politikari bati entzundako kontzeptua da).
Hiztun izatearen estereotipoa goitik behera iraulita, etorkizuna bermatzeko klabeen sintesi ona egin zuen Lopetegik hitzaspertu batean: kultura eta balioak. Izan ere, Argentinako egonaldian Iparrameriketan ikusitakoa berretsi dut: euskal diasporak erakusten digu lurralderik eta euskararik gabe, Ama Aberriko biztanleok ezinbestekotatzat jotzen ditugun bi zutabe gabe alegia, euskaldun izatea badagoela.
Hurrengo baterako zereginak utzi behar, eta dantzari guztiek Euskal Astearen azken egunean egiten duten kaleko saioa ikusi gabe egin behar izan nuen itzulerako bidaia. Argentinara hango hauteskunde orokorrak egin berritan iritsi nintzen, eta Espainiako hautesontziak irekita zeuden itzulerako hegaldian sartu nintzenean. Auskalo zein kilonbo izango zen hurrengo goizean…
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Gari Otamendi
Añorga, 1980
Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean.
Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on Duintasunaren sarrailak 2018/02/27
- Patxi Montero on Ez da kasualitatea 2017/05/11
- Patxi Montero on Egia gordin bat 2017/01/16
- Iñaki Zugasti on Kolakau dekonstruitua 2016/04/06
- Oier Araolaza on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
- Xabier Etxabe on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
-
oier on Quinto, levanta
oier2008/09/14
-
aritz on Quinto, levanta
aritz2008/09/14
-
gari on Horrelako gehiago egin behar dira
gari2008/06/11
-
oier on Horrelako gehiago egin behar dira
oier2008/06/11