Andy Warhol tradiziozalea
Leonardo da Vincik Mona Lisa koadro ezaguna margotu zuen XVI. mendean. Pinturaren eta artearen mugarri handietako bat da. Gure kulturaren ikonoa oraindik ere. Originala Louvren dago, eta guztiok bertatik bertara ikusi ez badugu ere, ondo asko ezagutzen dugun irudia da. Gizateriaren sormenaren gailurretako bat.
Andy Warholek zopa-lata baten irudia artelan bihurtu zuen 1962an. Lata beraren hogeita hamabi irudi egin zituen. Bataren eta bestearen arteko bereiztasun bakarra zaporearen araberako testua zen. Koadroa bera baino garrantzitsuagoa daideia: herri kultura ere adierazpen artistikoa izatea. Alegia, ez da beharrezkoa jenio baten maila zerbait sortzeko.
Esan liteke gaur egun Mona Lisa Warholen latak baino ezagunagoa dela. Bat eta bakarra izateko sortutako koadroa herri kulturaren irudi ezaguna da. Warholek behin eta berriz erreproduzitzeko sortutako latak, ordea, artezaleentzako eta frikientzako koadroak dira.
Antzeko kontraesana bizi dugu euskal dantza tradizionalarekin. Herri kulturaren adierazpidea den neurrian, erreprodukzioak du garrantzia. Zehatzago esanda, transmisioak. Saldarekin gertatzen den modu berean, dantzak aldatzen joaten dira egile bakoitzaren ekarpenarekin.
Ekarpen xumeak izan ohi dira, jenio sortzaileak baino gehiago, ezintasunak eta ezjakintasunak eragindakoak. Lantzean behin batzen dira mugarri berriak ezartzeko moduko jakituria, eskarmentua eta sentsibilitatea. Izan ere, zapore eta kolore askoren batura da Mona Lisa.
Esaera batek dioen moduan, poesia egiteko urdaila beteta eduki behar da lehenik. Bistan da, zopa ezin hobea da horretarako.