Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Gari Otamendi Amorruz egindako akatsak

Dokumentuaren akzioak

Amorruz egindako akatsak

2018/07/09 07:45

Amaitu da ikasturtea. Iritsi da klasean landutakoak erakusteko ordua. Egin dugu zenbait ikastetxetako haur-taldeen emanaldia. Amaieran, irakasleen arteko hitzaspertua egin dugu kafe baten bueltan. Urte osoko gorabeherak partekatzen, emanaldiari buruzko hainbat hausnarketa zerrendatu ditugu.

Emanaldia bera. Zalantzarik gabe, positiboa eta aberasgarria da haurrek jende aurrean aritzeko gaitasunak lantzea. Kontua da ikasturte guztia baldintza dezaketeela emanaldiok. Kurtsoa hastearekin batera, Gabonetako emanaldia izaten da lehen jomuga, eta halaxe segitzen dute askok, uda hasi arte. Emanaldia bera klaseen helburu bihurtuta, dantzaren hainbat alor didaktiko bazterrean geratzen dira.

Zehaztasuna eta zorroztasuna. Ia zaharkituta daude kontzeptu gisa, gaizki ikusiak ere bai zenbaitetan. Ez dira gutxi izaten haurren akatsen aurrean barrez hasten diren gurasoak. Kontua ez da Bolshoi balleteko zuzendari ustetan garrasika aritzea, baina algaraz hartutako hanka sartzeen aurreko mezua oso argia da. Egindako dantzak putzik ere ez duela balio, alegia.

Nortasun digitala. Bizi dugun gizartearen kontua da edozein une esku artean ditugun gailu digitalekin gorde behar hori. Akaso, gehiago dira gaur egun beren seme-alaba, iloba edota lagunen emanaldiak zuzenean ikusi beharrean, kameraren begitik ikusten dituztenak. Irudiak gordetzeko milaka tera, giga, mega… eta adjektibo bakarra: moñoño.

Generoa. Jardueraren garrantziari eta prestigioari hertsiki lotutako kontua da. Dantzari gehienak neskak dira gaur egun, eta atentzioa eman digu mahai gaineko egunkariko albisteak: Hungarian debekatu egin dute Billy Elliott musikala, mutilak homosexualitatera bideratzen omen dituelako. Beren alaben dantzako akatsen aurrean barre egiten duten horiek berak dira, sarritan, beren semeen futbolean huts egindako penaltien aurrean sutan jartzen direnak.

Taldekideei errespetua. Ikasitako dantza gehienak taldekakoak izanik, kide guztien partaidetza eskatzen dute, eta nekez aterako da dantzaldi txukuna, emanaldiaren bezperan edo egunean bertan bizpahiru kidek kale egiten badute. Askotan gertatzen da, eta talde oso baten lana zapuztuta geratzen da. Esan gabe doa nork erabakitzen duen, emanaldira beharrean, haurrak hondartzara edota beherapenetara eramatea.

Luzeagoa da zerrenda, baina kurtso-amaierako emanaldien erradiografia kozkor gisa balio lezake.

Halako zirkoan ez da harritzekoa haurrak tronpatzea: mugaraino infantilizatu dugun dantza-ereduarekin, erronka konplexuak eskatzen dizkiguten haurrei dantza errazegiak eginarazten dizkiegu eta, ezinbestean, aspertu egiten dira. Irainduta, whatsappean gabiltzan helduon arreta erakartzeko, nahita egiten dituzte akatsak. Amorruaren amorruz.

Info7 Irratian, 2018ko ekainaren 25ean

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Gari Otamendi

Gari Otamendi

Añorga, 1980

Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean. 

Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.