Dokumentuaren akzioak
Herri inauteriak Naiz irratian 2: Uztaritzeko kaskarotak


Uztaritzeko kaskarotak. Argazkia: Amaiur Aristi, Heraitze auzoa, Uztaritze, 2023-02-12. Alaia Cachenaut, banderari
Lapurdin egiten diren kaskarot errondetatik Uztaritzekoa da denboraren eta historiaren joan-etorriei ongien eutsi dionetakoa. XVIII. mendean lehen aztarna idatzietatik gaur egunera, kasik etenik gabe mantendu da ohitura hau herrian —bi Mundu Gerren arteko sakona barne—. Hartara, ez da harritzekoa Naiz irratiko inauteriei buruzko podcastetarako haien ordezkari batekin mintzatu nahi izana. Kasu honetan, Alaia Cachenaut dantzari eta antropologoa izan da galderei arrapostu emateko arduraduna. Izartxo dantza taldeko dantzaria da, esan bezala, Cachenaut, eta bere doktore tesia Kultura Eskubideei buruz egiten ari da.
Jakin behar da kultura eskubideak oinarrizko giza eskubideak direla, parte-hartze kulturala bermatzen dutenak, eta, beraz, nozio juridikoa da, argiki, baina politikoa ere bai.
Hastapeneko galdera zen nola egin Nazio Batuen Erakundean formalizatua den eskubide hori aztertzeko Euskal Herrian. Eta galdera horiekin ibiltzen nintzela agertu zen momentu horretan nesken integratzeko proiektua Uztaritzeko kaskarotetan. Batzuek esaten baitzuten haien eskubidea zela kaskarotetan parte hartzea, neska izan eta ukan eskubide hori, dantzatzeko eskubidea. Beste batzuek parean esaten zutelarik haien eskubidea zela haien tradizioa, tradizio hori den bezala atxikitzea eta ez aldatzea. Eta, beraz, hor iruditzen zitzaidan bazela zerbait jokoan.
Emakumezkoak, kaskarot
Izan ere, 2023 urtean hasi baitira emakumezkoak Uztaritzeko kaskaroten errondan parte hartzen. Lapurdin, azken herria izan da Uztaritze urrats hori eman duena. Alaia Cachenautek herriak bizkar gainean daraman tradizioaren motxilaren zamari egotzi dio horren ardura.
Herri bakoitzak badu bere historia kaskarotekiko. Eta esan dudan bezala, herri anitzetan ez ziren gehiago egiten kaskarotak. Orduan, kaskarotak berpiztu direlarik, halako herrietan ez da hainbeste eztabaidarik izan. Dantza taldea mutiko eta neskaz osatua zen, eta ber ildotik segitzeko, kaskarotetan aritzea ez zen halako eztabaidarik azkenean. (...) Beraz, herri horietan ez da hainbeste eztabaidarik izan, eta nesken integratzea kaskarotetan naturalki egin dela esan dezaket. Beste herri batzuetan ez da baitezpada hala izan. Adibidez, Hazparnen 2004an sartu ziren neskak, hor ohitura aise gehiago atxiki baitzen Hazparneko herrian eta herritarrek bazuten horren memoria, bazuten horrekiko atxikimendu bat, harreman bat, eta hor, adibidez, galdezkatu zen ere neskenekoa. Beraz, herri bakoitzak ukan duen historiarekin eta herrian duen indarrekin eta memoriarekin ere egin den prozesu bat da.
Kontu konplikatua baita denboran luze errepikatuak diren ohiturak aldatzea. Tira, batzuk! 2000 urte inguruan, mutil faltan, neska batek parte hartu zuen, maskaturik, Uztaritzeko kaskarotetan. Kalapita sortu zen. Beste zenbaitetan konplikazioa askoz modu errazagoan ebatzi izan da.
Galdera hori ez da pausatu musikarientzat. Hori aski interesgarria da, esatea musikarietan emazte bat baita aspalditik eta horrekiko ez zen galdera pausatu. Batek esan didanez, ez baitzen hauturik ere. Musikariak behar ziren, herriko musikariak, eta hala gertatu zen. Baina rol horrekiko, hasteko, ez zen problemarik izan. Eskelari eta kaxkarot roletan, aldiz, bai agertu zen. Beraz, kontatu dudan anekdota horrekin, eta beranduago ere, beraz, duela 25 urte, dantza taldeko neskek aldarrikatu zuten kaskarotetan parte hartzeko eskubidea. Erran behar da neska guztiak ez zirela baitezpada talde horren barnean, baina izan zen lehen aldarrikapen argi bat, eta ez zen ibili. Eta orduan garai hartako neskek erabaki zuten ez gehiago sukaldatzea, garai hartan kaskarotentzat sukaldatzen baitzen. Bazkaria prestatzen zitzaien eta urte hortik aitzina gelditu zen, beraz, sukaldatzea. (...)
XX. mendean zehar, orokorrean eta bereziki 70 hamarkada horietan izan dela mugimendu azkar bat ohituren atxikitzeko, mantentzeko. Heldu da ere euskararen salbatze edo biziarazte prozesuarekin batera, eta, beraz, bazen jadanik logika hori, non praktikak mantendu behar ziren eta biziarazi. Eta biziarazte horrekin izan da ere halako ideia bat, non gauzak ez ziren baitezpada aldatu behar edo ez osoki. Aldaketa batzuk onartuak ziren, beste batzuk ez zirelarik onartuak. Eta hori ene lanean aski interesgarria da analizatzea nola aldaketa batzuk onartzen diren erran nahi badu, adibidez, lehen mutiko gazteak zirela ezkonduak ez zirenak, baina aski fite ezkonduak baziren ere, kaskarotetan parte hartzen ahal zuten edo horrek ez zuen gehiago arazorik pausatzen, hasteko.
Prozesu parte hartzailea, arrakastarako gako
Nesken parte hartzerako prozesua xehe azaltzen du Alaia Cachenaut-ek. 2022ko Errobiko Kaskaroten Biltzar Nagusian bozkatu eta lan-taldea sortu zen handik, hogei inguru pertsonez osatua. Talde mistoa izan behar zuela erabakita, poliki-poliki integraziorako urratsak ematen hasi ziren: jantzi baten sortzea, erronden ibilbideak moldatzea, kanta, dantza eta doinu berri batzuen asmatzea… Prozesu bukaeran, zorionarena da uztariztar gehienen ahoko zaporea.
Nik bildutako lekukotasunetan nesken aldetik zoriona uste dut aipatzen ahal dela, haien lagunekin azkenean partekatzen zuten momentu bat baitzen azkenean kaskarotak egitea, haien adinekoekin, batzuetan ere haien anaiekin. Nire kasua da, adibidez, lehen aldiko nire anaiarekin kaskarotak bizi baititut. Beraz, bada halako emozio bat sortzen dena, partekatze momentu honi lotua dena. Kaskarotetan sartzeko prozesu honetan izan den sorkuntza guztietan ere parte harturik, lana eramanik, dena taldetik pentsaturik, kolektiboki. Horrek ere ekartzen du, bai jakitate amankomuna, baina ere gure herriko praktika kulturalean barnetik pentsatzeko, gogoetatzeko, erabakiak hartzeko eta sortzeko aukera. Beraz, hori biziki estimatua izan da denen partetik, uste dut, eta herriaren aldetik oro har, biziki ontsa pasa da. Herritar anitzek hori itxoiten zuten bakarrik, haientzat inportantea zen eta etxe batzuek berriz ireki dute ere nesken integratzearen ondorioz, orain arte erabaki baitzuten ere hestea, justuki ez baitziren ados egiten zenarekin, eta orduan ez zuten gehiago taldea errezibitzen garai horietan. Baina egia da ere batzuentzat ez dela hain erraza izan. Batzuek ez dute baitezpada behar ikuspuntua horri buruz-eta, baina ez da izan halako kalapitarik eta oro har, dena ontsa pasatu da.
Herri inauteriak Naiz irratian:
Uztaritzeko kaskarotak, bide berriak tradizioa eguneratzeko
- Hurrengoa: Herri inauteriak Naiz irratian 3: Iturengo joaldunak
- Aurrekoa: Herri inauteriak Naiz irratian 1: Aitzpea Leizaola
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Aritz Ibañez Lusarreta
Iruñea (1979)
Iruñeko Duguna dantza taldeko dantzaria 11 urte nituenez geroztik. Donostiako Argia taldean ere aritzen naiz dantzan. Eibarko Arrateko Amaren dantzarien kofradiako eta Andoaingo Santa Kruzeko ezpata-dantzarien kofradiako kide ere banaiz.
Dantzen bricolagean trebatzen: Iruñeko dantzarien errepertorioa + Iruinkokoa
Jasotako azken erantzunak
- Aritz Ibañez Lusarreta on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Xabier Etxabe on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Xabier Etxabe on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Anartz Ormaza Ugalde on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Oier Araolaza on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Patxi Laborda on Nafar eta zuberotar dantzariak Bartzelonako 1929ko Nazioarteko Erakusketan
- Aritz Ibañez Lusarreta on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean
- Ekaitz Santazilia on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean