Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Herri inauteriak Naiz irratian 1: Aitzpea Leizaola

Dokumentuaren akzioak

Herri inauteriak Naiz irratian 1: Aitzpea Leizaola

Herri inauteriak Naiz irratian 1: Aitzpea Leizaola

Aitzpea Leizaola. Argazkia: Aritz Ibañez

Herri inauteriei buruzko podcast atala abiatu du Naiz Irratiak ate-joka ditugun besta berezi hauetako zenbait adibide gertuagotik ezagutzeko: Uztaritze, Ituren, Añorga, Lizarra, Bilbo, Altzai-Lakarri, Artea, Zalduondo, Baigura inguruko herriak… Guztiak ala bakarren bat entzuteko zalantzatan bazabiltzate, aukeraketatxo bat ekarriko dizuegu hona.

Hasteko, Aitzpea Leizaola antropologoari egindako elkarrizketa entzutea aholkatuko genizueke, inauteria ulertzeko gako orokor interesgarriak ematen baitizkigu berari dagokion atalean.

Inauteria hil zen, ala bizirik da?

Julio Caro Baroja ikertzaileak inauteria zendu dela adieraziz abiatu zuen El carnaval (1965) bere liburu entzutetsua. Jatorrizko zentzua galdua zuela adierazi nahi izan zuen horrela. Frankismoak festa molde hauek debekatu zituen eta 1965eko panorama beltz zekusan Caro Barojak.

Alta, Aitzpea Leizaolak dio Barojak ez zuela aipamen txikiena ere egin erregimen totalitarioak inauteriaren gainbeheran izandako ardurari buruz, eta hortik gutxira, gainera, Frankismoaren amaierarekin bat, inauteriak loraldia bizi izan zuela.

70. hamarkadan loraldi handi bat dago, berpizte handi bat, berreskuratze eta sortze prozesu inportante bat. Eta hemen, bereziki diktaduraren amaierarekin bat egiten duen momentu bat da, bai eta kulturari eta euskal kulturaren inguruan dagoen kezka eta indar egite baten ondorio ere. Baina Europa osoan gertatzen den fenomeno bat ere bada. Eta horregatik ere, nahiz eta egoera politikoaren aldetik Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria oso egoera desberdinak bizitu izan, garai bertsuan gertatzen da antzerako fenomeno bat mugaren bi aldetan. (...)

Hor berriz ere hartzen dira edo berriz ere bada halako nahi bat, halako kezka bat, beste hainbat kultur fenomenorekin gerta bezala, inauteriak berriz ere plazara edo herriko ospakizunetara azaleratzeko.

Mozorro azpian ere, genero kontuak

Inauteria gizon ezkongabeen besta izan dela gogoratu digu Leizaolak. Gaztarorik heldu arora pasatzeko iragaite erritu moduko bat. Berez gizonezko ezkonduek ez zuten parte hartzen, jadanik beste estatus bat izaten baitzuten garaiko gizartean. Hetero-araua norma zen gizarte eredu batean, inauteriak bazuen bikoteak osatzeko logika bat. Puska-biltzeen bitartez herriko etxeak bisitatzen zituzten eta mutil gazteek neska gazteak ezagutzen zituzten, hala. Komunitatea berreraiki eta berproduzitzeko nolabaiteko erritutzat har liteke. 

Emakumezkoek ez dute horrenbeste parte hartu izan, baina 1970ko hamarkadan, eta lehenago ere, ez modu masiboan, agian, baina emakumeek parte hartu izan dute inauteriz. Mutil gazteen festa izateak, neskei sarrera debekatzeko aitzakiatzat hartu izan da nahi baino gehiagotan. Gizon ezkonduek festaren parte izaten jarraitzeak, ordea, ez du horrenbeste arazorik sortu izan:

Gaur egungo ikuspegitik ere nolabait azaltzen da gizon-emakume banaketa. Baina (...) ez da logika gizon-emakume, baizik eta gizon-ezkon gabe eta gainerako guztiak. Eta horregatik ere, hainbat lekutan mutil zahar direnak, adinez nagusiago direnak jarraitu ahal izan dute ihauterietako festetan parte hartzen. Eta parte-hartze hori ez da bakarrik mozorrotzea, baizik eta eskean parte hartzea eta eskearen emaitza diren janak kontsumitzen jarraitzea. Alegia, festa debalde egitea.

Inauteria biziberritzeko gogoa

Inauteri forma ezberdinak biziberritzeko irrika berezia atzeman baitute abiatu dituzten Naiz irratikoek elkarrizketa formako podcast hauek. Eta Aitzpea Leizaolak bat egin du haiekin. Bada inauteriak eraberritzeko joera orokortu samar bat, bi moldetan ematen dena:

Bata da berreskuratzearen logika. Esatea, “goazen arakatzera hemen eta bertako jende nagusiarekin hitz egin haiek gaztetan zer egiten zuten” eta hori berreskuratu eta gaurkotu. Zeren berreskuratu ez da 1920 edo 30ean egiten zen bezala egitea, gizartea aldatu egin delako eta orduan egiten ziren zenbait gauza gaur egun ez direlako onargarriak edo ez daukatelako zentzurik. Hortaz, gaurkotu ere egiten da.

Eta beste logika bat da zerbait propio sortzearena.  Eta hor badago ere imajinazio ariketa interesgarri bat, zeren beti irudikatzen da tradizioa iraganetik datorren gauza aldaezin bat bezala, edo horrela irudikatu izan da luzaroan. Eta tradizioak zerbait baldin badira, da moldatzeko gaitasuna daukaten zerbait eta gauza berriak sortu eta gizarteak bere egitea, errepikakortasun ziklikotasun baten baitan kokatzen diren fenomenoak, ospakizunak edo errituak edo dena delakoak.

Aitzpea Leizaolarendako bada euskal inauteri tradizio bat —hein handi batean munduko beste hamaika txokoetakoekin elementuak partekatzen dituena— baina, badago gaur egungo ikuspegitik euskal tradizio bat pentsatu eta gorpuztearen nahi eta behar bat. 


Herri inauteriak Naiz irratian:
Aitzpea Leizaola (Antropologoa): «Inauterietan badago euskal tradizio bat pentsatu eta gorpuzteko nahi eta behar bat»

  • Hurrengoa: Herri inauteriak Naiz irratian 2: Uztaritzeko kaskarotak

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.