Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Maskaradez "Eskualduna" astekarian

Dokumentuaren akzioak

Maskaradez "Eskualduna" astekarian

Maskaradez "Eskualduna" astekarian

Etxebarreko maskaradak, 1923. Miguel Angel Sagasetan "Luzaideko ddantzak" liburutik.

Maskaraden urtekaria argitaratu eta ondotik ere, osatu nahian, XX. mende hasierako euskal prentsan zer topa nezakeen saiakera egin dut. Zenbait ahalegin antzuren ondotik, Eskualduna astekariaren hemeroteka digitalizatua topatu dut Bilketa.eus webgunean eta bertan, hainbat sorpresa goxo. Artikuluxka honen bitartez partekatuko ditut zuekin.

Eskualduna 1887an sortu eta 1944ean itxi zuten Baionako aldizkari elebiduna zen (euskaraz eta frantsesez). Bere ildo editoriala kontserbadorea zen, erlijio katolikoari hertsiki lotua, beheraxeagoko aipamenetan nabaritu ahal izanen dugunez. Baina goatzan urratsez-urrats.

Eskualduna portada

Egutegi eguneratua

Lehenbiziko gauza, nire bilaketaren helburua hori izan baita, Dantzan-en argitaratu berri dugun urtekaria eguneratzea izanen da. Eskualduna astekariaren ale zaharretan topatu dudan informazioari esker argitu ahal izan dut zein herrik eman zituzten 1904, 1905, 1906, 1907, 1908, 1910, 1911, 1913 eta 1935eko maskaradak eta 1909, 1923, 1924, 1925 eta 1927koen datuak osatu ahal izan ditut. Horra:

1935 Atharratze
1927
Gaztelondo (Barkoxe) eta Mendikota
1925
Altzürükü Ligi-Atherei Lexantzü, Montori eta Sarrikotagaina
1924
Sohüta, Aloze eta Gaztelondo (Barkoxe)
1923
Urdiñarbe, Etxebarre, Mithikile eta Atharratze
1922 Hauze eta Barkoxe
1913 Ligi, Lexantzü
1912 Lakarri eta Etxebarre
1911 Hauze
1910 Gamere eta Astüe
1909 Larraine eta Atharratze
1908 Aloze
1907 Sarrikota
1906 Atharratze eta Altzai
1905 Montori
1904 Barkoxe

Eskualduna astekarian argitaratutako hango eta hemengo maskaradei buruzko kronikak dira datu bilketa honen oinarri. Daten zerrendatik haratagoko informazio interesgarria eta hainbat kontu bitxi ere eskaintzen dituzte.

Maskaradaka Bildozen 1920an
Jauna eta Anderea, Bildozen, maskaradak, 1920. Argazkia: Baionako Euskal Museoa.

Bost maskarada 1925ean 

Maskaraden urtekaria osatzeko kuxkuxeatzen hasi nintzenean, jadanik zur eta lur geratu nintzen jakitean 1947ko neguan 3 herri ezberdinetako maskaradak aritu zirela ezker-eskuin. Pentsa beraz, gelaxkak osatzen ari nintzela, 1925ekoan Altzürükü eta Ligi-Athereikoen ondoan Lexantzü, Montori eta Sarrikotagainekoak ere ipini behar nituela konturatu nintzeneko harridura. Bost maskarada urte berean!! 

Ligi-Athereiko maskaradak 1925
Ligi-Athereiko maskaradak 1925. Jean Mixel Bedaxagarren Aitzina Pika liburutik

Nire begi manexendako, ez da horrelako bitxikerietan bakarra. Esaterako 1913ko urtarrilaren 12an, igandez, Lexantzü eta Ligiko maskaradak aritu ziren ber-denboran Larraineko herrian. Ondo-ondoko herriak dira Lexantzü eta Ligi eta duda sor liteke: bi herri baina maskarada bakarra? Kronikak argi uzten du herri bakoitzak bere maskarada taldea izan zuela, bakoitza bere Jaun, Zamaltzain, Kantiniersa, Txerrero, Gathero, Entseinari eta enparauekin.  "...hain dira houn batak eta bestiak".

Euskalduna egunkaria 1913-01-12 Maskaradak Larrainen

Maskaradak Larraine 1909
Larraineko maskaradak, 1909. Jean Mixel Bedaxagarren Aitzina Pika liburutik hartutako argazkia.

Edozein gisaz, antzematen da XX. mende hasiera horretan askoz modu natural eta bat-batekoan antolatzen zirela maskaradak, 1909ko Atharratzeko maskaradei buruzko testutxo honetan egiaztatu dezakegunez:

Igantian, batere uste ezkunialarik, uken ditugu heben bereko maskaradak, maskarada, goguala jin eta berhala eginik izan diren batzu. (...) Atharratzen Ziberoko lehen dantzariak baditugu, eta aisa da heben, holako libertimendu baten moldatzia egunetik biharrera.

Hartara, pentsa dezakegu garaiko prentsari kostako zitzaiola maskarada guzti-guztien berri eman ahal izatea eta beraz, hemen agertutakoak izan zirenetako batzuk besterik ez direla, agian. 

Zuberoa 1925 dantzariak
Zuberoako dantzariak, 1925. Argazkia: Baionako Euskal Museoa.

Seriostarzun amini bat komeni dela

Maskaradei buruzko artikulu eta kronika hauetan ez da Kabana predikulari bakarra, hain zuzen. Eskualdunaren ildo editorialari jarraikiz, errepikakorrak dira testuotan moralkeriz zipriztindutako mezuak. Maskaradak onestak eta zuzenak beharko liratekeela izan idatzi zuten kazetariek behin eta berriz, eta zintzotasun horren kontra egiten zuen edozein kontu azpimarratzen. Esaterako, maskarada gehiegi egiteak eta herrietan hara-honaka ibiltzeak ekartzen zuen denbora galtzea —eta gehi genezake, okerbideratzeko arriskua—. 1923eko testu hau adibide:

Egin maskaradak ihautiriko azken biga-hirur egunez, eta gero, aski, eztadin izan etxeetan behar beno gastu haboro, behar baino haboro lan galtze.(...) Holaz ere, Jinkoaren zuzenak eztira ostikatuko.

Zuberoa 1925 dantzariak
Zuberoako dantzariak, 1925. Argazkia: Baionako Euskal Museoa.

Denbora galtzea, hala ere, ez litzateke berez horren grabea, agian, ez balitz denbora hori galtzeko tokiarengatik. 1921ean ez omen zen maskaradarik izan ("...paususka ditugu gazteak"). Hainbat hobe, kazetariaren irudiko: "konprenitzen badie gaizak oro hein batetan direla hobenik (...), seriostarzun amiñi bat komeni dela". Gainera, idazleak ez zuen aukerarik galdu nahi izan oroitarazteko ostatuak ez zirela toki egokienak Zuberoako gazteria onestarendako:

Egungo gaztiak diru hanitx gastatzen du ostatietan, eta holaz ohitura gaiztoak hartzen.

Baina zeintzuk ziren ohitura gaizto horiek, bada? 1925eko kronika honetan arrasto pare bat ematen dizkigu kazetariak:

Bena zorigaitzez badira maskaradetan gaiza eli bat oneste ahal ez direnak: Eztira onesten ahal kautere eta buhameen ele gizenak (...) Beste gaiza bat orano oneste ahal eztena igantez jai horiek egitia. 

Kautere eta buhameen kontrako erretolikak etengabeak dira XX. mende hasiera horretako testuetan —baita emakumez jantzitako gazteen kontrakoa ere. Maiz, gorrieria eta beltzeria bata bestearen parean jarriak dira, batzuen edertasuna eta onestasuna besteen larderia eta txarkeriari oposatuz. Aitzindari egiten duten gazteak behin baino gehiagotan xaxatuak dira maskaradek ekartzen dituzten lizunkeriez ahaztu eta haien dantza-dohainak primaka edo dantza-lehiaketa orbangabeetan erakustera. Bestetik eta egungo begiekin begiratuz, bitxia egiten ahal zaigu ere maskaradak igandez ez egiteko aholku hori, gure denbora honetan, gehien-gehienak egun horretan izaten baitira.

Altzürüküko maskaradak, 1925
Altzürüküko maskaradak, 1925.

Baina horrenbeste gordinkeriren artean, izan zen hala ere, kronikalari elizkoi hauendako maskaradak behar bezala egin zuen herririk. Esaterako, Lexantzü! "Lexantzuko maskaradentzat entzun dugu Meza entzunik jin direla Maulerat, entzun ere dugu aitzinekoek ez bezala, galtatu diela eta erdietsi astegunez Larrainera joatea". Eta ez da hau maskaradak aste-tartez egin izanaren erreferentzia bakarra. 

Maskaradak Bildozen 1920an
Maskaradak Bildozen, 1920. Argazkia: Baionako Euskal Museoa.

Soldadoak aitzindari eta Buhamesaren desagertzea

Maskaraden ustezko gehiegikeriei nola aurre egin argi izan zuen Lexantzü herriko apaizak. "Diala hogei bat urte" dio 1927ko kronikak, beraz mende hasierari aipamen eginez. Lexantzüko jaun erretorak, birritan pentsatu gabe, hiruzpalau soldado eman zituen maskaradetako soinu-egileen ondotik, aitzindariak bailiran, ospakizunaren zuzentasuna bermatzeko. Ondotik, bai "gorrieria dantzaria oro" baina ez Keresturik—, Jauna, Anderea gabe, Laboraria eta bere langilea. Apaizak bere gustuko ez ziren pertsonaiak egotzi zituela alegia, eta oraindik ere badazpada, hainbat soldatu jarri zituen Txerreroaren lanak egiten.

Maskaradak Bidozen 1920
Maskaradak Bildozen, 1920. Argazkia: Baionako Euskal Museoa.

"Geroztik ez da buhamesarik izan Ziberoko maskaradetan", jarraitzen du testuak. Izan ere, gaur egungo kantiniersaren pertsonaia Buhamesa omen zen garai batean, Salaberri-ren esanetan eta 1900 urte ingurura arte, Herellek dioenez. Buhamesak Zamaltzaini jaten eta edaten ematen omen zion eta ahoan bilorik gabekoa omen zen, gordina. Eta emakumea. Eta ez ziren, antza, halako manerak emazte-pertsonai batendako egokiak moralaren defendatzaileen aburuz. Lexantzüko apaizaren erabakitasunak bukatu ote zuen, beraz, Buhamesaren pertsonaiarekin?  Ez da 1927koa, baina, Buhamesari buruzko aipamen bakarra. 1908ko Alozeko maskaraden inguruko artikuluxkan zera dio kazetariak:

Buhame andererik ez dugu ikusi. Ez gira hortaz kexu; ezta hortan faltarik. Libertimentu batetan ez dadila deusere so egiler begiak apal erazten ahal dienik.

Berdintsu 1925ean.

Egia bada buhamesak sahietsialat utzirik dira igaran hogei urte hontan, eta hori zerbait da.  

Buhamesaren pertsonaiari buruz bi kontuk deitu didate arreta. Batetik, kargu hori desagertu eta hogei urtera oraindik ere garaiko kazetarien hitzetan horren present egotea. Buhame anderearen esanek edo hitz horiek jende kontserbadoreari eragindako herrak aztarna luzea utzi zuten. Bestetik, deigarria zait —nahiz eta jadanik badakigun horrelako jarrerak orokortuak zirela  Kautere eta Buhame pertsonaia maskulinoen gordinkeriez hamarnaka kritika jaurtita ere, azkenean desagerrarazi zuten pertsonaia Buhamesarena izatea, hau da, emakumea irudikatzen zuena. 

Sohütako aitzindariak 1934
Sohütako aitzindariak, 1934.

Biba arren Aloztarrak!

Aipatu ditugu dagoeneko 1908ko Alozeko maskaradak eta barkatuko didazue berriz hona ekartzea, baina Orhiko xoriak Orhira tira. 1908 hartan, urte berri egunez eman zituzten lehen maskaradak Aloztarrek, urtarrila hasierako kronikak argitzen digunez. Behar bezalako maskaradak izan omen ziren kronikalariaren arabera: kopuruz txiki, dantzariz eder. "Aloztarrak ontsa hasi dira; jo beze ontsa bururaino". Otsaileko kazeta batean ere irakurri ahal izan dugu Alozeko maskaraden berri. Dirudienez, "bide onetik" jarraitzen zuten:

Ikusi izan tugu Alozeko maskaradak, eta, ene haurra, zer diferentzia lehenekoetarik! Mutiko eli bat zuin dantzariago, oro ontsa beztiturik eta oro jenten oneski deskantsatzerat ekarririk. Ezkunian ikusi holakorik behin gure herrian baizik. Biba arren Aloztarrak!

Martxoan ere, berant bada berant, kazteriaren felizitazioneak merezi izan zituzten Alozekoen maskaradek. Dantza ezinago ederrak bai, baina antza Xorrotxen hizkerak urduritu zuen idazlea, beste behin ere. Ontsa hasi baina ez horren ontsa urrentu!!

Alozeko 1908ko maskaradei buruzko kronika
Eskualduna, 1908-03-13

Honaino, XX. mende hasierako Eskualduna astekariaren orrietan maskaradei buruz topatu ditudan erreferentzien laburpentxoa. Animatzen zaituztet zuek ere bertako orrialdeetan kuxkuxea dezazuen, hemen agertu ez ditudan beste hamaika kontu baitira bertan eta seguraski niri pasa zaizkidan beste hainbat ere. 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.