Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Iñaki eta Javier

Dokumentuaren akzioak

Iñaki eta Javier

2009/10/28 12:05

Nahi bai, baina ezin oraindik guztiz bazterrean utzi irailaren 27ko bestondoa. Argazkiak batetik, bideoak bestetik, jendearen iruzkinak handik... baretuz doa kontua eta baretuko da guztiz noizbait.

Edozein kasutan San Fermin Aldapakoaren egunean estreinatutako Ezpata-dantzaren karietara azken aste honetan jakin ditudan bi gertaera partitu nahiko nituzke testu hau irakurriko duten apurrekin. Lotsa pixka batekin partituko ere, ez baitut bonbo gehiagorik nahi, baina gertaera hunkigarriak izan direnez barrena husteko beharra nuen, protagonisten baimenarekin.

Ezpata-dantzan gaur egungo taldeko dantzariek parte hartu zuten, baina baita aurreko belaunaldietako zenbait dantzari zailduk eta baita dantzari gaztetxo batek. Kontatuko ditudanek dantzari zailduetan zailduenarekin eta gaztetxoaren anai are gaztetxoagoarekin zerikusia dute.

Javier Urtasun Iruñeko udal dantza taldeko dantzaria izan zen XX. mendeko 70. hamarkadan, baina taldearekin harremanik ez du galdu eta Ezpata-dantzan parte hartzeko deia zabaldu genuenean, interes handiz etorri izan da entseguetara. Bera da Aldapako San Fermin egunean dantzan aritu zen dantzaririk beteranoena. 60 urte ditu. Tuteran ere dantzatu genuen Ezpata-dantza urriaren 10ean eta han izan zen berriz ere Javier. Arropa itzultzeko eguna jarri genuen aurreko astean eta penaz itzuli omen zituen bere arropak Javier-ek: "Ez dakizue zer pena hartzen dudan arropak itzultzen!". Aurpegi arraroz begiratuko genion, orduan aitortu zigulako izugarri disfrutatu zuela bere haurtzaroko kaleak - alde zaharrean jaio baitzen bera - dantzan zeharkatzen. "Gaur egungo dantzari gazteekin dantzan izugarri disfrutatu dut!" ere esan zigun eta akaso bere dantzari ibilbidean egunik zoriontsuena izan zela San Fermin-txikietakoa! Gogorra eginen zitzaiola beste urte bat itxaron behar izatea berriz ere ezpata-dantzari janzteko, eta horregatik itzultzen zuela arropa penaz.

Mikel Tristan gure txikien dantza taldeko dantzaria da. 12 urte ditu eta bera hautatu genuen ezpata-dantzarien taldeko Zerbitzaria izateko. Bere dantzarako pieza erakusten hasi ginen lehen entsaioan hiru gurutzetako muriska egin zuen patxada ederrean, begira geunden ginontzekoen harridurarako (inoz ez zen horrelakoetan saiatu, eta lehenegoan ttak!). Aldapako San Fermin-en egunean primeran bete zuen bere papera eta ia egun horretan bizitakoek futbola utz dezan balio duten (jejejeje).

Mikelek badu anai gazteago bat, Iñaki, 10 urtekoa eta gure txikien dantza taldeko dantzaria bera ere. Bere anaiaren entsaioak ikusi izan ditu, Ezpata-dantza estreinatu genuen egunean bere anaiarengandik gertu egon zen uneoro eta Tuterara ere etorri zen bere gurasoekin. Ordutik ensaiatzen ditu Buruzagiaren eta Zerbitzariaren zortzikoaren urratsak bere etxean, bera bakarrik, bere kabuz.



Beste gauza askorengatik ere bai, baina hemen kontatutako bi bizipenengatik bakarrik, merezi izan du hartutako lanak!


Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.