Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Bidador pastorala: auzolanean uxatu dugu betiko agorraldia

Dokumentuaren akzioak

Bidador pastorala: auzolanean uxatu dugu betiko agorraldia

Kasik bi urte dira Joxemiel Bidador - Iruñeko euskaldunak pastoralaren proiektuarekin hasi ginela. Egun hauetan, emankizunen bigarren itzulian buru-belarri sartuta, eta egitasmo honen argiak itzaltzeko emanaldi bakar baten faltan, bilan bat egiteko una egokia iruditu zait. Nire bizipen pastoraleroak kanporatzekoa.

Bere heriotza aitzin Joxemielekin izan nuen azken harremana email bidezko ika-mika bat izan zen. Horregatik, bere heriotza ziztada bikoitza izan zen niretako. Bakeak egin gabe joan zitzaigun. Horregatik dantzatu genuen zendu eta egun gutxira Artikan egin zioten omenaldian, kalte-ordain sentipen amiñi batekin, eta agian horregatik esan nion bai -arduragabea ni- Bidador pastoralaren errejent izateari, bilera-enboskada hartan. Orduan ez nintzen jabetu abentura honen zamaz, baina abentura amaitzear denean, pozik naiz baietz esan izanaz. Besteak beste, jada gure artean ez bada ere, Joxemielekin berradiskidetzeko balio izan didalako. Ez da hala, Joxemiel? Ez ditut Joxemiel Bidador-en bizitzako lanak eta merituak hemen zerrendatuko, asko eta onak baitira. Baina, nolakoa den bera, hil ondoan ere jarraitzen baitu ereindako uzta biltzen!

Bidador pastorala - atea
Argazkia: Iñaki Aldatz

Ez naiz Bidador pastoralaren alde artistikoaz ariko, hori ikusleak epaitu behar izaten baitu, baina bai, pastoralaren eszena zerraditzen duten erridauen atzean gertatu izan denaz. Proiektu hau aitzina eramateko egin behar izan dugun auzolanaz, alegia. Bidador pastorala zerbait izan bada, auzolan erraldoia izan baita -izenbururako aukeratu dudan pastoraleko kantu baten koplak ederki dioenez-!

Auzolana, hasteko bi errejenten artean, edo Agus Perez-ek Berriako kronika hartan modu zoragarrian adierazi bezala, bi errejent-erdien artean. Izan ere, pastorala zuzentzeari bai esateko arduragabekeria egin eta gutxira, larritasunak jan ninduen eta aditu bati laguntza eskatu behar izan nion. Zorionekoa ni, aritua -eta beraz, aditua- ondoan bainuen. Ihitz Iriart aingürü izan zen 1987ko Atharratzeko pastoralean, sujet 2009ko Alozekoan, sujet-edo 2013ko Etxekopar eta Lougarot-en Ederlezi pastoralean eta arizale 2014ko Bedaxagarren Akitaniako Alienor-en. Oraindik ere aingürü izaten jarraitzen duenez, nire eskaerari bai esan eta buruz-buru ibili gara errejentgoa konpartitzen, beste lagun zenbaiten laguntzarekin (Kike, Jon, Patxi, Maika, Oier...), pastorala eraikitzen. Haserralditxoak-haserralditxo, bata bestearen osagarri, ez ahazteko moduko esperientzia ederra bizi izan dugu. Eskerrik hanitx, beraz, Ihitz!

Bidador - Iñaki Aldatz
Argazkia: Iñaki Aldatz

Auzolana ere, lau elkarte antolatzaileen artekoa: Zaldiko Maldiko, Euskaldunon Biltoki, Karrikiri eta Duguna-Iruñeko dantzariak. Dagoeneko zenbait urte daramatzagu elkar-lanean eta fruitu ederrak eman ditu harremanak: Iruñeko Karrika-dantza, Ijitoak Euskal Herrian jardunaldiak, Euskarak 365 egun ekimenaren Iruñeko ospakizuna eta orain Bidador pastorala. Baina Bidador-en proiektuan ez gara lau elkarteotako kideak soilik aritu. Elkarte gehiago izan dira saltsan, esate baterako, Ortzadar, Iruña-taldea eta Muthiko Alaiak taldeetako kideak ere aritu dira, kantan edo musikan.

Iruñean, dantza taldeon arteko harremana ez da beti gozoa izan, aldizka garratza ere bai. Horregatik pastoralaren proiektua lezio moduko bat izan da. Hasteko lezio bat gure buruendako -nire buruarendako bai behintzat-. Tratuak elkar-ezagutza dakar, elkar-ezagutzak konfidantza eta konfidantzak adiskidetasuna. Hala izan da niretzat. Eta uste dut kanpora begira ere lezio bat eman dugula Bidador pastoralean aritu garen lagun desberdinek, eta etorkizunerako adibidea eman. Antton Lukurendako hortan datza gure arte-dramaren dimentsio politikoa, besteak beste, desberdinen arteko negoziazio eta akordioan. Joxeangel Irigaraik pastorala Iruñeko euskalgintzaren mugarri izanen zela esan zuen urriaren 10ean. Ez dakit hein horretara helduko den, baina guk auzolan hori azalean bizi izan dugu, eta agian hori izanen da etxera eramanen dugun bizipenik onena! Hori eta bidean egin ditugun hango eta hemengo lagun berriak!

Bidador pastorala egun bakarrerako proiektu gisa sortu zen, baina azkenean beste 3 emanaldi egin ditugu. Bagenekien lehenengoa errepikaezina zela. Burgoen plazakoak bere kontestua, zergatia, tokia, ordua, antolakuntza, zentzua... zuen. Bagenekien besteak zerago izanen zirela... "ikuskizunago". Mmmmm, ongi pentsatuta... denak ikuskizunago, salbu Gotainekoa!

Bidadro pastorala Gotainen
Argazkia: Laurentx Etxegoien

Gotainen eman genuen Bidador pastorala joandako igandean, martxoak 27. Presio gaitza genuen gainean. Zer esanen zuten zuberotarrek manexek emandako pastoral horri buruz? Sakrilegioa!!! Pastoralaren aurreko egunak ere Zuberoan pasa genituen, prestaketa lanak poliki-poliki eta lasai-lasai egin ahal izateko. Tuterako erraldoiak esaterako, bezperatik heldu ziren Gotainera, kamioian. Juanjo gidariarekin hizketan, bere erriberako azentoarekin esan zigun, gustora etorri zirela bera eta emaztea asteburu-luze pasa. Aspalditik zutela harremana Zuberoarekin. Tuterako Argia ikastolako guraso izandakoak, bere garaian Sohütako ikastolako gurasoekin harreman estu-estua izan zutela eta makina bat denboraldi pasa zituztela batzuk hemen eta besteak han, bi ikastolak kasik haien eskuekin eraikitzen. Eta momentu hartan pentsatu nuen zentzu osoa zuela Bidador pastorala Gotainen ematea. Eta berezia izanen zela emanaldi hori! Ez horren ikuskizun eta bai zentzuz betea. Nago, biharamunean, ikusleek ere nabaritu zutela Xiberoa eta Nafarroaren arteko harreman betiereko horren giro berexi hori, zeinean erraldoien kamioiaren gidaria bera ere parte baitzen.

Emanaldi ondoko jendearen iruzkinak goxoak izan ziren, beraz. Faltan izan genituen bertaratu ez ziren zenbaitenak. Ez zen hori helburua baina uste dugu, gure pastoral mañueteroak, bere xumetasunean -xumetasun hau gu gara- eta hain zuzen -baina ez bakarrik-, bere xumetasunean, egiten ahal diola ekarpenik Zuberoako pastoralari. Mixel Etxekoparrek harrituta utzi gintuen Xiberoko Botzean gure emanaldiari buruz esandakoekin: "Enetako aurtengo gertakaria Xiberoko pastoralean, errespetu osoz diot, Bidador pastorala izan da". To eta no!

Johañe Etxebestek ere esan zigun nabari zela bihotzetik egindako lana zela hura. Eta bai! Hala izan da Bidador pastorala, guretako behintzat: jende askoren bihotzetik, auzolanean egindako lan eder bat!

Oraindik zorretan dugu heldu den apirilaren 9an Bilbon jokatu beharreko emanaldia. Azkena! Baina Alondiga zentro moderno horretan Erripan gora entzunen dudanean, nik Mañueta karrika imajinatuko dut eskuinean, San Zerningo ezkilak entzunen eta Gotaineko arraboteko paretako lehua eta ondoko eliza ederra ikusiko ditut gure eszena xuriaren atzean!

Biba Bidador eta Bidadortarrak!

Dokumentuaren akzioak

2016/04/01 09:46
Mila esker Aritz, mila esker Bidador pastoralaren atzealde eta barrunbeetako xehetasun hauek eta zuregan eragindako gogoetak konpartitzeagatik. Horrelako prozesu batek eskaintzen dituen bizipenak kanporatzea oso baliagarria gertatzen zaigu emanaldia ikustera bakarrik joan garenoi, eta maizago eta beste mota bateko ekitaldietan ere egin beharko genukeen ariketa dela gogorarazten digu.

2014ko abendua, Dantzan Ikasi programa Donostian, Antton Lukuren hitzaldia Libertimenduaz. Hitzaldi bukaeran elkarrizketa mamitsua sortu zen Koldo Mitxelenako aretoan, Urbeltz, Irigarai eta zeu tarteko. Era honetako ekitaldi batek Iruñea moduko hiri batean zentzurik bat ote zenuen galdetzen zenion zure buruari, altuan galdetu ere. Ordurako Bidador pastoralaren erne-muina ereinda zegoen, ez zen beraz galdera erretorikoa.

Lukuk libertimenduaz eskaini digun irakurketak, dantzarion jardueraren zentzu politikoaz kontzientzia ber-hartzera eraman gaitu zinez, gure aurreko belaunaldiek inoiz galdu ez duten kontzientzia, bide batez esanda. Jarduera politikoaren eraginkortasun gorena alderdikerietatik(=taldekerietatik) askatzen denean lortzen dela frogatu digu Bidador pastoralak, aurretik beste hainbat esperientzietan ikusi duguna berretsiz, Argiaren jardunbide ez-ohikoan adibidez.

Gotaineko errebalidak, Iruñean ikusi genuenok antzeman genizkion balio artistikoak berresten ditu, alegia, ez ginela emozioen eraginez soilik errenditu, pastoralak bazuela gorputz dramatikoa eta kalitate formala. Adibidez, Makagorriaren ekarpena aipatu da, eta horretan sakonduz, Bidadorren izpiritu pitxutarra arketipoaren bidez eszenaratzearen aziertoa berresteaz gain, bereziki nabarmendu nahi nuke Makagorriaren sarrera-irteeren diseinu koreografiko eta musikala, sotila bezain bortitza, xehetasun txikienetan ere Bidador pastoralaren eta Bidador beraren arima zorrotz bezain jostalaria erakusten duena.

Biba Bidador eta Bidadortarrak!
2016/04/01 14:49
Estimatzen dizkizut hitzak Oier! Eta erabat ados lehen parrafoetako ideiekin. Gero bitxia da, baina niri gertatu zait pastoralaren espiralaren barruan sartuta, ez naizela zenbait gauzetaz ohartu, eta kanpotik argiago-edo ikusten direla dirudi.

Makagorria kasualitate bat izan da. Patxi Larrioni okurritu zitzaion "maka" hitza (Mutila, pintxea edo ofiziale baten laguntzailea iruindarrondako) agertu behar zuela pastoralean nolabait, Bidador maka izan baitzen bere gurasoen dendan. Gero pertsonaia bihurtzea pentsatu genuen eta Jon Alonsok koplak idatzi zizkion. Testua irakurrita, Ihitzi okurritu zitzaion pastoralean zuzenean agertzen ez zen Joxemielen "beste ni" izan zitekeela eta horrek kopla batzuk gehitu eta bermoldatzera bultzatu gintuen. Gero jantzia egin genion -erdi langile erdi bufoi-, gero koreografia eta urratsak, gero gure turkoen deabru ere bihurtzea. Poliki-poliki, nondik-nora gindoazen jakin gabe, batzuen eta besteen aportazioekin sortu dugun pertsonaia izan da, diodan bezala, erdi kasualitateaz, kasualitatea esistitzen bada...

Gero jende askok aipatu du Makagorriaren pertsonaia: Etxekoparrek, Jean Louis Davant-ek, zuk... eta guk ez dakigu oso ongi nondik sortu den, baina egia da aipatzen dituzun kualitate horiek guztiak dituela. Ah zer bitxoa, horretan ere, Makagorria!!

;)

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.