Dokumentuaren akzioak
Bernat Etxepare, erretore idazle eta dantzaria?


Iruñeko katedraleko klaustroko ekialdeko kapitelean agertzen den soka-dantzaren irudikapena. Azken dantzaria apaiza dirudi. Argazkia: Koldo Azkona
Bernat Etxepare (Sarasketa, Nafarroa Beherea, 1480 inguru) Eiheralarreko erretore eta Garaziko bikario izan zen. Ezagutzen dugun euskarazko lehen liburua idatzi zuen, Linguae Vasconum Primitiae, 1545ean. Maiz eztabaidatu izan da idazle, poeta, bertsolari edo kantugile izan ote zen. Eragiketa hori ebatzi gabe, batzuk beste aldagai bat sartu izan dugu debatean, eta bere dantzari izaera aldarrikatu. Bere bi testu ezagunenek —Kontrapas eta Sautrela— garai hartako dantza moldeak izateak eta bietan egiten duen dantzaren apologiak hori pentsatzera eraman izan gaitu.
Berriki Danserie Ensemble antzinako musika taldeak argitaratutako Bernat Etxepare 1545 izeneko disko-liburuskak, hipotesi horretan bermatu ahal izateko arrasto gehiago eman dizkigu. Ebidentziarik ez bada ere, Etxepare dantzariari buruzko arrastoak eskaini dizkigu Koldo Azkona ikerketaren egileak.
Bernat Etxepare, bere garaiko erretorea
Gaur egungo ikuspegitik zaila egiten ahal zaigu apaiz bat dantzan irudikatzea. Hain zuzen, XX. mendean abade horietako askoren arduretako bat dantza arautzea, eta kasurik muturrenekoetan debekatzea, izan zen; Baina erretore dantzarien hamaika testigantza ditugu. Zer esanik ez, 1545eko Trentoko elizbatzarraren aurretik. Izan ere, kontzilio hark apaizen jokaera moralaren arautze zorrotza ekarri zuen, eta haien dantzazaletasuna kamustu. Horren aurretik —eta ondotik ere, tarteka— abadeak zezenen aitzinean, pilotan, dantzan eta amodio kontuetan ere aritzen ziren, besteak beste.
Eta, antza, Bernat Etxepare molde horretako apaiza zen. Koldo Azkona Danserie Ensembleko ikerlariaren hipotesiaren arabera, frogatzerik izan ez duen arren, Etxeparek —abizenak salatzen duen bezala, etxe onekoa izaki— Okzitaniako Tolosan egin izanen zituen unibertsitate mailako ikasketak. Bertako unibertsitatean ikasketarako giroaz gain, bestelako jardunetarako bidea ere topatuko zuen, Azkonaren arabera:
Nafarroako ikasle anitz joaten ziren hara, bizimodua Gaztela aldean baino merkeagoa baitzen. Ikasleen arteko giroa batzuetan ederra izaten zen. Kolegio nagusietan hainbat jatorritako ikasleak elkartzen ziren: Iberiar penintsulakoak, frantziarrak, alemaniarrak…iskanbila handiak izaten ziren, borrokak, kantu iraingarriak, jokoak, pilota… ikasketak ordaindu ahal izateko kantuak eta musikak eskaintzen zituzten. Gitarrak, panderoak eta flautak jotzen zituzten, agirien arabera. Giro horretan, Etxeparek, segur aski musika eta dantza ezagutuko zituen. Gainera, Sautrela hori, Saltarello, agian hemen ere dantzatuko zen, baina pixka bat arrotza egiten da. Tolosa Italiako eraginetik hurbilago dago eta ez ote zuen bertako unibertsitatean ikasiko?
Ez dirudi Bernat Etxepare agiriek deskribatzen duten ikasle eredu horretatik oso urrun zegoenik. Izan ere, Azkonaren ikerketak argitara ateratako daturik esanguratsuena zera izan da, Bernat Etxepare Eiharalarko erretore eta Donibane Garaziko bikarioak, semea izan zuela, 1512 aldera, apeztu eta urtebetera.
Etxepare eta dantza. Kontrapas eta Sautrela
Etxepare dantzaria aldarrikatu dugu hasieran eta goazen horri erreparatzera. Izan ere, Etxepareren bizitzaz dakigun apurra eta bere Linguae Vasconum Primitiae liburua dantzaz zipriztindurik antzematen baititugu.
Esan dugu Bernat Etxeparek semea izan zuela, Bernat Etxepare —Fijo de clérigo— hura ere. Bernat Etxepare junior Johana Aranburu garaztar gaztearekin ezkondu zen 1537an eta ospakizunetan ez zen dantzarik falta izan.
y alli publicamente de cabo se fizieron las bodas con arto solaz y con doblados tamborines y hubo en las dichas vodas muchas danzas como en semejantes vodas se acostumbra en la dicha tierra de vascos..." ARGN-NEAN, 8985. prozesua, 2v orrialdea.
Unibertsitate garaiko giro hura akorduan, senargaiaren aita ere dantzan irudikatzeko ez dugu asko behar. Are gutxiago, urte batzuk geroxeago idatzitako liburuan dantzari egiten dizkion aipamenak ikusita. Bere bi testu esanguratsuenen tituluak bi dantza molderen izenak dira: Kontrapas eta Sautrela. Alta, ez da erraz jakitea zer dantza mota ezkutatzen ahal zen izen horien atzean, duela 500 urte, Koldo Azkonaren esanetan:
Etxepare dantzari? Etxeparek dantza ezagutu zuen, eta orduan hipotesien alorrean sartzen bagara ere, nik uste dut baietz, ezagutu zuela. Hasteko, Kontrapas horrek neurri berezia du, zazpi silabetako lau lerroko ahapaldiekin. Eta gero lelo bat du hiru-zazpiko neurrikoa. Dantza baten izena, neurri bitxi bat, errepikatzen den lelo bat… Burura etorri zitzaidan Erdi Aroko Carola dantza moldea eta dantza kantatuak. Baina bestetik, izenburuak kontrapas dio. Horrekin zoratzen zaitu. Edukiak gauza bat iradokitzen du, baina izenburuak ez. Zaila da, garaiko tratatuetan ikertuz eta abar, dantzen garapena zehatz asmatzea. Carolatik Branlea sortu ote zen. Konplikatua da. Kontrapasek niri zera iradokitzen dit: dantzari talde bat, eskuetatik helduta, kantatuz, lelo bat errepikatzen duena.
Dantza moldeen garapena jarraitzea konplikatua bada ere, Katalunian bada eskuetatik helduta, taldean egiten den dantza molde bat: zein eta kontrapasa. Eta irudimena lanean jarrita —gehiegi ere ez da behar— Zuberoako Branlea etorriko zaigu gogora, zeinen lehen urratsa baita... kontrapasa. Jean-Phillipe Bela edo Belako zaldunak (Maule, 1709 -Paue, 1796) bere Histoire de Basques eskuizkribuan jadanik aipatzen du kontrapasa: Ces danses se font en cercle et en forme de branle, qu’yls apellent Contrapassac. Les hommes et les femmes sont mélés, et se tienent par la main, aprés quoy yls dansent une curante qu’yls apellent Dantza schuhia et qu’yls finissent par une dansse ellevée qu’yls nomment Jauziac.
Zer dugu hor? Batetik, kontrapas urratsez, eta beraz, ezinbestean, modu geldoagoan egiten den dantza-atal dotoreago bat, Erdi Aroko Bassa Danza-rekin —Bajea deitzen zion Lazarragak— harremana izan dezakeena. Eta bestetik, dantza-jauziak, zeintzuk baitira dantza molde saltarinagoak? Koldo Azkona:
Sautrela da Italiako Saltarelloaren —saltarintxo—baliokidea. “Lelozko kantuen” sailean sar genezake ere. Rafael Mikoletak Metodo Breve de aprender la lengua Vizcaína liburua idatzi zuen 1653an eta hor Lelori-lelori moldeko koplak aipatzen ditu. Herri kantak ziren, neskatxek kantatzen zituztenak eta hauek ere errepikatzen zen leloa zuten. Berriz ere inprobisatuak izaten ahal ziren koplak eta ondotik leloa zetorren, Carolan bezala. Erreferentzia dezente badira: Salinas kondearen kantuan (1600 inguru) ere agertzen da Lelo kantu bat. Gaspar Gomez-en La Tercera Celestinan (1539) Perutxoren kantua dugu eta hor, berriz ere, Lelo lirelo zaraileroba. Perez Lazarragaren esku izkribuan ere (1565 inguru) eta beharbada Maria Estibaliz Sasiolak idatzirik, berriz ere agertzen zaigu lelo molde hori. Horrelako kantak oso zabaldurik egon ziren Euskal Herri osoan eta nik antzekotasuna ikusten diet adibidez Biarnoko Rondeu-arekin, zeinean dantzari batek kopla abiatzen du eta besteek erantzuten dioten.
Jakina da Biarnoko dantzek bere auzo Zuberokoekin duten antzekotasuna. Dantza-jauzien ezaugarria da belaunen esekidura baten bitartez halako aire saltarina hartzen dutela. Saltokako dantza moldeari —Gipuzkoan ere ageri zaiguna— Alta danza esaten zioten Erdi Aroan Italian, arestian aipatu dugun Bassa Danza-rekin erkaketan. Beraz, ez ote dira Kontrapas eta Sautrela gure dantza bajea eta altua, hurrenez-hurren?
Tira, nolanahi den ere, izenburuez gain, bi testu horietako mamietan ere dantza aipatzen du Etxeparek. Goazen oro dantzara Sautrelan eta Euskara, jaldi hadi dantzara, Kontrapas-en.
Oso polita da hori. Gainera Kontrapas horretan graduazio bat egiten du, ezta? Euskara jaldi hadi plazara, mundura eta dantzara. Hori da gorenekoa. Eta Carolaren moldekoa bazen, zer esanik ez! Hor gizonezkoak eta emakumezkoak tartekatzen ziren, panderoak joz, kantatuz…
Diskoaren musiken hautaketan ere hainbat dantza
Etxeparek dantzarekin izan zuen lotura aintzat hartuta eta Danserie Ensemble izena duen talde baten disko batean, ezin ziren dantza doinuak falta. Etxepareren testuak kantatzeko —eta dantzatzeko— eginak zirela sinetsita, musikaz hornitu dituzte Azkonak eta konpainiak. Hautaketa ez da erraza izan:
Gure asmoa, ahal izan bagenu, diskoa bertako doinuekin osatzea zen. Baina ez dago informazio eta garaiko doinu askorik. Donejakueko bidetik kanpoko eraginak helduko zirela pentsatuz, Etxepareren testuen neurriei egokituko zitzaizkien doinuak bilatu genituen —contrafractum delako teknika aplikatuz—, han eta hemen. Batzuk dantza doinuak dira. Adibidez Pavane Lesquercade. Horren hirugarren zatia Dantza Luzearen zatitxo bat da eta horregatik txertatu genuen. Bada Bergamesca, Courante… izenak ezberdinak dira, baina neurriak bertsuak eta ongi egokitzen zaizkie Etxepareren bertsoei. Hainbat dantza doinu diskotik kanpo utzi behar izan ditugu espazio faltagatik, baina hala ere, Robert Ballard-en Branle de Village (1614) sartu dugu. Bai ala bai behar zuen hor. Dantza-jauzien sehaska ikusten dut hor. Muxikoak-en parte bat ageri da bertan, esaterako.
Danserie Ensemblek argitaratutako diskoak badu mamirik parte musikal zainduaz harago eta merezi du dantzaren aldetik erreparatzea ere. Nolanahi ere, Koldo Azkona kontu hauek guztiak eta Bernat Etxepareri dagozkion beste hainbat, hilabete batzuen buruan argia ikusiko duen liburu batean biltzen ari da. Zain egonen gara!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Aritz Ibañez Lusarreta
Iruñea (1979)
Iruñeko Duguna dantza taldeko dantzaria 11 urte nituenez geroztik. Donostiako Argia taldean ere aritzen naiz dantzan. Eibarko Arrateko Amaren dantzarien kofradiako eta Andoaingo Santa Kruzeko ezpata-dantzarien kofradiako kide ere banaiz.
Dantzen bricolagean trebatzen: Iruñeko dantzarien errepertorioa + Iruinkokoa
Jasotako azken erantzunak
- Aritz Ibañez Lusarreta on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Xabier Etxabe on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Xabier Etxabe on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Anartz Ormaza Ugalde on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Oier Araolaza on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Patxi Laborda on Nafar eta zuberotar dantzariak Bartzelonako 1929ko Nazioarteko Erakusketan
- Aritz Ibañez Lusarreta on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean
- Ekaitz Santazilia on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean