Dokumentuaren akzioak
Zortzikoan lotzen dira lizarragarrak
Lizarragako zortzikoaren entsegua, Lizarraga, 2023-06-04. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
Etxarri Aranazko txistulari gaztea kotxean hartu eta Lizarragara igo gara, ni taxista eta bera gida lanetan. Ez da truke txarra. Aitortu diot, bezperan Etxarrin zegoen parrandarekin, beldur nintzela agertuko zen edo ez. Barre egin dit, baina zintzo zela etxean, selektibitaterako ikasten ari dela eta. "Selektibitatea? Orduan kintoa izango zara?", baietz. Selektibitatea bukatu, oporrak hartu eta festa tokatzen zaiola, baduela ospatzeko aukera. Etxarrin zortzikoa dantzatuko duela eta Lizarragan txistua jo.
Plazaraino sartu gara kotxean. Bertan daude hainbat herritar. Azken entseguak plazan egiten dituzte, beraiek diotenez "batez ere maldan behera ohitzen joateko". Polita da plazatxoa, erdi erdian lauburu dotorea du, baina ikaragarrizko aldapa, badu meritua hor dantzatzeak. Baita neuk ere, handik denak begira ditudala kotxea kalatu gabe ateratzearekin.
Agirre ahizpek egin didate ongi etorria, harrituta galdezka ea zerk piztu didan Lizarragako zortzikoari buruzko jakin-mina. Pixkanaka gazteak ere agertzen hasi dira, bestondoarekin daudela diote. Hasi dira dantzan eta segituan hurbildu zait gizon bat, ea nor nintzen edo nondik nentorren. Eta zortzikoaren hasierari buruzko kontuekin hasi zait, garrantzizkoak iruditzen zaizkiola eta. Baietz esan diot, kontu horien bila etorri naizela, entseatzeko lasai eta gero jasoko diodala informazio hori guztia. Migel Nabarro da (Lizarraga, 1957), zortzikoaren bultzatzaileetako bat.
Duela 17 urte garai bateko partituratik abiatuta zortzikoa plazaratu zuten lizarragarrek eta ordutik urtero dantzatzen dute San Adrian jaietan. Herritar asko ez dira bertan bizi, baina astebururo itzultzen dira. Herriarekiko lotura sendoa dute eta jaien eta kulturaren bueltako ekintzen inguruan hainbat belaunaldi batzen dira, kanpoan eta bertan bizi direnak. Azken asteetan zortzikoa prestatzen dabiltza eta larunbat honetan kaleratuko dute iluntzeko 19:00etan.
Zortzikoa birsortzen
"Betidanik hemen dantzatu da zortzikoa. Etxarrin esaten da dantzakia, Lakuntzan alkate-dantza, Arbizun Larrain-dantza, baina denetan doinua oso antzekoa da. Lizarragan ere bazegoela bagenekien eta, beraz, plazaratu behar genuela pentsatu genuen" azaldu digu Nabarrok. "Nik txikitan aittona ezagutu dut zortzikoa dantzan, baditut gogoan herritar batzuk festa hasteko beti zortzikoa dantzatzen zutela", gaineratu du Jone Agirrek (Lizarraga, 1961). Azkenengo aldiz 1960ko hamarkadan dantzatu zela kalkulatzen dute. Inguruko herrietan berreskuratzena ari zirela ikusi eta lizarragarrak ere horretan hasi ziren.
"Etxarriko gaitero bat zegoen etortzen zena hona eta hark bazuen partitura eta harekin lan erdia egina zegoen. Lehenengo aiton-amonei grabatu zitzaien beren kabuz nola kantatzen zuten eta partiturarekin konparatu genuen, bat zetorren". Orduan, doinu horretatik abiatu eta larrain-dantzatik, ingurutxotik eta zortzikotik hartutako urratsekin osatu zuten dantza.
Honako zatiak bereizten dituzte zortzikoan: alkate-dantza, barkiloarena, San Adrian, plaza dantza, fandangoa, arin-arina eta kalejira. Barkiloa katiluari deitzen diote eta herriak (alkateak) dantzariei ardoa eskaintzen die. "Alkateak eskaintzen die dantzariei ardoa barkilutik eta edan ondoren korrora itzultzen dira. Barkilua nahitaezko elementua da".
Plazan ikasiak
Umetatik plazan ikusiz ikasi ohi dutela dantza diote. "Guri inork ez digu irakatsi, txikitan gure kabuz ikasi genuen" dio Nabarrok. Oraingo gazteak ere antzera, "normalean denok dakizkigu pausoak. Gazteak aurrean kokatzen gara eta dudaren bat bada elkarri galdetzen diogu", azaldu digu Maria Imazek (Lizarraga, 2005). Agirrek ikusten du herrian dantzarako joera handia izan dutela, "hemen denok dantzatu izan dugu, festak zirenean oso inportantea zen jota eta orduan nik uste denok dakigula, baita porrusalda ere". Festak baino pare bat hilabete lehenago prestatzen hasten dira eta, normalean, larunbatetan arratsaldeko 16:00etan egiten dituztela entseguak esan digu Imazek, "urtero egiten dugunez buruz dakizkigu pausuak, da gehiago birgogoratzea, dantzatzea pixka bat eta ongi pasatzea".
Emakumeak gogoz dabiltza dantzan, baina gizonezkoak ez dira animatzen. Nabarro Iruñeko Iruña dantza taldean ibilia da dantzan eta bera izan da zortzikoaren bultzatzaileetako bat, baina dantzan ateratzen den gizonezko bakarra da. Agirrek ikusten du mutilei kosta egiten zaiela dantzan zein beste ekintza kulturaletan parte hartzea, "herri honetan beste gauza asko bezala emakumeok egiten dugu dantza ere. Mugitzeko, gauzak antolatzeko, ekintza kulturaletan eta mutilak ez dira animatzen". "Ni saiatu naiz pila batean mutilak konbentzitzen baina ez dago modurik", esan digu Imazek.
Agirrek kontatu digu lehen kalean kartelak jartzen zituztela kaleetan entseguen berri emateko, baina orain telefono bidez komunikatzen direla. Hala ere, azken egunera arte ez dute jakiten zenbat izango diren; oraindik bat-batekotasunetik ere badu zortzikoak.
Sokak batzen du herria
Agirre Durangon bizi da, Nabarro, berriz, Iruñean. Garai batean herrian lanik ez zela eta utzi zuten jaioterria, baina ia hutsik egin gabe astebururo itzultzen dira. Gabonetan Olentzero eta Errege kabalgatak antolatu izan dituzte eta festetako egitarauaren antolaketetan ere buru-belarri ibili izan direla dio Agirrek, "momentu baten ikusi genuen giroa hiltzen ari zela eta zerbait egin behar genuela, horrela hasi ginen zortzikoarekin".
Sokan parte hartzeak herriaren parte izatea sinbolizatzen du, "nire hilobak baditu koordinazioarekin lotutako zenbait zailtasun, baina bere neurrira moldatu eta hortxe aritzen da sokaren buru. Joan den urtetik hemen ibiltzen da bulgariar bat asteburutan. Aurreko urtean prestatu zen eta aurten ere animatu da. Beti pentsatzen dugu egin behar dugula gehitu eta etortzen dena sokan sartu".
Sokaren segida
"Txikitan joaten ginen lagunak zortzikoa ikustera eta dantzatzera herrikoekin eta gero gutxinaka-gutxinaka esan ziguten hasteko dantzatzen eta etortzen ginen, joaten ginen entseatzera eta horrela orain arte", bizi guztian aritu direla praktikatzen dio Imazek eta hamar bat urterekin irtengo zela lehen aldiz.
Aurten 18 urte ditu eta Lizarragan dantzatzeaz gain Etxarri Aranatzen ere dantzatuko du zortzikoa, kintoa baita. "Nire aita etxarriarra da eta Lizarragako koadrilaz gain Etxarrin ere badut koadrila, beraz, hango zortzikoan ere parte hartuko dut sankirikotan". Azken asteetan dantza eta dantza dabil Imaz, astean zehar Etxarrin ditu entseguak eta Lizarragan asteburuetan. Ekainaren 17an dantzatuko du Lizarragan eta 13an eta 16an Etxarrin.
Bautista Lasa (Lizarraga, 1944) arduratzen da zortzikoari musika ipintzeaz. Herriko txistularia da eta 17 urtez bera bakarrik aritu da, baina aurten laguntzailea izango du. Pello Mikelezekin (Etxarri-Aranatz, 2005) arituko da. Imazen adinkidea eta laguna da eta beraren bitartez etorri da. Etxarriarra da, baina aiton-amonak lizarragarrak ditu.
Hainbat belaunalditako herritarrak batzeko modu bat dela zortzikoa ikusten du Agirrek: "Hasi ginen gure alabak 10 bat urte zituenean, gero Maria amamarekin etortzen zen fin-fin, bizikletan etortzen zen. Joan gara urte batzuetan gu, orain atzera pasatu gara eta orain hauek egin beharra dute". Ikusten du gazteek gogotsu hartu dutela zortzikoa dantzatzearen ardura, "gogoz ari dira eta mantentzeko hori behar da, atzetik datorrenak heldu behar dio".
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09
- Patxi Montero on Handikien aurrean dantzan 2017/07/21
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Oier Araolaza on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Amaiur Aristi Arregi on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19
- Xabier Etxabe on Zahagi-dantza berreskuratuko da Zestoako festetan 2017/07/19