Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Mairuaren alardea, herria batzen duen jaia

Dokumentuaren akzioak

Mairuaren alardea, herria batzen duen jaia

Mairuaren alardea, herria batzen duen jaia

Mairuaren Alardeko entsegua, Antzuola, 2023-07-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Antzuolara iritsi eta Oinarineko dantzariek egin didate ongi-etorria. Trokeo dantzetako azken prestaketekin dabiltza. Bestela ere nahiko lan ez eta niretzako dantzan jarri ditut; bertako dantzak urratsez urrats azaltzeko eskatu diet. Egungo dantzariek azaldu dizkidate hasieran, eta gero Jon Legorburu beteranoa ere (Antzuola, 1966) agertu da azalpenak ematera. Lau dira uztaileko hirugarren larunbatean ospatzen den Mairuaren Alardean plazaratzen diren trokeo-dantzak: makila txikiena, arku-dantza, zinta-dantza eta makila handiena. Gipuzkoako brokel-dantzaren erakoak dira, baina badituzte Antzuolakoak propioak diren ezaugarriak eta berezitasunak. Bertako urratsak eta dantzakera ederki gorde dituzte bizirik.

Antzuolako alardea entsegua
Oinarineko dantzariak urratsak azaltzen, Antzuola, 2023-07-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Dantzarien entsegutik plazara joan gara, eta egun handian bezala herri osoa han da; dagoeneko festetan daudela ematen du. Plazan daude kanoiak, gora eta behera dabiltza bi bandoak, musikariak, danborrariak... Dantzariek ere egin dituzte lanak eta buruzagiak eta mairuak plazaratu dituzte diskurtsoak. Kantua eta eskopeta kargak; eta alboko lagunak alertan jarri arren... bukaeran kanoikada! Hau sustoa! Bigarrengorako argiago ibili naiz, belarriak eskuekin tapatuta. Udaletxeko balkoian egon naiz entsegu osoan zehar. Ikus-miran, ederra da goitik beherako perspektiba hori, detaile askoz jabetzeko aukera ematen du. Hainbat parte-hartzaileekin berriketalditxoak izateko plazera izan dut goian eta behera jaistean plazan luntxa. Jan-edanaren bueltan, txorixo pintxoa eta ardotxoa eskutan, herritar gehiagorengana hurbiltzeko aprobetxatu dut.

Antzuolako alardea entsegua
Mairuaren Alardeko entsegua, Antzuola, 2023-07-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Herriko ondare dira dantzak

“Trokeo-dantzak urte askoan galduta egon ziren eta gu gaztetxoak ginela berreskuratu egin ziren; plazaratzen hasi ziren alarde ondoren. Gure aita eta elkartu ziren herriko nagusiekin eta dantzak gogoratu eta berreskuratu zituzten”, Jon Legorburuk dio hasiera hasierakoetan ez zela dantzan aritu, orduan 13-14 urte izango zituela, baina segituan atera zela plazara. Eta oraindik ere jarraitzen du, “karnabaletan, San Joan bezperako soka-dantzan eta beharra dagoen denetan”. Plazan eta baita plazatik kanpo ere, hor aritu da buru-belarri egungo trokeo-dantzariei lagundu, aholkuak eman eta zuzenketak egiten azken entseguan.

Antzuolako alardea entsegua
Mairuaren Alardeko entsegua, Jon Legorburu eta atzean alaba June kapitain lanetan, Antzuola, 2023-07-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

12-14 bat urterekin hasten direla gaztetxoei herriko dantzak erakusten dio Ion Lizarazuk (Antzuola, 1990) eta gero festetara begira urtearen arabera, “gerta daiteke inoiz dantzatu gabeak egotea taldean, orduan lehenago hasten gara entseguak egiten, baina taldea beteranoagoa tokatzen bada ba hilabetean edo prestatzen gara. Astean bat edo bi entsegu egiten ditugu”. Trokeo-dantzak gaztetxoentzako dantzarako motibazio puntua direla uste du Eider Mendiak (Antzuola, 1990), “nagusien dantzak dira eta normalean nagusien taldean sartutakoan dantzatzen dira, baina lehenago zerbait irakasten hasten gara. Uste dut gaztetxoak dantzara erakartzeko giltza badirela trokeo-dantzak”.

Antzuolako alardea entsegua
Mairuaren Alardeko entsegua, makila txikiena, Antzuola, 2023-07-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Makila txiki dantzarekin hasten direla dio Lizarazuk; “pauso ezberdin gehiago ditu, baina taldean errazago eraman edo ikasten da. Makila handi ere urrats aldetik erraza da, baina exijentzia fisiko handiagoa dauka, makilak goian eta bukaeran saltoka. Arku-dantza da teknikoki konplikatuena, memoria ere asko eskatzen du”.

Antzuolako alardea entsegua
Mairuaren Alardeko entsegua, makila handiena, Antzuola, 2023-07-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Belaunaldien arteko soka

Herriko dantzak belaunaldiz belaunaldi transmititu dira eta orain ere horretan dabiltza. “Ez dakit dantza zaletasuna transmititu dugun, baina bai konpromisoa. Egun, orokorrean falta den hori saiatu gara transmititzen etxean”. Jon Legorburuk alabei pasa die lekukoa trokeo-dantzetan. “Lehen aitak dantzatzen zuen trokeotan eta orain guri tokatzen zaigu”. June Legorburu (2001) eta Miren Legorburu (2003) ahizpek aurreko urtean dantzatu zuten lehen aldiz alardean. Hala ere, duela 3-4 urte plazan bertan modu ezin ederragoan irudikatu zuten belaunaldien arteko transmisioa eta lotura, aita-alabak aurrelari eta atzelari atera baitziren San Joan bezperako soka-dantzan.

Antzuolako alardea entsegua
Mairuaren Alardeko entsegua, zinta-dantza, Antzuola, 2023-07-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Aurreko urtean egin zuten Legorburu ahizpek debuta eta Junek ez nolanahiko postuan; buruzagi lanetan aritu zen lehen aldi hartan, aurten ere hala dantzatuko du. “Trokeo-dantzak aurreko urtean ikasi genituen. Modu intentsiboan aritu ginen ikasten plazara ateratzeko. Aurreko urtean oso talde gaztea atera ginen. Ikusi zen beteranoak talde barruan egotea komeni zela, beraz niri proposatu zidaten kapitainarena egiteko. Bakarrik egiten duzu dantza, eta pertsonalki trokeoen barruan egitea politagoa iruditzen zait, baina orain kapitain egokitzen da eta gustura”.

Antzuolako alardea entsegua
Mairuaren Alardeko entsegua, arku-dantza, Antzuola, 2023-07-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Plazara dantzara ateratzearen errespetua

“Guk 14 urterekin edo egingo genuen lehen aldiz. Jende asko begira daukazun momentua da, jaiak dira, emozio asko daude. Gu 14 urteko mutikoak ginen eta hurrengo gazteenak 30 urte ingurukoak ziren. Arnas berria ginenaren presioa bazen, justu erdiko laurak izan ginen, horiek dira lehenak hasten direnak dantzan”; ederki gogoratzen du Lizarazuk plazan trokeo-dantzak egin zituen lehen aldi hura. Orain, ordea, taldeko beteranoetakoa da, “pentsatzen dut oraindik plazara irten egin behar garela. Gazteek badakite, ondo egiten dute, baina pixka bat falta da presentzia. Aurreko urtetik hona ikusi dut batzuek lasaitasun hori hartu dutela eta hori esperientziak ematen dut. Aurten aterako gara eta hurrengo urtean ikusiko dugu”.

Antzuolako alardea entsegua
Mairuaren Alardeko entsegua, makil handiena, Ion Lizarazu ezkerretik lehena, Antzuola, 2023-07-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

 

Mendiak ere ederki gogoratzen du lehen aldiz dantzatu zuen eguna, “ufff... ikaragarrizko nerbioak. Bizitza osoa zabiltza dantzan, baina trokeoak Antzuolako dantza printzipalak dira eta ezberdina da. Entsegu asko egin genituen, behin plazara irtenda ondo eta segurtasunarekin egin nahi”.

Trokeo-dantzetan lehen aldiz dantzatzeak badu berea, baina Antzuolan bada dantzarientzako beste debut potolo bat. Festetako lehenengo egunean Oinarineko dantzari gazteenek ikurrin-dantza egiten dute. “Badauka bere xarma, umeak oso urduri ikusten dira, dantzari janzten diren lehen aldia da. Plazara ateratzeak errespetua ematen du, herri osoa hantxe izaten da begira. Aurten 40 bat neska-mutil aterako dira”.

Antzuolako alardea entsegua
Mairuaren Alardeko entsegua, Antzuola, 2023-07-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Antzuolak 2200 biztanle ditu. Mendiak azaldu digu 150 bat neska-mutil dituztela taldean. 6 urtetik aurrera hasten dira dantzan. “Egia da beste herri batzuekin konparatuta dantzari asko ditugula eta bereziki mutilak”. Herriko dantza propioak izateak horretan eragina duela uste dute. Umetatik oso presente dituzte dantzak, entseguan ere hortxe zeuden denak adi-adi dantzei begira.

Eraldatu edo bukatu

Umetan herritar denak bezala etxeko inertziaz joaten zen Pilar Etxaniz (Antzuola, 1954) alardera, ohitura zen, “baina geroago nire kabuz pentsatzen nuenean eta beste kezka eta inkietudeak nituela, ikusi nuen alarde horrek mairuaren kultura eta figura gutxiesten zuela, umildu egiten zela plazan eta ez nengoen ados. Ikusten nuen diskurtsoa oso maskulinoa eta oldarkorra zela. Ez nuen parte hartzen eta ikustera ere ez nintzen etortzen”. 2008-2009an Udalak Eusko Ikaskuntzari azterketa egiteko enkargatu zion, festaren gainbehera eta parte hartzeko ilusio eza baitzegoen. Azterketan eta prozesu parte-hartzailean ikusi zen aldaketak behar zirela. Talde bat osatu zen aldaketa horiek egiteko eta hor parte hartu zuen Etxanizek, “Mairuaren figura aldatu genuen eta diskurtsoa leundu; eta emakumeen parte hartzea bultzatu zen. Aldatu zenez hor lanean jarraitu behar nuela ikusi nuen”.

Antzuolako alardea entsegua
Mairuaren Alardeko entsegua, makila txikiena, Antzuola, 2023-07-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Dantzei dagokionez Oinarin dantza-taldeak koreografia berria sortu zuen, neskentzako zortziko bat, trokeo-dantzak mutilek bakarrik dantzatzen zituztela konpentsatzeko. “Urte batzuk pasata pentsatu genuen, eta zergatik ez dantzatu trokeo-dantzak? Hor gabiltza urteetan eta badakigu”. Horrela hasi zirela trokeo-dantzetan parte hartzen dio Eider Mendiak. 2016an izan zen, “lehenengo urtean ez nuen dantzatu, orduan atzeko lanean borrokan ibili nintzen, baina bigarrengoan atera nintzen plazara”.

Herria batzen da

“Herriaren ondarea da eta adierazpen kultural guztiek parte hartzen dute: dantza, musika, antzerkia, kantua...” Etxanizek aitortzen du antolaketak lan handia ematen duela, baina merezi zuela, “ardura, kezkak, nerbioak... bizi ditut, baina dena bukatzean ederra izaten da”. Jon Legorburu luzaroan dantzan ibili da, baina orain eskopetero ateratzen da. “Niretzat askoz ere ardura gutxiago. Lasai, lasai, han sartu, tiroak bota... Dantza niretzat inportanteagoa denez, ondo egin, taldea osatu, jendea animatu, trajeak prestatu... Denon artean egin ohi dugu, baina lana da eta ardura norberaren gain egoten da. Niretzat da herria lotzeko tresna eta gure herriaren adierazgarrietako bat. Daukagun ohituretako bat eta hainbeste urtean gorde dena eta galtzea pena izango litzatekeena”. Legorburu ahizpek ume-umetatik barrutik bizi izan dute, lehen txistua jotzen zuten eta orain dantza; txikitan baita kantuan ere. “Oso ezberdina da. Txistua jotzean desfilea eta dena egiten da, dantzan momentu puntualetan hartzen duzu parte, baina nerbioak handiagoak dira, denak zuri begira baitaude".

Antzuolako alardea entsegua
Mairuaren Alardeko entsegua, Antzuola, 2023-07-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Jaia herritar bakoitzak bere moduan bizi du. Batzuek kanpotik, besteek barrutik eta parte hartzeko ere hamaika era daude. Norberak eman ohi dio bere esanahia, baina herria batzen ez bada ez du zentzurik. Parte hartzen eta antolakuntzan 180 pertsona inguru elkartzen dira eta hori koordinatu beharra dago. Lan horretan ibiltzen da Xabier Legorburu (Antzuola, 1968) Antzuolako Alardeko Elkarteko kidea. “Batzuek parte hartzen dute eta beste batzuk alardeko hainbat arlo lotzen ibiltzen gara”. Irailean elkartzen dira aurreko alardearen balorazio orokorra egiteko eta gero urritik Aste Santura bitarte hilean behin edo. “Urtean zehar joaten gara lantzen alardea herrian zabaltzeko sentsibilizazio kontuak. Gero Aste Santutatik aurrera hasten gara buru-belarri agerraldia prestatzen”.

Antzuolako alardea entsegua
Mairuaren Alardeko entsegua, Xabier Legorburu argazkiak ateratzen, Antzuola, 2023-07-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Legorburuk dio badagoela pertsona talde bat nahiko fidela dena. Postu klabeetako jendea nahiko egonkortuta daukatela, baina erreleboa falta zaiela. “Oso gazteak sartzen dira, baina gero 18-50 tartean hutsunea dago. Gazteek esaten dute jaien erdi-erdian aldrebes geratzen zaiela, atxikimendu falta ere izan daiteke”. Herritarrak erakartzea kostatzen ari zaie, baina ikusi dute parte hartzen hasten den jende berri asko Antzuolara kanpotik bizitzera etorri den jendea dela. “Nik uste dut identifikatzen dutelako Antzuolako gauza bat bezala eta herrian integratzeko eta antzuolar sentitzeko tresna moduan ikusten dutela”. Jaso duena hurrengo belaunaldiei pasatzeko helburuarekin dabilela lanean dio Xabier Legorburuk. “Harrotasuna eta poztasuna sentitzen ditut eta identifikatuta sentitzen naiz, geure alardea da eta hainbat elementu bereizgarri ditu. Gure nortasunaren autoafirmazio errituala da”.

Antzuolako alardea entsegua
Mairuaren Alardeko entsegua, elkarteko kideeak Mairu berria gidatzen, Antzuola, 2023-07-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Antzuolako Mairuen Alardea 2023

  • Noiz: Antzuola (plazan eta kaleetan)
  • Non: Uztailak 15, 19:00etan.
  • Zer: Buruzagia, Mairua, fusilariak, desfilea, kanoiak, dantza, Iparragirreren bertsoak, musika, herriko bandera, bolbora usaina… dena nahas-mahasean. Alde batetik Kaleetan zehar egiten da desfilea; eta, bestetik, Herriko plazan ekitaldia. Plazako ekitaldian Antzuolako lau trokeo-dantzak ematen dituzte Oinarineko dantzariek.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.