Ibai Romero: “Zergatik jo behar dugu kanpoko erreferenteetara gure erreferente propioak ditugunean?”
Abanikoa astinduz egin dit harrera Ibai Romerok (Tolosa, 2003); 38 gradu markatzen ditu termometroak, abanikoa dantzatzearena aukera inteligentea da. Eskerrak Udaberriko lokalak freskura gordetzen duen oraindik. Sartzerako esan dit, “trastez betea dugu dena, badakizu, egun handiak datoz guretzat”. Bertako mahai zabalean eseri eta berriketan hasi gara. Ate-joka ditugun sanjoanez, Tolosako dantzakeraz, dantza ikasketez, elementu tradizionalen erabileraz, mutilek dantza baztertzeko duten joeraz...
Sanjoanak gainean ditugu. Zein dira Tolosako dantzariek dituzten ardura eta zeregin nagusiak?
Ekainaren 23ko eta 24ko ekitaldietan izaten dugu lana. 23an, sua piztu ondoren, Santa Maria plazan egiten dugun emanaldiarekin hasten dira gure eginkizunak. 20-30 minutuko emanaldi bat eskaintzen dugu. Gipuzkoako trokeo-dantzak egiten ditugu.
24an goiz, oso goiz, 6:00ak bueltan hasten da eguna. Dantzari batzuk mendira joaten dira lizarrak moztera, eta beste batzuk herrian geratzen gara. Gero, adarrak kamioian ekartzen dituzte eta kaleetan jartzen ditugu, prozesioa igaroko den tokietan. Nik ezagutu dudanetik behintzat, bordon-dantzariek egin izan dugu lan hori. Meza ondoren prozesioa egiten da, eta hainbat geldialditan San Joan zortzikoa dantzatzen dugu: Santa Maria plazan, Gaztelako ateam, Gorriti plazan eta berriro Santa Maria plazan. Arratsaldean berriz elkartzen gara eta bordon-dantza dantzatzen dugu Santa Maria plazan, Arramelen eta Triangelu plazan. Azkenik, Zumardi Handian Tolosako soka-dantza egiten dugu eta horrela amaitzen da eguna.
Zuretzat zer dira sanjoanak?
Askotan Tolosan inauteriak aipatzen dira lehenengo, baina nik uste dut tradizioarekin lotura handiena duen festa sanjoanak direla. Inauteriak oso garrantzitsuak dira, baina ez dira tradiziozko festa bat zentzu horretan. Sanjoanek badute beste zerbait. Dantzari moduan, behintzat, sentimendu berezi batekin bizi ditut. Ekainaren 23ko ekitaldiak eta 24ko egun osoak badute xarma berezi bat. Kaleetan ere nabaritzen da giro hori.
Zein unek sortzen dizute emozio handiena?
23ko suaren ondorengo emanaldia oso berezia da niretzat. Plaza horrek badu zerbait. Eta 24an, lehenengo San Joan zortzikoa ere bai. Eskopeteroen salbak, kanpaiak, banda, txistulariak... dena batera gertatzen da. Emozio handiz bizi dudan momentua da.
[Kontatzen duen erak eta soinu horiek guztiak batera imajinatzeak neuri jarri dit oilo-ipurdia]
Herriak nola bizi ditu dantzarien agerraldiak?
Nik uste dut ondo hartzen gaituela. Ez dakit zein neurritan kontziente garen herrian dugun pisuaz, baina bordon-dantzarien irudia presente dago. Sanjoanetako karteletan askotan agertu izan gara, programetan ere bai, eta bordon-dantzarien irudia oso lotuta dago festarekin. Ez dakit herriak nola azalduko lukeen, ze orain eskopeteroak jartzen dira erdigunean, baina uste dut dantzarien figura garrantzitsua dela Sanjoanetan.
Gogoan duzu zuk dantzaria ez zinenean nola bizi zenituen une horiek?
Bai. Txikitan 24a egun berezia zen. Prozesioa ikustera joaten ginen eta lehenengo ilaran egon nahi izaten nuen beti. Dantzatzen ari zirenak nire irakasleak izaten ziren askotan, eta gogoratzen dut pentsatzen nuela: "Nik handitan hor egon nahi dut". 23ko emanaldiekin ere berdin gertatzen zitzaidan. Txikitatik ilusio handiz bizi izan ditudan uneak dira.
Gero hori bizitzea lortu dudanean konturatu naiz zeinen berezia den. Plaza askotan dantzatu dut, eta normalean ez naiz urduri jartzen baina, baina benetan urduri jartzen nauten bi plazak badira ekainaren 23koa eta 24koa.
Noiz hasten zarete sanjoanetarako prestatzen?
Bordon-dantzarekin maiatzeko lehen ostegunean hasten gara normalean. Ostegunero entseatzen dugu eta bi hilabete inguruko prestaketa izaten da. 23Ko errepertorioa, berriz, urte osoan lantzen ditugu. Hala ere, Aste Santutik aurrera entsegu guztiak hasten dira sanjoanei begira antolatzen. Orduan jartzen dugu fokua bereziki 23ko emanaldian eta 24ko ekitaldietan.
Mikel Sarriegik bere lana Tolosan aurkeztu zuenean bertan zinen. Zer izan da gehien harritu zaituena?
Niretzat inflexio-puntu bat izan zen dantza ulertzeko moduan. Ordura arte dantzarekin harreman bat banuen, baina agian azalekoagoa zen edo ez nuen hainbeste hausnartu horren inguruan. Hitzaldi hartan gehien harritu ninduena izan zen konturatzea askotan pentsatzen nuela beste batzuk gaizki ari zirela dantzatzen. Ez guk egiten genuen moduan egiten zutelako. Eta gero ohartu nintzen ez dela hori. Bakoitzak bere modua dauka, bere dantzakera. Hitzaldi horrek lagundu zidan ikusten guk ere bageneukala dantzatzeko era propio bat, eta gainera, konturatu gabe ere, belaunaldiz belaunaldi gordetzen joan garela hainbat bereizgarri.
Azken urteetan aldaketarik sumatu al duzu dantzak egiteko moduan?
Bideo zaharrak ikusten hasi garenean konturatu gara gauza askotaz. Lehen baziren inertziaz egiten genituen hainbat kontu; egiten genituen, baina ez genekien bereziki gureak zirenik. Orain, berriz, badakigu ezaugarri bereizgarriak direla eta ahalegina egiten dugu horiei eusteko. Ez bakarrik mantentzeko, baita indartzeko ere. Adibidez, baditugu urrats edo egiteko modu batzuk Tolosan edo Tolosaldean bakarrik aurkitu direnak, eta lehen ez ginen horretaz jabetzen. Orain bai, eta aberastasun bezala ikusten dugu.
Egun nork bermatzen du transmisioa? Nola antolatzen zarete irakaskuntzan?
Ikastaroetan eta taldearen barruan bertako kideok aritzen gara irakasle lanetan. Helduek taldean, gaur egun, Miren eta Xanti Nazabal dira erreferente nagusiak. Ni ere batzorde artistikoan nago, baina azken urtean Bilbon egon naizenez ezin izan dut hainbeste parte hartu. Hala ere, beraiek dira saio gehienak gidatzen dituztenak. Lehenago Jose Luis Vallejok egiten zuen lan hori neurri handi batean. Bai ikastaroetan, bai helduen taldean, oso figura garrantzitsua izan zen. Orain, taldeko jarduna utzi du baina oraindik bordon-dantzaren ardura berak darama.
Udaberri dantza talde bat baino gehiago da zuretzat, ezta?
Bai, erabat. Ez dut esango kuadrilla bat denik, bakoitzak bere kuadrilla ere baduelako, baina bai lagun talde oso sendo bat. Harreman oso estuak sortzen dira. Azkenean urte asko ematen ditugu elkarrekin: entseguak, emanaldiak, bidaiak, antolakuntza lanak... eta horrek lotura handia sortzen du. Benetan lagun talde bat gara, dantzan egiten duen lagun talde bat.
Zu nola hasi zinen dantzan? Etxetik al datorkizu zaletasuna?
Ez bereziki. Etxean musikariak izan dira, baina ez zegoen dantzarako tradizio berezirik. Ni musika eskolan hasi nintzen txikitatik, eta bederatzi urterekin eman nuen pausoa Udaberrira joateko. Ikusten nituen nire adineko batzuk Olentzeroren etorreran edo bestelako ekitaldietan dantzan, eta arreta ematen zidan. Ikastaroetan hasi nintzen eta pixkanaka-pixkanaka jarraitu nuen: ikastaroetatik gazteen taldera, eta handik helduen taldera.
Zein izan dira zure erreferente edo maisuak?
Batez ere Udaberrin bertan izan ditut, Xanti eta Miren Nazabal ere. Hasieran, Aritz Iglesias ere nire irakaslea izan zen. Eta hortik kanpo, Josu Garate ere erreferente handia izan da niretzat.
Zer eman dizu dantzak pertsona gisa?
Mundua ulertzeko modu bat. Askotan gure herria edo gure kultura oso azaleko ikuspegitik ulertzen ditugu. Dantzan sakontzen hasten zarenean, ordea, konturatzen zara dantzak beste ate batzuk irekitzen dizkizula. Niri behintzat dantzak lagundu dit gure herria, kultura eta tradizioak sakonago ulertzen.
Eta 18 urterekin, dantza ikasketak egitea erabaki zenuen. Nondik etorri zen erabaki hori?
Nahiko bat-bateko erabakia izan zen. Nik Psikologia ikastea nuen buruan. Selektibitatea eginda neukan eta nota ere bai. Eta konturatu nintzen ez nuela nire burua psikologo bezala ikusten. Dantzan, berriz, bai. Horregatik urte sabatiko bat hartu nuen eta Donostian akademia batean prestatu nituen Dantzertiko sarbide-probak. Ordura arte nik euskal dantza bakarrik aritzen nintzen, eta urte horretan hasi nintzen balleta eta garaikidea lantzen Dantzertira sartzeko oinarrizko jakintza batzuk izateko.
Eta etxean, inguruan, zein izan zen erreakzioa?
Udaberriko taldekide askok animatu ninduten, ikusten nindutelako bide horretatik. Eta etxean bai izan zela pixka bat konbentzionalismoetatik ateratzea, hasieran pixka bat sustoa izan zen, baina beti egon dira hor.
Zer ikasi duzu Dantzertin eta nola osatu du horrek zure ikuspegia?
Alde batetik, begirada kritikoagoa eman dit. Bestetik, gorputza ulertzeko beste modu bat. Zure gorputza hobeto ezagutzen duzu, postura, mugimendua, baldintza fisikoak... dena beste modu batean ulertzen hasten zara. Eta horrez gain, tradizioa eta euskal kultura ere beste ikuspegi batetik aztertzeko aukera eman dit.
Euskal dantza, ordea, hautazkoa da Dantzertin, ezta?
Bai. Lehen mailan ez dago euskal dantzarik. Bigarrenean hautazko moduan sartzen da, eta hirugarrenean ere bada aukera. Egia da ikasle guztiek kontakturen bat izaten dutela euskal dantzarekin, baina ikasketen erdigunean balleta eta garaikidea daude.
Zure garaikideko ikaskideek zer diote euskal dantzari buruz?
Oso interesgarria izan da hori. Ni euskal dantzatik nentorren, baina beste batzuk urbanotik, beste batzuk balletetik edo beste estilo batzuetatik zetozen. Horrek esan nahi du dantza ulertzeko modu oso desberdinak elkartzen direla toki berean. Batzuetan ez gara guztiz ulertzen ere, baina oso aberasgarria da.
Behin eta berriz aipatzen dugu dantzaren unibertsaltasuna. Dantza egiteko gaitasuna denok dugula, baina horrek ez du esan nahi dantzaren bidez denok ulertzen garenik, ezta?
Bai, noski, hizkuntza desberdinak dira. Guk mundua ulertzeko modu bat daukagu, tradiziotik, herritik eta gure kulturatik datorrena. Balletetik datorren batek, berriz, ikuspegi askoz akademikoagoa izan dezake; beste batzuek, agian, dantza urbanoetatik edo bestelako diziplinetatik datoz, eta musikalitate edo gorputz-ulermen oso desberdina dute. Azkenean, bakoitzak mundua eta dantza ulertzeko bere modua dauka. Eta horregatik iruditzen zait oso interesgarria dela hizkuntza horiek guztiak elkartzea, nahastea eta haien artean elkarrizketak sortzea, nahiz eta batzuetan ez garen ulertzen aberasgarria da.
Azken aldian elementu tradizionalak gero eta gehiago ikusten ari gara musika taldeetan eta bideoklipetan. Nola ikusten duzu joera hori?
Bai, modan gaude. Interesgarria da, azken batean, zergatik jo behar dugu kanpoko erreferenteetara gure erreferente propioak, gure ohiturak eta gure tradizioak ditugunean? Horietatik edan dezakegu, eta horiek baliatu sorkuntza artistikoak egiteko eta proposamen berriak plazaratzeko.
Hala ere, kontuz ibili behar dugu. Azkenaldian joera bat ikusten ari da: elementu tradizionalak beren testuingurutik atera eta beste testuinguru batzuetan txertatzea. Horrek askotan esanahi originala galtzea dakar, edo jatorrizko esanahia kendu eta berri bat ematea. Nire ustez, hor badago ardura bat. Alde batetik, artistena. Oso ondo dago gure sinbologia eta erreferente propioetatik edatea, baina elementu horiek guztiak ez dira huts-hutsean irudi edo estetika kontu bat. Lehendik badute esanahi bat, zentzu bat eta testuinguru bat, eta hori zaindu egin behar da.
Bestetik, ikusleok ere begirada kritikoa izan behar dugu. Adibidez, norbaitek momotxorro bat erabiltzen badu, jakin beharko genuke hori Altsasuko inauterietako elementu bat dela, eta ez Zetaken Mitoaroa ikuskizuneko pertsonaia bat. Edo, adibidez, Miruaren bideoklipean bordon-dantzariaren irudia agertzen denean, Tolosan badakigu bordon-dantzaria Sanjoanetan, hilaren 24an, dantzatzen duen dantzaria dela, eta ez bideoklipean sortutako pertsonaia bat.
Horregatik, iruditzen zait elementu tradizional horiek erabiltzea eta berrinterpretatzea oso interesgarria dela, baina arduraz egin behar dela.
Azken aldian mutilak dantzatik aldentzen ari direla sumatzen dugu. Nola bizi duzu hori?
Kezkaz, egia esan. Euskal dantzaren munduan sartu nintzenetik entzun dut gai hori. Eta ez da euskal dantzaren arazo bat bakarrik; dantza diziplina guztietan gertatzen ari den zerbait da. Gure kasuan, Udaberrin, garai batean lortu zen mutil talde sendo bat osatzea. Nire ustez, azken urteetan olatu nahiko erreakzionario bat etorri da gizartera. Dantza gero eta gehiago irakurtzen da jarduera feminizatu gisa, eta feminizatua den guztia baztertuago gelditzen da. Horrek eragin zuzena dauka. Nik askotan aipatzen dut futbolaren eragina. Ez dut errudunak bilatu nahi, baina uste dut eragin handia izan duela. Futbola gero eta maskulinoago, bortitzago eta itxiago bihurtu da hainbat alderditan. Eta horrek sortzen du mutil batek futbola egiten badu dantzara joatea arraro ikustea edo bere maskulinitatea zalantzan jarriko balu bezala bizitzea. Eta hori arazo bat da.
Azken batean, gure herrian denok dantzatzen dugu. Festetan denok dantzatzen dugu. Parrandan denok dantzatzen dugu. Orduan, zergatik ez da mutil gehiago joaten dantza klasera? Hausnartu beharreko gaia da, iruditzen zait badela momentua konponbide bat bilatzeko.
Nork hasi beharko luke konponbidearen bila?
Iruditzen zait gizartea bera bolantazo handi bat ematen ari dela eskuinerantz. Azken urteetan, gizarte gisa, eta ia zentzu guztietan, oso nabarmena ari da izaten joera hori. Horren aurrean, uste dut egin beharrekoa dela goiko esferetatik ere gauzak mugitzen hastea, eta beste norabide batzuk planteatzea. Hausnartu behar dugu zeri ematen diogun garrantzia eta zeri ez, zer jartzen dugun erdigunean une bakoitzean eta zer uzten dugun bazterrean. Eta erreferente berriak sortu nahi baditugu, lan hori goitik ere egin behar da. Erreferente horiek babestu egin behar dira, ikusgarritasuna eman eta balioa aitortu. Bestela, zaila izango da bestelako ereduak indartzea.
Zer esango zenioke dantzan hasi nahi duen mutil gazte bati?
Hasteko. Benetan gogoa badu, hasteko eta inguruko guztiari kasu handiegirik ez egiteko. Dantzatu nahi badu, ez dadila dantzatu gabe geratu. Azken batean, dantzatu duen herri bat gara. Historikoki denok dantzatu dugu.
Genero-rolen inguruko ikuspegia nola aldatu da dantzaren munduan?
Azken urteotan aldaketa handiak egon dira, eta onak gainera. Lehen oso argi bereizten ziren gizonen dantzak eta emakumeen dantzak, gizonen rolak eta emakumeen rolak. Baina nik uste dut orain beste urrats bat emateko garaia dela. Askotan hitz egiten dugu emakumeek gizonen rolak hartzearen inguruan, eta oso garrantzitsua izan da hori. Baina falta zaidan hausnarketa da kontrako norabidean ere pentsatzea. Zergatik ulertzen dugu normala dela emakume batek gizonen papera egitea, baina ez hain normala gizonezko batek emakumeen papera egitea? Zergatik jartzen ditugu emakumeak gizonen jantzietan eta ez alderantziz?
Nire ustez, helburua izan beharko litzateke denok dena egin ahal izatea. Eta are gehiago: iruditzen zait generoaz hitz egiten jarraitzen dugula etengabe, eta agian iritsi da momentua dantzari gisa identifikatzeko. Dantzariak gara, eta kito. Oraindik generoaren inguruko bereizketa handiak daude mundu tradizionalean, eta badago zer hausnartu.
Zer nahiko zenuke etorkizuneko belaunaldiek Tolosako dantza-tradiziotik jasotzea?
Lehen aipatu dugun hori, batez ere: Tolosak baduela bere dantzakera propioa. Horrek ematen dio aberastasuna euskal dantzari. Askotan hizkuntzarekin ulertzen dugu oso ondo. Euskalkiak ditugu eta inork ez du zalantzan jartzen hori aberastasun bat dela. Ba dantzarekin berdin gertatzen da. Dantzatzeko modu desberdinak ditugu herriz herri, eta hori zaindu egin behar da.
Gainera, askotan badirudi kanpora begira bizi behar dugula edo kanpoko erreferenteetatik ikasi behar dugula dena. Eta nik uste dut gure mundua ulertzeko modu propioak dauzkagula, gure errituak, gure ohiturak eta gure tradizioak. Noski, egokitu egin behar dira gaur egungo testuingurura. Modernizatu egin behar dira, garaikidetu. Baina horrek ez du esan nahi baztertu behar direnik. Alderantziz. Gaur egun ere balio duten tresnak dira. Globalizazio handiko garai honetan, gureari eusteko momentua dela uste dut.
Sanjoanetako zer irudi geratzen zaizu beti buruan festak amaitzen direnean?
Irudi bat aukeratu beharko banu, bordon-dantzariarena izango litzateke. Eta irudi batekin batera soinu bat: tiroena.
Sanjoanetarako prest?
Egia esan, ez dakit prest gauden! Gogotsu bai, oso gogotsu. Urte guztia daramagu egun hauen zain. Orain kezka handiena beroarena da. Entseguetan ere nabaritzen ari gara. Beraz, ur asko edan beharko dugu, itzala bilatu eta ahal den neurrian zaindu.