Dokumentuaren akzioak
Belarrak asfaltoa estaltzen duenean erritu zaharrak gainean dantzatzeko
Joana Artza
Uda hurbiltzen denean, Euskal Herriko hainbat kale ihi eta iratzez estaltzen dira, leiho eta atariak adar berdez apaintzen, eta plazak lorez eta usainez betetzen. Prozesioak eta ospakizunak naturaren presentziaz inguratuta egiten dira, lurra bera errituaren parte bihurtzeraino. Corpus Christi, Besta Berri eta San Joan bezalako jaietan, erlijioak eta naturaren zikloek bat egiten dute.
Corpus Christi Eliza katolikoak XIII. mendean ezarritako ospakizuna da, eta eukaristian edo Ostia Santuan Jesukristoren presentzia ospatu eta berresten du sinbolikoki. Horregatik, Corpus Christi eta besta berrietako iruditerian eguzkiaren sinboloarekin lotu izan da. Hainbat adituk iradoki dute jaiaren egutegiak eta erritu-elementuek lotura estua dutela udako solstizioarekin eta kristautasun aurreko ospakizunekin. Nabarmenak dira, izan ere, naturarekin eta udaren etorrerarekin lotutako elementuak: eguzki-sinboloak, kaleetan zabaldutako ihi eta belarrez, zuhaitz-adarrak, loreak edo landarez egindako apaindurak.
Elizak urteko ziklo naturala bere egutegiaren barruan integratu zuen neurri handi batean. Neguko solstizioan kokatu zuen Jesusen jaiotza; udaberriaren ondoren etorri ziren Pazkoa, Mendekosteak eta Corpus Christi bezalako ospakizunak; eta udako solstizioaren inguruan kokatu zen San Joan jaia. Ikertzaile batzuen arabera, modu horretan kristautasunak aurretik existitzen ziren ospakizun eta erritu paganoak fusionatu zituen, naturaren erritmoak eta sinboloak egutegi eta erritual kristauekin nahastuta. Beraz, Eguberri eta Inauterietan bezala, Corpus Christi edo Besta Berrin bi sinesmen eta erritu tradizio nahasian ageri dira: sinkretismoa deitzen zaio elkarketa horri.
Naturaren sinboloak eta sinbologia katolikoaren arteko sinkretismo horren elementu nabarmena Corpus Christi prozesioetan agertzen den Eguzkiaren ikurra da. Kustodioa edo ostensorioa deitzen zaion objetu liturgiko horretan Kristoren gorputza, irudikatzen duen Hostia sakratua eramaten da. Horixe da festaren muina, beraz. Baina Kristoren gorputza irudikatzen duen Hostia hori eguzkia bailitzan izpiz inguratuta jartzen da. Kristau erlijioak Eguzki jainkoa Jesu Kristorekin ordezkatu zuen, bai neguko solstizioan, alegia, Eguzkiaren berjaiotza egunean ezarriz Jesusen jaiotza, bai Jesus eguzki-jainko bezala irudikatuz bere buruaren inguruan jarri izan zaizkion eguzki-izpien bidez ere. Eta Hostia sakratua, Jesukristoren gorputza den neurrian, eguzki izpiz inguratuta ateratzen da Corpus Christi ospakizunean.
Herri askotan gordetzen da ohitura eta beste batzuetan galdu egin da. Aipatu digute Iurretan prozesioetan erreka bazterreko landaredia erabiltzen zela: ihiak, ezpata, azeri-buztanak, trumoirak... baina badira 60 urte inguru elizingururik ez dela egiten.
Espazioa sakralizatzeko erritua
Julio Caro Baroja-k udaberri eta udako jaietan berdetasunak eta landareek duten presentzia erritu zaharrekin lotu zuen, berritzea, bizitza eta babes sinbolikoa adierazten zituztela azpimarratu zuen. Juan Antonio Urbeltzen ustez, kaleak landarez estaltzea ez zen apaingarri hutsa, espazioa erritualki eraldatzeko eta komunitatea babesteko modua baizik. Bere hipotesian ibai ertzetako ekosistema herritar eta nekazarientzat zer nolako mehatxua den azpimarratzen du; herriko kaleetako zorua ihiz, ezpata-lorez edo lezkaz estaltzeko, ibai ertzetako flora moztu behar baita.
Corpus Christi edo Besta Berriko prozesioaren ibilbideak ezpata-belar, ihi, belar, lezka, sahats edo pago adar eta lorez estaltzen dira. Landaretza horrek espazio arrunta erritu-gune bihurtzen du. Zenbait tokitan, gainera, ibaiertzetako landaredia mozten da bereziki prozesioetarako.
Ohitura horien arrastoak Euskal Herriko herri askotan dokumentatu dira. Oñatin eta Aramaion belar eta hostoz estaltzen dira ibilbideak; Lekeition eta Markina-Xemein aldareak lorez eta adarrez apaintzen dira; eta Itsasu, Hazparne, Heleta edo Baigorri bezalako herrietan ere belar eta arku berdeak erabiltzen dira prozesioak apaintzeko.
Ikertzaileek azpimarratu dute erabilitako landareak ez direla ausaz aukeratzen. Erramua eta sahatsa babesarekin lotzen dira; iratzeak eta ezpata-belarrak, berriz, lurra “garbitzeko” eta prozesioaren bidea prestatzeko erabiltzen dira sinbolikoki.
Natura Besta Berritik San Joanera
Naturaren presentzia hori ez da Korpus jaietara mugatzen. San Juan ospakizunetan ere antzeko elementuak ageri dira Euskal Herrian: su-metak pizten dira, lizar edo gereziondo adaxkak jartzen dira etxeetako ateburuetan, elorri zuriaren adarrak sukaldeetan ipintzen dira, edo herrietako plazetan zuhaitzak altxatzen dira.
Tolosan, adibidez, San Joan egunean kaleak eta plazak lizar adarrekin apaintzea da ohitura. Adar horiek inguruko basoetatik hartzen dira goizean goiz, Udaberri dantza taldeko kideek bordon-dantzaren erritualaren parte moduan egiten duten moduan. Herrira lizar adarrarekin itzultzea bera eguneko errituaren parte da. Ondoren, kaleetan, plazetan eta etxeetako atarietan jartzen dira; eraikin publikoak eta komertzioak ere apaindu egiten dira. Lizar adarrek herria berdetasunez, freskotasunez eta naturaren usainez betetzen dute, eta jaiari izaera berezia ematen diote.
Zumarragan, berriz, Santa Isabel egunez, uztailaren 2an herri-gunetik Antioko baselizara bidean txistulari, ezpata-dantzari eta agintariak pasatzen duten hiriguneko azken kaleak belarrez eta lorez apainduta izaten dira.
Elementu horiek guztiak —sua, zuhaitzak, berdetasuna eta loreak— naturaren indarrarekin, babesarekin, konjuroekin eta ziklo berritzearekin lotu izan dira. Horregatik, Corpus Christi eta San Joan bezalako ospakizunak ez dira soilik erlijio-egutegiko jaiak: naturaren eta komunitatearen arteko lotura sinbolikoa berritzeko erritu kolektiboak ere badira.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Joana Artza
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Oier Araolaza on Buruzagi-makila, dantza gidatzen duen aginte-ikurra
- Dantzan on Ipurdian sua piztu eta hasi da dantza
- Dantzan on Ipurdian sua piztu eta hasi da dantza
- Mikel Sarriegi Etxezarreta on Ipurdian sua piztu eta hasi da dantza


